24 JUN. 2018 IRITZIA Futbola, territorio librea? amagoia mujika Maite dut futbola. Nire haurtzaroko eta gaztaroko parte garrantzitsua da. «Mutilen gauzak» gureak ere bazirela ikasi genuen futbolari esker. Desparekotasuna zer zen ere azkar sumatu genuen. «Zergatik erabili behar ditugu urtero guk kamiseta zaharrak eta mutilek berriak?». Hamabi urte betetzerako, konturatuak ginen zerbait oker zegoela. Aldageletan bizitako une asko ez ditut sekula ahaztuko. Ez zerbait irabazi genuelako –txar samarrak ginen. Batzuen esanetan, «oso txarrak»–, aldageletan josi genuen lagunartea oso berezia zelako baizik. Ez genuen ezer ospatzeko eta, aldiz, dena zen ospatzeko modukoa talde hartan. Urte ederrak. Gustuko dut futbol partida on bat ikustea, taldeen kolorea bat edo beste izan. Maite dut futbola, baina gorroto dut futbola. Jokalari izarren keinu nabarmenegiek urduri jartzen naute eta haien ilaje zelebreek egonezin handia sortzen didate, badakidalako hurrengoan ile-apaindegira joatean borroka neketsu bat izango dudala gure etxeko futbolero txikiarekin. Baina hori txorakeria galanta da beste guztiarekin konparatuta. Jokalari madrildar bat gustura dago entrenatzaile berriaren hautuarekin; «es bueno, tiene huevos» esan du. Selekzio espainoleko hautatzaile berriaren alabak –20 urte ingurukoa– animo beroak bidali dizkio aitari lan berrirako: «A echarle muchos huevos». Duela hilabete batzuk Sevilla taldeak fitxatu zuen entrenatzaile berriak honako aurkezpen txartela ekarri zuen: «He visto los ojos y los huevos de los futbolistas y los tienen rojos y blancos». Zer pasatzen zaio jende honi arrautzekin? Duela hamarkada bat, agindu hau eman zion orduko hautatzaile espainolak jokalari bati: «Dígale al negro que usted es mejor». Eta duela hilabete batzuk Estatu espainoleko futbol-zelai batean gazteen mailako partida batean marrazainak (emakumea) honakoa entzun zuen, beste perla askoren artean: «Yo me la follaba y le metía el banderín por el coño hasta que le saliera por la boca». Partida ikusten ari zen 13-14 urteko mutil kuadrilla batengandik jaso zuen desio berezi horren berri marrazainak bere lana egiten ari zen bitartean. Bildutakoak erositako prezioan saltzen ditut, espainolez. Futbolaren alderdi sutsu horrek hizkuntza ere baduelako. Horregatik, oraintxe, maite baino gehiago, gorrotatu egiten dut futbola. Zentzudunena dirudiena ere erotzeko gaitasuna dauka, pasioak zerotik ehunera eta ehunetik zerora eramaten dituen zirimola arriskutsua bihurtzen baita askotan. Futbolaren aterkipean, libre dabiltza matxistak, homofoboak, arrazistak... Futbolaren etiketarekin okerkeria aldrebesenak barkatzeko modukoak bihurtzen dira, «futbola horrelakoa da, ez da hainbesterako...». Tamalez, matxismoak, arrazismoak, homofobiak eta hainbeste min eragiten duten bestelako gaitz askok badute oraindik beren territorio librea: Futbola. Duela hilabete batzuk Sevilla taldeak fitxatu zuen entrenatzaile berriak honako aurkezpen txartela ekarri zuen: «He visto los ojos y los huevos de los futbolistas y los tienen rojos y blancos». Zer pasatzen zaio jende honi arrautzekin?