08 JUL. 2018 IRITZIA Borondate legala GALDER PEREZ Borondatezkoak izango dira migrazioaren gaineko politikak Europan. Hala erabaki zuten Europar Batasuneko buruek joan den astean, musu eta irribarre artean. Borondate zintzorik gabeko arnasa lasaia eta aberatsa hartu zuten agintariek, hortaz. Baina borondatea eta legeak ez dira zintzoak. Arauek ez dute borondaterik, sentimendurik, bihotzik. Lohiaren gero eta antz handiagoa hartzen ari da hirukote ilun arriskutsu hori: boterea, borondatea eta araudia. Interes ekonomikoek eta boterearen betikotasunak mugitzen dute Europako agintarien borondatea, ez beste ezerk, ez pertsonek, ezta eskubideek ere. Pertsona legalez ari gara, jakina. Agintariek, beraiek legezkoak ez izan arren, zein pertsona den legezko edo legez kanpoko esateko ahalmena dute. Euskal Herrian gehiegi ezagutzen dugu legez kanpo uztearen borondatezko jolasaren arriskua. Komunikabideetan Mediterraneotik iristen diren (edo zientoka hiltzen diren) migratzaileen irudiak agertzen zaizkigu sarri-sarri. Gurera ere migratzaile taldeak iristen dira. Galduta iritsi, gainera. Zehazki non dauden jakin gabe, abandonatuta uzten baitituzte zeharkaldi luze eta ilun baten erdian. Europako beste herri batzuetan jarrita dute pertsona horiek esperantza, eta iristeko borondatea. Horrela, gure herria geraleku soila baino ez da, beharrezko duten tokia; jana, adeitasuna eta duintasuna eman behar zaie, diegu. Instituzioek egun gutxirako bada ere, ezetz diote. Bertan gau parea pasatzeko ere lekurik ez dagoela. Errugbia ikustera etorri zirenentzat, ordea, bai. Kiroldegietan kanpin dendak jarri zitzaizkien. A, egia da, migratzaile horiek ez datoz zerbezak edan eta pintxoak jatera. Ez dute harrera-hiririk merezi, antza. Gure agintari arduratsu eta arretatsuak lanpetuegi daude justiziaren borondateari begiratzeko azken denboran. Izan ere, nahiago dute edari energetikoen igerilari saltari elitistak titaniozko museoren ondoan hauspotu edota hiri gaineko mendietan gazte europarrak mozkortu eta liluratzeko zerbeza jaialdiak antolatu. Borondatez. Borondatea eta erantzukizuna irudikatuz, Hungariako presidenteak Alemaniakoari eskuan musu ematen dio, printze eta printzesak izango balira bezala. Gure alkateek ere ziur halako argazkietan egon nahi luketela. Hori baita haien benetako borondatea, ipuinetan bezalako loriak eta loreak. Baina enperadorearen traje berria gero eta ageriago geratzen ari da. Pertsonak bidean botata eta biluzik utzi nahi dituztenen borondaterik eza euren kontzientzia biluziaren borondate legala baino ez da. Jostun garen herriok orratzarekin ipurdia sastatzeko garaia dugu, borondatez, indarrez. Herri mugimenduaren borondatearen botereak zaintzen ditu bitartean gurera datozen migratzaileak. Hori da benetako borondatea. Botereak eta legeak aitzakiarik ez duten borondaterik ezak dira eta mina ematen duten orratzak. Jostun garen herriok orratzarekin ipurdia sastatzeko garaia dugu, borondatez, indarrez. Herri mugimenduaren borondatearen botereak zaintzen ditu bitartean gurera datozen migratzaileak. Hori da benetako borondatea.