7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Ardurak


Bigunak, ahulak omen gara euskaldunak; ukitu ordurako hasten omen gara kantari, dena esaten alegia. TV3 telebista katalanean esan zuen Manuel Pastrana guardia zibilak duela hamabosten bat egun. «Ez duzu kafe batera gonbidatuko; ahal den moduan atera behar zaio...», erantzun dio aurkezleari, atxilotua jotzea ohikoa al den galdetuta. «Torturak dira...?», berriro kazetariak. «Jakina», guardia zibilak; «Espainian nahiko ondo tratatu izan dira [atxilotuak], baina euskaldunak, orokorrean, ahulak dira, apur bat ukitu orduko kantatzen dute», zehaztu du.

Larderiak bistaratzen duen giza izaeraren ezpalik zikinenetako bat, torturatzaileak torturatuari egiten dion barrea dela iruditzen zait. Eta hemen barre dezente egin zaie torturatuei. Hemen oso oraintsu arte instituzioetan, telebistako tertulietan... torturak ukatu egin baitira eta torturatuari ez entzunarena eta ez ikusiarena egin zaio. Hemen, torturatuak auzipetu egin dira torturak salatzeagatik, eta hango eta hemengo instituzioek eta komunikabideek mespretxu egin diote torturatuari eta bere kontuei. Eta horretan guztian inolako ardurarik ez balu bezala jarraitzen du zenbaitek, ongiaren eta gaizkiaren gainetik; torturatzailea norbait inpertsonala eta tortura zerbait abstraktua balitz bezala, denoi lezioak eman nahian jarraitzen du zenbaitek.

Denok genekiena, askok bere narruan frogatu dutena eta beste hainbatek isilarazi nahi izan dutena kamera aurrean aitortzea baizik ez du egin Manuel Pastrana guardia zibilak. Torturak isilarazi nahi izan dituztenen artean daude euskal instituzioak, eta ongi legoke, egiaren eta elkarbizitzaren mesedetan lihoake eta eredugarri litzateke instituzio horien aldetik, tortura lekuetako atean argi eta erraz irakurtzeko moduan ipiniko balute, letra larriz, «Hemen nahierara torturatu dugu» adibidez, edo, «Euskaldun ahulak torturatu ditugu hemen», edo horrelakoren bat. Ukatu eta isilarazi nahi izan dutena argi aitortzeko ardura har dezatela behingoz. Egindakoaren edo eginarazitakoaren edo babestu duten horren ardura har dezatela.

Elkarbizitza santuaren izenean pausoak beti besteei eskatzen aritzea baino duinago iruditzen zait, Oier, eta instituzioetako ordezkarien zintzotasuna erakusteko baliotsuagoa litzateke.