09 SET. 2018 KONTxako bandera 2018 Tosta artekoen oilo ipurdia Arraunaren aurpegirik humanoena dira; tostartekoaren oilo ipurdi eta negarra. Kontxako Bandera ur gaineko lehia izanagatik, irail hasierako hitzordua oso bestelakoa litzateke zaleek eta afizioek osatzen duten mosaiko koloretsurik gabe. Eta, zalantzarik ez da: zaleak ezagutzea termometrorik onenetakoa da arraunaren unibertsoa ulertzeko. Itzea Urkizu Bizitzan beste edozerekin gertatzen den bezala, hamaika modu daude arrauna ulertzeko eta bizitzeko. Beste hainbeste arrazoi, itsaso gaineko dantzarengatik grina neurrigabea sentitzeko eta, estilo kontaezinak, pasio hori erraietatik kanporatzeko. Ama, lehengusu, lagun, bizilagun, seme edo ikaskide, zaleak ezinbesteko dira arraun munduaren paisaian eta, batez ere, Kontxako Banderako hitzorduan. Aquarium aurreko arrapala begiratokirik pribilegiatuena bilakatzen da, badiak eta itsaso zabalak berenak eman dituztenean; han, denek irabazten dute, baita itxaropena galduta lehorreratu direnek ere. Eta zaleen txaloak dira horren errudun: aldameneko herrikoei, urrun samar bizi direnei, bihotzeko koloreari edo aspaldian lankide izandako haren taldeari. Guztiei, txalo. Begiratokiak ahalbidetzen baitu, zalearen begietatik, arraunlariaren aldartea irakurtzea. Estropada biribila eginda ere, bigarren igandean lana errematatu nahi duenaren irribarre neurtua; irabazteko helbururik gabe uretaratu, baina hogei minutuko saio hori jokatzea garaipen duenaren poza; iazko loriak errepikatzera irten, eta animoa lurpean itzulitako taldea; edo joko arauen zirrikituek piztutako sua begietan daramana. Joan den igandean hori guztia usain zitekeen Donostiako portuan, bai. Afizioarekin batera, arraunaren paisaian bai ala bai sartu beharreko irudiak baitira, porrotarena, iritsi ezinarena, lehia neurriz kanpokoarena nahiz istiluena. «Kontxa Kontxa da», hala diote zaleek eta, besteak beste, bada horrelako kontuengatik ere. Bazirudien idatzita zegoela, ia-ia, 2018ko Kontxako Bermeoren garaipena. Iaz itsasoa haserretu bazen, ordea, aurten ontzi barrukoei piztu die haserrea, estropada bakarraren araudi bakarrak. Ontzi azkarrenen zerrendan egotetik azken lerrora pasata –edizio hau ixtean argitzeko zegoen bermeotarrek alegazioa jarriko ote zuten–, naturak emandako txoko idiliko horretan arraun egitearen zaporea dastatu beharko dute gaur, besterik ezean. Kontrara, San Juaneko batelerak bosgarren garaipena dastatzera uretaratuko dira portu zaharrean, arrosa eta harroxa. Ekainetik hona asteburuero bezala, gertu dituzte horiak, eta baita Galiziako arraunlariak ere. Baina lau garaipenen dirdirak erakusten du buru hotz eta grina bero mantentzen, akatsik gabeko saio bat osatzeko. Film onenek izaten dituzte bigarren zati ederrak eta, kontuak kontu, ikusi egin beharko da gaurkoak zer ematen duen: segundo bakarra bi ontziren artean banatu beharrak estropada puskatu edo bukaerara arte hari batetik zintzilik jartzen duen; sei segundoko aldea biderkatu eta historiari paragrafo txiki bat idatziko ote dioten; edo, amorruaren amorruz, zenbaitzuek kronoak puskatuko ote dituzten. Edozer dela ere, izan dadila arrapala, kirolarien oilo ipurdi eta negar. Hitz egin dezala, zaleen euforia kolektiboak. Joxemari Olasagasti, Orioko jarraitzailea «Arraunarekiko sentimendu hori kontrolaezina da» Iaz pozaren aparretan amaitu zuten oriotarrek Kontxako estropada. Kasualitatearen dantzak, ordea, Donostiatik kanpo harrapatu zuen Joxemari Olasagasti oriotarra, bigarren jardunaldian. Barre artean aitortu du aurten berriro kanpora joateko eskatzen ari zaizkiola batzuk. Izan ere, Orion hogei minutuko lan saiotik askoz haragokoa da Kontxako Banderaren indarra: «Txikitan Igeldotik barrena joaten ginen estropadak ikustera eta, orain ere, herria hustu egiten da egun horietan». Sortzetikoa duzu arraunzaletasuna? Baietz esan daiteke, etxean beti izan dugu arraun giroa. Aitona, aita eta anaia bat arraunlariak izan dira, eta beste anaia bat arraun elkarteko presidente izan zen hainbat urtez. Ni 1986 inguruan hasi nintzen elkartean, eta alaba Orioko traineruan dabil orain. Zer dauka arraunak? Ez dakit, guretzat nortasun moduko bat da, oriotartasuna azaltzen duen zerbait; nik hala sentitu izan dut, behintzat. Urte gutxian asko hazi da Orio, eta ez dakit bizilagun berriek zer-nolako sentimendua izango duten arraunarekiko. Baina, ni ibiltzen naizen inguruetan, arrauna hizpide izaten da urte osoan, arrauna bere osotasunean jarraitzen dugulako: batelak, trainerillak nahiz arraunketa olinpikoa. Dena den, egia da uda garaian jende gehiagori pizten zaiola arraunarekiko kezka edo interesa. Nortasun arraunzale hori eta harrobia eskutik doaz? Bai. Uste dut, Orion, naturak emandako tokiak ahalbidetzen duela hori. Neska-mutil askok proba egiten dute gaztetxotan arraunarekin, eta gustatzen zaionak jarraitu egiten du. Hor sekulako lana egiten du klubak. Zure gaztarotik hona nola aldatu da arraun mundua? Batetik, asko erregulatu da arrauna. 1990eko hamarkadan-eta, gonbidapen bidez iristen zen estropadetan parte hartzeko aukera, eta zenbait taldek zailtasunak izaten zituzten, gonbidapenik jasotzen ez zutelako. Ontzi eta talde gehiago sortzen joan diren heinean, arautu egin da, mailak eta ligak sortuz. Emakumeen arraunaren hobekuntza ere hortik etorri da, nire iritziz. Orain arte nebulosa moduko batean zeuden, baina, orain, ontzi guztiak sailkatuta daude eta badakite zein helburutara iritsi behar duten. Bestetik, ordea, arraunlariek jasotzen dituzten ordainsariak ez datoz bat kirolak izan duen garapenarekin. 1990eko hamarkada hasieran sariak askoz ere handiagoak izaten ziren; baziren 700.000 eta 500.000 pezetako saria zuten banderak. Emakumeena aipatu duzu. Traineruan, zer-nolakoa izan da orain arteko ibilbidea? Emakumeen arrauna ikaragarri hazi da, eta zoragarri egiten duten arraunean. Ordea, uste dut arrauna bizitzeko moduan eman behar dituztela aurrerapausoak: irabazle izan nahi duenak edo goi mailan ibili nahi duenak, ia erabateko dedikazioa eskaini behar dio kirol honi. Gero eta talde gehiago ari dira bide horretan, eta uste dut urteen poderioz errotuko dela diziplina hori ere. Orion, aspaldi jarri zineten iraileko lehen bi igandeei begira?Bai, hemen alferrik da. Ezer baino lehen sailkatu egin behar izaten da eta, hortik aurrera, Kontxan, erabateko ilusioz beti. Donostiako Bandera desberdina da. Zergatik? Ligak garrantzia hartu du, eta oraindik ere pisu handiagoa hartuko du, baina Kontxak beste zerbait dauka. Tradizio handiko Bandera da, urteetan eta urteetan jokatutakoa. Garai batean, gainera, urtean hiru edo lau estropada baino ez zituzten jokatzen, eta horietako bat izaten zen Donostiakoa. Estropadaren garrantzia belaunaldiz belaunaldi transmititzen joan da, eta zeresanik ez Orion: ez da familiarik izango, Donostian estropadaren bat jokatu edo irabazi duen seniderik gabe. Eta horrek unibertso oso bat sortzen du, arrauna ez delako uretako lehia jokatzea bakarrik. Bandera bakarra eta hiru hitzordu. Nola bizitzen dituzu? Ostegunean, sailkapenaren egunean, ohitura dugu Donostian bazkaltzeko. Arratsaldean portura goiz joaten naiz, argazkilaritza gustatzen zaidanez, portuko saltsa hura dastatu ahal izateko. Gero, denborak hartzen-eta ibiltzen gara eta, pintxo pare bat janda etxeratzen gara. Igandeetan ere, ahal baldin badut, beti joaten naiz. Askotan egin izan dugu negar, desastreren bat gertatu delako, edo irabazi egin dugulako. Arraunarekiko sentimendu hori kontrolaezina da, eta noizbait aztoratu ere egin izan naiz, nire onetik atera. Zuentzat hain ohikoa den pasioa, oso deigarri suerta daiteke beste zenbait tokitan. Bai. Oriotarra ez den jende asko harritu egiten da, arrauna bizitzeko dugun moduagatik, baina txikitatik horixe jan dugu. Irabazteko grina izan du beti Oriok, eta arrauna kirola baino askoz ere gehiago da hemen, nik halaxe bizi izan dut beti. Afizio zorrotza al da oriotarra? Garai batean bai, oso exijentea. Jende askok daki arraunaz, eta desadostasunak azaleratu izan dira. Hala ere, gaur egun lehen baino onartuago daukagu gainerako taldeek ere irabazteko entrenatzen dutela. Gainera, niri poza ematen dit oriotarrak beste talde batzuetan irabazteko eta arrauna bizitzeko grina hori transmititzen ikusteak ere. Zaleak ezinbesteko al dira? Urtean zehar estropada asko eta asko jokatzen dituzte ia zalerik gabe. Ez ditut banan-banan sekula kontatu, baina estropadak ikustera joaten den zale kopurua jaisten ari dela iruditzen zait. Donostiara ere, askoz ere jende gehiago mugitzen zen lehen, baina orduko egoera bestelakoa zen: 1970eko hamarkadan, Gipuzkoako kirol hitzordu garrantzitsu bakanetakoa zen Kontxa, eta zaletasun berezirik ez zutenek ere joateko ohitura zuten. Gainera, Donostiako Banderak beste esanahi bat ere izan zuen, Francoren garaian. Euskal festetan antolatzen zuten estropada, eta jende askorentzat bilgune bilakatzen zen, aspaldian ikusi gabeko senideekin-eta elkartu ahal izateko. Orain ez da halakorik, baina Kontxa beti Kontxa izango da, nire bizitzan behintzat bai. Ana Ormaetxea, Urdaibaiko jarraitzailea «Argazkietarako oso hitzordu estetikoa da Kontxa» Arraunlarien pare, urtarriletik irailera aritzen da Ana Ormaetxea bermeotarra; tostatik aritu beharrean, ordea, kameraren atzean. Bermeo Arraun Argazki-ko kideetako bat da (bermeoarraunargazkiak.blogspot.com), eta sekulako datu basea osatzen dihardute, azken hamarkadan: «Argazkilari profesional nahiz amateurrek egiten duten lana txalotzekoa da, betiko dokumentuak uzten baitituzte». Objektibotik arraunaren alderik humanoena izoztea maite du, eta halakoxea da, hain justu, arraunera lotzen duen soka ere: odolezkoa. 2008an bi semeri jarraika hasiz bilakatu dira zale amorratu, eta gaur egun Urdaibain buru-belarri aritzen dira. Kontxa urteko estropada garrantzitsuena izateaz gain, urteko estropada estetikoena ere badela dio, arrapalak hartzen dituen koloreengatik; hori bai, lilura pizten dio bakoitzak bere taldea sutsuki animatzeak. Nola moldatzen zarete hainbeste estropadatara joateko? Kilometroak eginez. Urdaibaiko bigarren ontzia jarraitzen dugu gehien, KAE-2 mailak ez duelako halako jarraipen mediatikorik; TKE ligara ere joaten gara, ordea, semea ikusteagatik. Gero, dena grabatzen dugunez, sekulako irudi overbooking-a izaten dugu asteburuero! Irabazleari merezi duen omenaldia eskaintzen diogu, bideo batekin. Gainerako arraun taldeek asko eskertzen digute hori. Bermeon, nola bizi duzue arrauna? Uste dut jarraitzaile jatorrak garela [barreak]. Nik ez dakit beste herrietan nola biziko duten, baina hemen asko jarraitzen da. Peñak antolatzen ditu estropadetara joateko autobusak, eta asteburuero batera joaten dira. Iazko Kontxara, adibidez, zazpi autobus joan ziren. Bakoitzak bere taldeari animoak ematea oso polita da. Bakarrak irabazten du, ez da besterik, baina horrek ez du esan nahi gainerakoek galdu egin dutenik. Irabaztera ohituak zaudete Bermeon. Bueno, bai, sei liga irabazi ditugu. Eta Kontxa... Niretzat Kontxarik hunkigarriena 2010ekoa izan zen, lehenengoa. Gogoan dut seme zaharrena negarrez nola egon zen; memorian iltzatuta daukat egun hura. Gero etorri ziren beste Kontxak, eta beti da hunkigarria Bandera irabaztea. Iaz ere, Oriok irabazi zuenean, ikusgarria izan zen arrapala nola jarri zen. Magia berezia du? Leku paregabea iruditzen zait estropadak ikusteko. Eremua eta arrapala oso gertu daude, eta aukera dago taldea agurtzeko eta, aldi berean, estropada jarraitzeko. Goizean goizetik joaten gara, lehenengo emakumeak agurtzea gustatzen baitzait, irudiak hartuz. Irteeran, harrigarria da hango isiltasuna eta kontzentrazioa; jendearen txaloek bakarrik apurtzen dute. Bukaeran, aldiz, dena da iskanbila. Polita da benetan, eta koloretsua; arrapala arrosaz dago bat-batean, gero horiz, gero urdinez... Hori ez da gertatzen beste estropadetan. Gehienetan, ez da aukerarik izaten arrapalako harrera hori egiteko, eta Donostian egun horietan egoten den giroa paregabea da, noski; jai giroa izaten da. Arraunaren egunak dira, zure ustez? Kontxa estropada guztien ama da, nolabait; arraunaren olinpiar jokoak direla diote. Denek irabazi nahi dute Kontxa. Ligak erregulartasuna saritzen du, baina Kontxak beste zerbait dauka. Entrenatzaileek talderik txukunena eta indartsuena aukeratzen dute, eta denak joaten dira irabaztera. Egun horietan, nola antolatzen zarete argazkiak eta bideoak egiteko? Ez da erraza, arrapalan egonda, gero lekua galtzen baituzu paseotik lehia jarraitzeko. Lehen, senarra harmailan jartzen zen, horrek lekua ziurtatzen baitizu. Baina, orain, harmailaren gainean jartzen da, mendian, eta den-dena hartzeko aukera izaten du handik. Nik, berriz, arrapala gainean tripodea jartzen dut lekua hartzeko, eta ingurukoei esaten diet itzuliko naizela; uretaratzeen irudiak hartutakoan, hara itzultzen naiz. Zein da argazkitan harrapatu izan duzun momentu kuttunena? Besarkada asko ikusten dira, eta oso hunkigarria da. Blogean badut “Besarkadaz besarkada” izeneko bilduma bat; patroia tostaz tosta joaten da arraunlariak besarkatzera, edota irabazleek beren senideak besarkatzen dituzte. Izan ere, arrauna oso kirol zeremoniatsua da, eta argazkitarako lagundu egiten du horrek: trainerua prestatu, estropuak hartu, neurriak ondo jarri, ontzia uretara eraman, eta patroia bizkar gainean hartu, busti ez dadin. Irabazitakoan, berriz, bandera jaso eta arraunak altxatu. Eta, Kontxako estropadan, lehorrera iritsitakoan, jarraitzaile guztiak zain izaten dituzte arraunlariek, irabazi edo ez. Eta estropada bera ere oso estetikoa da, sinkronizazio kirola baita. Goiztiar ibiltzen zara, emakumeen irteera jarraitzeko. Aurten saria berdinduko diete. Bai. Badoaz aurrera baina, oraindik ere, pausoak eman behar dira. Batzuk, gizonen moduan lau luzeko estropadak jokatzea aldarrikatzen ari dira, trainerilletara bitarte, gizon eta emakumeek luzera berbera jokatzen baitute. Baina, horrek asko luzatuko luke estropada bakoitza, eta pentsatzen dut telebistako emankizunak zeresan handia duela hor. Bi liga sortu dira eta gero eta emakume gehiago ari da arraunean, baina gehiago bultzatu behar da emakumeen arrauna. Eta zaleak ere irabazi dituztela dirudi. Beti gizonen aurretik aritzen direnez, jendea hor izaten da ordurako, hori bai. Baina badira zale amorratuak, San Juanekoak, adibidez. Noski, irabazten denean, jarraitzaileak biderkatu egiten dira. Zale izatea gauza bat da, eta zale eta guraso izate bezala beste bat izango da, ezta? Urduritasuna askoz ere handiagoa da, eta pozak eta penak ere bai; Zarauztik kopetilun itzuli ginen [barreak]. Baina 8 segundo ez dira ezer itsasoko estropada batean, baldintza asko baitaude tartean: haizea, kalea, korrontea... Joan den urteko Kontxako irudiak ikusi besterik ez da egin behar: Gorka Aranberrik olatua hartu zuen, Urdaibai geldi-geldirik zegoen bitartean. Oriok minutu hartan irabazi zuen Kontxa. Arraunaren xarma, ezta? Bai, noski. Ezer ez dago erabakita, eta bigarren jardunaldian ere jokatu egin behar izaten da; horrelakoxea da arrauna. Denak joaten dira irabaztera, denek entrenatzen dute, eta denak dira Kontxarako hautagai. Itziar Agirreurreta eta Joxe Javier Urkola, Donostiarrako jarraitzaileak «Arraunak tira egiten du» Duela ez hainbeste urte, Oria ibaia batel estropaden lehia eremu bilakatzen zen Gipuzkoa barrualdean ere, Tolosan. Itziar Agirreurreta eta Joxe Javier Urkola anoetarren oroitzapenetan ez da tostako arraunari loturiko oroitzapen zaharragorik eta, Donostiako Banderaren oihartzuna lehorreko bailaretaraino iristen bazen ere, alabak sartu ditu, bete-betean, arraun munduaren uberan: 2008ko emakumezkoen lehen Kontxako estropada hartan Tolosaren izenean uretaratu zuten ontzia, eta Getaria-Tolosa traineruan zaildu eta gero, Donostiarran aritzen da orain. Ez dira apustuak egin zaleak, eta gutxiago Donostiako badiaren magia tartean denean. Hala ere, argi dute San Juaneko bateleren eskuak gainerakoenak baino zertxobait gertuago daudela bandera ukitzetik. Gainera, kostaldeko herrietan hain ezaguna den profezia ere ezagutzen dute: Zarauzko bandera irabazten duenak irabazten omen du Donostiakoa. Pronostikoak alde batera utzita, poz handia hartuko lukete Donostiarra lehenengo lau ontzien artean sailkatuko balitz. Zerk gerturatu zaituzte arraun mundura? J.J.U.: Alabaren aitzakian hasi ginen arrauna jarraitzen, duela hamar urte inguru. Ordura arte, ez genuen arraunaz ia ezer ulertzen baina, orain, ia-ia, bera baino gehiago dakigu! [barreak]. Denbora tarte batean arrauna utzi zuen alabak, baina bere lagunek beste talde batzuetan jarraitzen zutenez, guk zaletasunari eutsi egin genion, haien atzetik. Arraunak tira egiten du; guri tira egiten zigun, eta alabari ere bai, eta esango nuke horregatik hasi zela berriro. Zer du, bada, arraunak, hainbeste tiratzeko? J.J.U.: Giro izugarria sortzen da estropaden bueltan. Ikusi, estropada bat hobeto ikusten da telebistaz, baina pantailaz bestalde ez dago bertan egoten den girorik; asko gustatzen zaigu. I.A.: Eta, gainera, inguruko herritar batzuk ere aritzen dira arraunean. Lehenengo, etxekoen bitartez, harrapatu egiten zaitu eta, gero, hau hemen dabilela eta beste hura han dabilela, asterokoa jarraitzen hasten zara, ia konturatu gabe. Pixkana, kirol horren inguruko unibertsoa ezagutzen duzu. Eta, esandakoa: portuetan-eta sortzen den giroa izugarria da, eta estropadak jende ezagun askorekin elkartzeko gune ere bilakatzen dira. Behin lehia hasitakoan, urduri jarraitzen dituzue traineruak? I.A.: Bai, egia esan, bai. Hasten direnean ez, iristen direnerako urduri jartzen naiz ni: uretan sartzen direnean, irteera puntuan jartzen direnean, irteera ematen dietenean... Haizeak eta itsasoaren egoerak ere eragiten dio urduritasunari, noski. Bukatzen duten arte, estualdia pasatzen dut nik, batzuetan oihuka, besteetan isilik. J.J.U.: Hori, gehienbat, Kontxan gertatzen zaigu, baldintzak oso aldakorrak izaten baitira. Itsasoak edo haizeak zeresan handia izaten dute. Eta Kontxa, Kontxa delako ere bai, ezta? I.A.: Bai, banderarik bereziena izan da beti, bandera ospetsuena da, eta hori ez da alferrik izaten. J.J.U.: Alaba hasi aurretik ere jarraitzen genuen Kontxa; beste estropadak ez. Eta, 2008an, emakumeek lehenengoz parte hartu zuten Kontxako Banderan, eta alaba tartean zen. Gogoan dut itsaso ikaragarri txarra izan zela, eta gu han goian geundela begira, urduri samar. Nola bizi dituzue Kontxako Banderako jardunaldiak? J.J.U.: 9:00 inguruan trena hartu, eta Donostiara joaten gara, egun osorako. Aurrez trapu edo pankartaren bat ere egiten dugu. I.A.: Hara iritsitakoan, alabari arrapalan kasu egin, animoak eman eta uretaratzea ikusten dugu lehenengo. Eta, ondoren, animatzera. J.J.U.: Batzuetan tabernara gerturatzen gara, aitzakia horrekin hamaiketakoa egin, eta amaitutakoan arrapalara azkar gerturatzeko. I.A.: Eta han denetik egin izan dugu: barre eta negar. Baina une oso polita izaten da, berezia. Nolabait, denboraldia biribiltzen duen estropada da Kontxakoa, eta jende askok eguna gordeta izaten du, hara joateko; baita lehorreko jende askok ere. J.J.U.: Kontxakoa egun handia da, zentzu guztietan. Arrauna arrauna litzateke, afiziorik gabe? I.A.: Kostaldean ez. Sekulako zaletasuna dute, batez ere, trainerua duten herrietan. Barru-barrutik bizi dute kirola. Gainera, guk ezagutzen dugunagatik, oso giro sanoa da arraun munduaren ingurukoa. Zuek barrualdekoak izanda, arraunarekiko pasio horrek harridura sortu zizuen hasieran? J.J.U.: Egia esan, bai. Edozein igandetan Oriora joan besterik ez dago, adibidez: taberna guztietan arrauna jarrita izango dute telebistan, eta herritarrek ez dute beste konturik eta kolorerik izango. Kontrara, gure bailaran ez dago halako grinarik, eta Anoetako neska bat arraunean arituta ere, inor gutxik jarraituko du asteroko lehia hori; askotan, tabernetan eskatu egin behar izaten da estropadaren emankizuna jartzeko. I.A.: Dena den, aipatzekoa da TAK Tolosaldeko Arraun Klubak gure eskualdean sortu duen zaletasuna. Gaztetxotan hasten dira neska-mutilak, eta gurasoak inplikatzen dira; zaletasuna pizten da, finean. J.J.U.: Aurten, gainera, Tolosaldeko trainerua osatu dute, eta askok uste baino maila hobea ematen ari dira, jende oso gaztearekin. Herriko edo inguruko erreferentziak izatea ezinbestekoa da, bai harrobia sendotzeko, bai afizioa sortzeko. Hamar urteotan nola ikusi duzue emakumeen arraunaren garapena? I.A.: Gure kasuan, arraunari begiratzeko modua aldatu da. Alaba eta haren lagunak jarraitzen hasi ginen, eta bagenuen nor animatu eta nor jarraitu; haiek irabaztea nahi genuen. Gerora, alabak arrauna utzi zuen garaian, Tolosaldeko beste arraunlariak animatzen genituen, zeuden taldean zeudela. Esango nuke emakumeen arrauna aldatu egin dela, eta zaleak hasiak direla beharbada hasieran ematen ez zioten garrantzia aitortzen.J.J.U.: Aurten bi ligatan aritu dira taldeak, eta Kontxan ere, estreinakoz, zortzi traineru ari dira lehian. Zalantzarik gabe, emakumeen arraunak indarra hartu du.