Joxean Agirre
Entrevista
Riccardo BErtani

«Bost urtez joan nintzen eskolara eta gaizki pasatu nuen. Eskola erakunde irentzailea da»

Caprara herria Boloniatik Modenara doan autobidearen ertzean dago eta Campegine herriko auzoa da. Bertan bizi diren 700 bizilagunetatik zaharrenek reggieraz hitz egiten dute, eskualdeko dialektoan alegia, eta guztiek dakite, noski, italiera. Bada, ordea, bizilagun bat, 88 urteko baserritar bat, ehun hizkuntza inguru ikasi dituena. Riccardo Bertani da haren izena eta elkarrizketa zalea ez bada ere, Googlen edo Youtuben aurki daitezke harekin egindako ale batzuk. Guk bere etxean aurkitu genuen. Autoa aparkatzen ari ginela agertu zen atean eta «Ah, i baschi» egin zuen oihu besoa altxatuz, diosal modura, eta bastoia eskuz aldatuz bostekoa luzatu zigun.

Esan dugu ez dela elkarrizketa zalea. Boloniako eta Veneziako unibertsitateetan Etxepare Institutuarentzat lan egiten duen Iñaki Alfarok lagundu zigun hitzordua lortzen. Horretarako, ordea, ia-ia geure bizitza osoa kontatu behar izan genion idatziz Bertaniri. Iñaki Alfarok eta Nekane Iturregik egin zizkiguten itzultzaile lanak.

Riccardo Bertani Caprarako Rimondella kaleko lehen zenbakian jaio zen 1930ean eta bertan bizi da. Irudimenarekin bai, asko bidaiatu du: Siberiatik barrena ibili da hizkuntza galduen bila, Ural mendikatearen inguruan edo Kaukasoko mendietan ere bai eta azkenaldi honetan Patagoniako herri eta hizkuntzekin tematuta dabil. Bere etxeko atean bi mezu irakur daitezke: eskuinaldean metalezko plaka batean idatzirik, Campegineko Udalak 1996an hartu zuen erabakiaren berri ematen da. Etxea eta bertako ondarea hartu zituen bere gain eta ordainetan Bertaniren lan guztiak katalogatu zituen, mila bat izenburu. Bigarren mezua atearen ezkerraldean dago eta prosaikoagoa da: «Riccardo: dalle ore 14.00 alle ore 16.00 osserva riposo. Grazie». Siesta egiten duela, alegia.

Ez du oraingoa ohitura hori, gaztetan hizkuntzak ikasten hasi zenetik goizaldeko ordu txikietan, garai batean hiruretan, jaikitzeko ohitura hartu baitzuen. Berak prima mattina deitzen dio ordu goiztiar horri eta buruarekin lan egiteko ez dagoela hoberik defendatzen du. Jubilatu zenetik bostak aldean jaikitzen hasi zen, goiz samar jendearen ohiturak kontuan hartzera, eta, noski, arratsaldetan siestarako tarte bat behar du.

Rutuloa eta euskara. «Euskaldunok Ekialdearen semeak zarete», hasi zaigu hizketan eseri orduko. Euskaldunok bisitan gindoazela jakitun, gauza batzuk prestaturik zituen. Euskarari buruzko bere liburua, “Il dizionario rutulo-italiano e assimilazioni con la lengua basca”, bulegoko mahai zaharraren gainean pilaturik zuen eta ale bana eman zigun. Liburuaren tesia ez da berria: euskararen jatorri asiarra defendatzen du.

«Guk rutuloak Virgiliok ‘Eneidan’ kantatu zituelako ezagutzen ditugu. Errege erromatarrek konkistatutako tribu bat izan ziren. Baina jatorri asiarra zuten eta oraindik ere bizirik dago euren hizkuntza. Hogei bat mila lagunek hitz egiten dute Azerbaijan iparraldean eta Dagestaneko hegoaldean. Hizkuntzaren ikuspegitik uharte txiki bat dira, euskara den bezalaxe. Seguru asko jende horiek mendebaldera emigratu zuten eta Italiara iritsi ziren bezalaxe iritsi ziren Pirinioetara. Nik rutuloaren eta euskararen arteko loturak badaudela frogatu nahi izan nuen 2009an atera nuen liburuan», dio.

Baina gizon honek ba al daki euskararik?, galdetuko du irakurleak. «Nik ez ditut hizkuntzak hitz egiten. Errusiera izan zen ikasi nuen lehen hizkuntza eta egin nituen lehen itzulpenak ukraineratik egin nituen, eta segidan beste hizkuntza eslaviar batzuetara pasatu nintzen, tungu hizkuntzekin topo egin nuen arte. Errusiera, esate baterako, bizitza guztia aritu naiz lantzen. Garai batean egunero iristen zaidan ‘Pravda’ etxera eta Siberiari buruzko aldizkariak ere bidaltzen zizkidaten. Baina ez dut errusierarik hitz egiten, oso prozesu ezberdinak baitira idatzizkoa ikastea edo ahozkoa ikastea. Gauza bera gertatzen zait ikasi ditudan beste hizkuntza guztiekin. Areago oraindik euskararekin, lexikoaren mailako azterketa izan baitzen nirea. Nik italiera bakarrik hitz egiten dut eta hura gaizki», dio.

Alderaketa horiek egin ahal izateko hiztegiak erabili zituen gehienbat. Bere bulegoko apal batean Elhuyarren hiztegia ikusten genuen. «Ansorena izeneko euskaldun batek lagundu zidan materiala eskuratzen», erantsi du. Ansorena hori italiar emakume batekin ezkondu eta han bizi omen da, baina ez genuen beste atarramenturik atera.

Hizkuntza bat lantzen duen bakoitzean herrialde horretako kultura eta ohiturak arakatzen saiatzen da. Horren lekuko da fotokopiaturik ematen digun ipuin bati buruzko lantxoa. “Una legenda basca” du izenburua. Ilargiaren orbanei buruz J. M. Iribarrenek “Principe de Viana” aldizkarian argitaratu zuen ipuina hartu eta bere eskualdean kontatzen den beste batekin alderatzen du.

Riccardo Bertanik 88 urte ditu eta askotan aipatu izan ditu bere memoria harrigarriari buruzko zertzeladak. Alzheimerraren kontrako prozesua bizi duela esaten du. «Bai, bai. Dena gelditzen zait buruan. Memoriaren jazarpena da nirea», dio. Horregatik beharbada, gauza berak askotan errepikatu behar izan dituelako edo, gure erantzunei asperdura puntu batekin erantzuten die tarteka eta elkarrizketa aurrera joan ahala, bera hasi zaigu galderak egiten: euskararen egoera nolakoa den jakin nahi du, hezkuntzan zer-nolako lana egin den, Ipar Euskal Herriko egoera nolakoa den….

Eskolari gorrotoa. Riccardoren aitak, Albano Bertanik, Campegineko alkatetzan urteak eman zituen Bigarren Mundu Gerraren ondoren. Alderdi Komunistakoa zen eta errusieraz idatzitako lan batzuk zituen alderdiko liburutegian.

Riccardori, seme bakarra izaki, baserrian lan egitea egokitu zaio. «Oinarrizko heziketa bakarrik egin nuen. Bost urtez joan nintzen eskolara eta gaizki pasatu nuen, gorrotatzera iritsi nintzen. Azkenean ihes egin nuen eskolatik. Eskola erakunde irentzailea da». «La scuola è castrante», dio. Oso gaztea zela, ordea, aitak ekartzen zizkion liburuei esker hasi zen errusierarekin zaletzen eta «hizkuntzekin gereziekin bezala gertatzen da, bat ateratzen hasten zara eta beste bizpahiru ateratzen zaizkizu».

Elkarrizketa puntu honetan genuela agertu zen Luigi Rozzi. Riccardoren auzoko eta lagun gisa aurkeztu zuen bere burua. Idazkari moduko bat ere izan daiteke, zernahitan laguntzen diona. «Ni auzokoa naiz. Umetan eskolara bidean izotzarekin ere alkandorarik gabe belarra ebakitzen ari zela ikusten nuenean benetako siberiarra bera zela pentsatu ohi nuen», dio.

Bigarren Gerra bukatu zenean 14 urte zituen Riccardo Bertanik eta handik berehala hasi zen errusiera ikasten. «Orain museo bilakatuta dagoen Cervi familiaren etxean errusiar soldaduak gordetzen zituzten. Eskuadroi faxista batek etxe horretako zazpi anaiak fusilatu eta gero Riccardok berak itzuli zituen etxean gordetzen zituzten errusieraz idatzitako mezu eta gutunak. Bitxia da istorioa: Cervi familiarekin zuen harremanari esker hasi zen errusieratik itzultzen, jarraitu zuen Tolstoi edo Dostoievski errusieraz irakurtzen eta hasi zen Siberiako herri eta hizkuntzekin maitemintzen», dio Luigi Rozzik.

Hala ere, Bertanik egin zuen lehen itzulpen akademikoa ukraineratik egin zuen. Taras Shevtxenko poetaren lan bat izan zen, poesiarekiko duen zaletasunaren seinale.

Nola da posible, ordea, egunez nekazaritzan lan egiten duen gizon batek hainbeste hizkuntza ikastea? Zalantzarik ez dago adimen mota berezi bat behar dela, dohain batzuk. Baina horrekin batean borondate izugarri bat, Riccardo Bertani goizeko hiruretan jaiki izan baita urte askoan bederatziak arte hizkuntzak lantzen aritu eta ondoren egun argiz laboreak erein edo behiekin lan egiteko.

Bietan ezin dela ona izan esaten diogu. Gurean bagenuela Xalbador izeneko bertsolari bat onen artean onena, baina askok esaten dutenez, artzain gisa hain ona ez zena. Eta barre algara baten ondoren erantzuten du bera ere ez dela baserritar oso ona izan, lanean ari zenean ere burua Siberian edo Uraletan zuelako.

I sette fratelli. Nazien eta faxisten kontrako erresistentziak Italian utzi dituen mila eta bat istorio gogor bezain ederren artean bada bat Riccardo Bertanik ondo ezagutzen duena: Cervi anaien kasua. 1943ko azaroaren 24tik 25erako gauean faxisten patruila bat sartu zen cervitarren etxean eta zazpi anaiak eta aita eraman zituen preso. Handik hilabetera, abenduaren 28an, fusilatu zituzten zazpi semeak Reggio nell’Emiliako tiro poligonoan. Aitak, Alcide Cervik, espetxean jarraitu zuen eta ez zuen izan heriotza horien berririk, harik eta poliki-poliki berriaren zantzuak iristen hasi zitzaizkion arte. Urteak zeramatzaten nazien kontra lehenik eta faxisten kontra ondoren borrokan. Errusiar soldaduak nahiz atzerritar partisanoak gordeta edukitzeko sare bat ere bazuten. Alcide Cervi hil zenean haren aldeko agurrean 200.000 pertsona bildu zirela kontatzen dute.

Gaur cervitarren etxea partisanoen borrokari buruzko memoriaren museo bat da, baina ez hori bakarrik, Cervi anaiak kooperatibismoaren eta nekazaritza arloko aurrerapenetan aitzindari izan baitziren (eskualdeko lehen traktorea haiek ekarri zuten), eta museoak garaiko nekazaritzari buruzko testuingurua ere eskaintzen du.

Cervi anaiei buruz film bat egin zen eta eleberri pare bat idatzi. Partisanoen kantutegian ere behin baino gehiagotan aipatzen dira. Museoa Gattatico eta Campegineren arteko mugan dago.

Riccardo Bertani mutikoa zen gertakari horiek izan zirenean, baina ondoren museoarekin harreman estua izan du. «Cervi anaien irakurketei buruzko liburu bat ere idatzi nuen», dio.


Oihartzuna. Siberiako herriei eta hizkuntzei buruzko dozena erdi bat liburu baditu argitaraturik eta Siberiari buruzko aldizkarietan idatzi izan du, baina ez da egundo hara joan. «Ez da bere bulego honetatik aldentzen, baina bere burua munduan zehar dabil hegan, ez da gelditzen», dio Luigi Rozzik. Azkenaldian Patagonian barrena dabil. Eta Bertanik berak “El Clarin” egunkariak berriki egin dion elkarrizketa luze baten fotokopia eman digu. Bere lanak izan du oihartzunik, baina ez da bera Capraratik mugitu, salbuespen bakan batzuk kenduta. 1976an Florentziako Unibertsitateak gonbidatuta hiri horretan izan zen Ekialdeko Hizkuntzen Institutuan hitzaldi bat ematen eta 1998an Milaneko Unibertsitate Katolikoaren Komunikazioari buruzko Nazioarteko Laborategian. Eta Erromako Fiumicinon ere izan zen behin Franco Battiatok gonbidatuta. «Battiato kantari siziliar famatu bat da. Bertani ezagutzeko gogoa zuen eta kazetari talde batek antolatu zuen bilkura. SESBera eta Bulgariara ere gonbidatu zuten, baina ezetza eman zien», dio Rozzik. «Beharbada herrialde horiei buruz eginik nuen irudia zapuztuko zen beldur nintzen», erantsi du Bertanik.

Nola lortu du Riccardo Bertanik munduko ehun hizkuntza ikastea bere gelatik mugitu gabe? «Nik ere ez dakit agertzen», dio. «Bere jakin-mina da hori argitzen duena. Kontuan izan ezazue 70 urtean zehar goizeko hiruretan jaikitzen zela asteko zazpi egunetan, hutsik ere egin gabe, ikasten jarraitzeko eta goizeko zortziak edo bederatziak arte aritzen zela egiteko horretan. Azken hiruzpalau urteotan apaldu egin du erritmo hori adinak horretara behartuta, baina urte asko izan ditu lan egiteko», jarraitu du Luigi Rozzik.

«Bai, logalea etortzen zitzaidan goizeko zazpiak edo zortziak aldera, baina gaueko ordurik onenak lanerako izaten nituen. Oso ordu emankorrak dira goizeko horiek», dio Bertanik berak.

Berak bere burua definitu beharko balu, «un contadino sbagliato» dela esango luke, bidez erratu den nekazari bat, «nire burua beti beste gauza batean baitzegoen».

Mundu akademikoak ez dio, ondorioz, begi onez begiratu, autodidakta izan delako seguru asko. «Grezieraren eta latinaren eremutik ateratzeak nagia ematen die. Siberiako hizkuntzak edo euskara aipatu eta bestaldera begiratzen dute. Ni ibilbide akademikoetatik aparte mugitu izan naiz», dio.

Luigi Rozzi bere adiskidea da berriro ere gauzak bere lekuan jartzen dituena: «Ez da erabat egia. Gero eta erakunde gehiago ari dira interesatzen egin duen lanaz».

Nola ikusten zuten herritarrek? Aitorpenik izan al du herrian? Luigi da berriro erantzun diguna: «Goizeko orduetan jaiki eta urruneko hizkuntzak ikasten aritzen zela jakinik, pertsona ezberdin bezala ikusten zuten, baina bere ikerketek oihartzuna izan dute eta Udalak berak ondare hori guztia bere gain hartzea erabaki zuen, Riccardok ez baitu zuzeneko ondorengorik. Bere lanen katalogoa argitaratu dio».

Bertanik ez du inoiz ordenagailurik erabili, Internetik ere ez, beraz. «Nik koadernoak erabili ditut nire burutazioak apuntatzeko eta zerbait inprentara bidali behar dudanean makinaz idazten dut, baina bi behatzekin bakarrik», dio.

Bere berri nola izan dugun galdetzen digunean, ordea, Interneti esker ezagutzen genuela erantzuten diogu, RAIk egindako elkarrizketa bat ezagutzen genuela eta harritu egin gintuela euskararekiko erakutsi zuen interesak.

La vacca rosa. Bulegoko hormetatik zintzilik dituen diploma eta aitorpenen artean gehien maite duena “La vacca rosa”-ri buruzko ikerketengatik eman ziotena dela aitortu digu. Liburu bat idatzi zuen behi arraza horren jatorriaz. «Nire bigarren ama bezala da behi gorria, haren esneari esker hazi naizelako. Ikerketa bat egin nuen behi arraza hori Italiako lurretara nola iritsi zen agertuz eta aitorpen hori eman zidaten», dio. Gurean ere badela esan diogu behi gorririk eta Pirinioetako behia deitzen diogula.

Esku artean zer lan duen galdetuta, Siberiako herrietako abereei buruzko ipuinen bilduma bat dela erantzun digu. «Hilaren amaieran kaleratuko da», erantsi du. Baina azkenaldian ikertzen ari den eremua Patagoniako herri autoktonoen hizkuntzena da. «Bering itsasartetik igaro ziren kontinente hartara urak izoztuta ziren garairen batean eta seguru nago antzekotasun handiak direla Siberiako eta Patagoniako hizkuntzen artean», jarraitu du.

Bere ibilbidean gehien eragin dion lana Siberiako “Madaay-Kara” izeneko poema epiko baten itzulpena izan zen. “Lo sciamano ci parla. Un viaggio nella dimensione spirituale dove Tutto e Nulla” da liburuaren izenburua eta bizitza ikusteko modua aldatu ziola dio.

Elkarrizketa bukatutzat eman ahala euskarari eta Euskal Herriari buruzko galderak egiten hasi zaigu bera. Irribarre gaizto bat marraztu du ondoren ezpainetan eta «uzten badidazue, galdera indiskretu bat egingo dizuet: zer moduz konpontzen zarete espainiarrekin?».