7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Paperak, margoak eta azalak


Ikastolan margotzea tokatzen zitzaigunean bazen margo kolore bitxia, «azal kolorea» deitzen geniona. Azal kolore berdinarekin koloreztatzen genituen ume garaietako irudiak. Besterik ez balego lez. Irakasleak emandako paperean, azal kolore bakarreko pertsonak marrazten genituen, ustezko naturaltasun osoz eta benetako natura baten kontra, noski. Orduan barneratzen hasi ginen gure paperetan margotutako pertsonen azal kolorea bat eta bakarra zela. Aurreko astean hiri arrosara joan ginen, beste batzuen margoak ikusteko asmoz. Paperean inprimatu genituen bidaiarako bus txartelak. Telefonoan barik, eskuetan, segurtasuna ematen baitigu paper zati horrek, helmuga jakin bat idatzita daukan paperak. Hiri arrosak gordetzen dituen sekretuak biltzen dituzten paperak atera genituen gero. Zubirako planak marrazten hasi ginen autobuseko lehen kilometroetan. Marrazketa lanean ari ginela, Hendaian, autobusa gelditzera behartuta, bisita egin ziguten jendarmeek. Umetan urdinago marraztuko genituen haien jakak, benetan beltzak direla ohartu gabe. Haien kolore berbereko azala genuenoi, kortesiaz munduan libre ibiltzeko plastikozko akreditazioak eskatu zizkiguten. Ohartu ginen ez zirela guri bisita egitera etorri. Orduan konturatu ginen, gure azal kolorea barik ikatza margotzeko erabiltzen genuen azal kolorea zuten batzuk gurekin zetozela. Azal beltzeko hiru gazte zeuden busaren atzeko lerroetan eserita, atentzioa eman nahi gabe, isilean. Haiek ere gure moduko bidaia txartela zuten paperean inprimatuta. Baina jendarmeek beste paper batzuk nahi zituzten. Bazituzten paper batzuk, jendarmeek nazkaz tolestu eta mespretxuz poltsikoan gorde zituztenak. Kaleko txakur edo katu zikinak bailiran indarrez lepotik helduta atera zituzten gazteak autobusetik. Oso gazteak.

Eta han utzi genituen atzean, euripean, jendarmeek inguratuta, angulak saltzen dituen eskaparatean. Sekulako inpotentziaz geratu ginen gure jarleku beroetan eserita. Baina, egia esan, jendarmeen aurrean mutu geratu ginen. Txintik ez. Ume zintzoak bezala, isilik, ea zigorra jasoko dugun bestela... Ez genituen gazteak lagundu. Ez genien elkartasun keinurik egin. Gure isiltasunarekin gazte haiei sinetsaraziko genien ipuin honetako maltzurrak haiek direla pentsatzen dugula. Eta autobusean abiatu ginen, kaka hura gure margo ikusezinekin margotzeko gogoz, Picasso bagina lez, Gernika berria pintatu edo bestelako irudi abstraktu koloretsu basatia paperean uzteko. Azalkeria osoz irentsi dugu guk ere ipuina. Mehatxu malapartatuekin erosi zuten gure isiltasuna. Haur ginenean kontatzen zizkigutenak bezain erraz jaten ditugu gaurko gizarte eredugarriaren kontu goxoak. Umetako margoak bezala, badirudi naturaren kontra doan naturaltasun berberarekin onartu dugula pertsonen kontrako tratu txarra eta elkartasunik eza. Inguruan asumituta dago kanpotik etorri denak kanpoan egon behar duela. Ezin da marratik kanpo margotu, faborez. Etxea bertakoentzat da, laguntxoak. Urtebetetze festara benetako lagunak direnak baino ezin ditugu gonbidatu. Eta batez ere, plastidekor eta manley margo hauek, nireak direla jakin ezazue, dedio! Etxean ez didate beste norbaiti lagatzen uzten... Margoak nireak dira, nik aukeratzen ditut koloreak, nori utzi eta nori ez utzi. A, eta nireak dira bertan margotzeko paperak ere, esklusiboak.