7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Botere banaketa


Botere harremanak eraikitzeko nahi beste modu dago. Harremanaren puzzlea osatzeko, koka zintezke periferian, edo erdiguneko pieza izaten ahalegindu. Hauta zenitzake kolore eta forma askotako piezak edo izan zintezke kolore bakarreko pieza gatzgabea. Ibil zintezke beti zure tokia ezin bilaturik bezala, zeure lekuan zaudenean ere. Beste zenbaitetan, pentsa zenezake zeure lekua edozein leku dela, edozein lekutan duzula lehentasunezko traturako eskubidea, lekua eta denbora. Izan zintezke bortxaz edozeinen gainetik eta edozein gunetan ertzak tolestuta sartu nahian ibiltzen diren puzzleko pieza horietariko bat ere.

Harremanak horrela eraikitzen baitira, batzuetan, inertziaren eta indarrez bultzatutako inertziaren magnetismoak imanduta. Lagun talde batean, sukalderik zabalena daukan etxearen jabea izan daiteke taldearen ardatza. Edo pentsatu gabe hitz egiten duen hiztun nekaezina, soinu banda funtzioa izanagatik, zentralitatea hartzen duena. Ahots tonurik zorrotzena daukana izan daiteke, edo bere ustez bizitzarik interesgarriena daukana.

Binakako harremanetan ere horrela artikulatzen da boteretxoa. Arazorik larrienak dauzkanak eta egiarik ertzgabeenak formulatzen dituenak hartzen du kuotarik oparoena. Horrek edo telebistaren agintea gehienetan daukanak edo egunkariko gurutzegrama egiteko lehentasuna sentitzen duenak edo janariak zenbat gatz behar duen zehazki dakiela uste duenak edo gai sakonei buruz hitz egiteko unea noiz den eta noiz ez ahoskatzeko zilegitasuna sentitzen duenak.

Lantokietan denbora gehien daramanak edo diru gehien kobratzen duenak edo harreratik gertuen dagoen ordenagailuko langile orojakileak edo nagusiaren gustukoenak edo gehien kexatzen denak izaten du botere gehien.

Laburtzerik ez dagoena laburtuz; konplexu gutxien duenak izaten du botere gehien. Konplexuena izugarri kontu aldakorra baita, baina aldi berean, aldatzen konplexua. Egituratzen joan ahala, geure hondoan sedimentatzen joan ahala, ondoan dugunari eskatzeko gauza urguria da boterea, berreskuratzen konplexua. Harremanetan, ez da sekula hutsetik hasten, behin hasita. Botere banaketaz ari naizenean, ez naiz legegile, judizial eta betearazleaz ari, baina ari ninteke, geure baitan bizi baitira, zenbait haututan, hirurak, eta askotan, legegilea eta betearazlea elkarri aurpegira begiratu gabe bizi dira, eta geure baitako epaileak epaitu egiten gaitu geure lege propioak ez betetzeagatik.

Euskaraldia abiatzear den honetan hizkuntzen botere banaketarako zirrikitu bat ikusten dut. Harremanetan berriz hasteko bide bat. Ezezagunekin hutsetik hasteko eta ezagunekin hutsetatik ikasteko leiho bat. Boterea banatzeko egunak izango dira Euskaraldikoak, kartak birbanatzeko eta birjokatzeko egunak, jolasteko egunak. Konplexuengatik euskara plazaratzen ez dugun lekuetan euskara plazaratzeko egunak. Okindegi, taberna, kafe makina, sofa, igogailu eta eskola atariak konplexuz biluzteko egunak. Erabiltzerakoan astunegiak ez ote garen ez pentsatzeko egunak, geuri euskaraz egitean geure euskara maila arinegia irudituko ote zaien ez hausnartzeko egunak. Aritzeko egunak, konplexurik gabeko egunak.