amagoia mujika
IRITZIA

Elkarren ondoan esertzeko

Euskaraldia ariketa interesgarria begitantzen zait, badu argi bat. Elkar topatzeko toki berriak proposatzen ditu, euskal hiztunak eta euskal hiztun ez direnak elkarren ondoan esertzeko banku bat geltoki horretan, euskararen normalkuntzara bidean doan tren horren zain.

Zurekin akordatu naiz. Zenbat ez ote zenuen sufritu gazteleraz gutxi eta gaizki egiten zenuelako. Eskolan ikaskideen burla-haizeak jasan behar eta irakasleak anaien artean euskaraz ari zinetela sumatuz gero, zigor galanta. Mina egiten duten horietakoa. «Mundua aldrebes» esaten zenuen, «gauzak ikasteko joaten omen ginen eskolara. Eta, han, nik dagoeneko banekien hizkuntza bat galtzea nahi zuten».

Zurekin ere akordatu naiz. Behin kontatu zenidan eskolako lehen egunean moja hark nola egin zizun errieta euskaraz ari zinelako. «Errieta bakarrik ez, bi txirikorda dotore egiten zizkidan amak eta haietatik tira egin zidan indarrez, ni negarrez hasi arte. Okerrena, moja hura euskalduna zela!».

Ume-umetatik garbi samar ulertu zenuten etxean hain gozo hitz egiten zenuten hizkuntza hura, etxekoek bertsotan eta sehaska kantetan hain dotore zerabiltena, batzuen begietara eraso bat zela, isildu beharreko zerbait. Urteen joanean gauzak pixka bat laxatu ziren akaso, baina beti izan da zuen hizkuntza hori txikia, zapaltzen erraza, aise isilarazten dena. Eta zuek, edukazio onaren tatxarik gabeko eredu. Askotan esan duzue ahapeka; «egizu gazteleraz, hark ez du-eta ulertzen. Ez izan edukazio txarrekoa».

Euskaraldiak proposatzen duen ariketak euskal hiztunak indartu egingo dituela uste dut. Bizkarrean karga handiko motxila daramate, belaunaldiz belaunaldi pasatutakoa, amets eta negar hizkuntza txiki eta menderatu batean egiten duenaren ahultasun kontzientea. Azken urte eta hamarkadetan lan handia egin da euskalgintzak ahultasun hori indar bihurtzeko. «Euskaraz bizi nahi dut». Lelo elegantea da, pegatina indartsua paparrerako, baina artean lan handia dago egiteko. Horregatik da interesgarria Euskaraldiak proposatzen duena, bidean urrats praktiko txiki bat delako. Eta seguru nago harritu egingo garela, gure herria orain den baino euskaldunagoa izan daitekeela konturatuko garelako.

Euskal hiztun ez direnentzat ere pausoa da aurrera. Euskaraldian parte hartzeko baldintza bakarra dago: Euskara ulertzea. Eta hitz egin ez arren, euskaraz ulertzen duen jende asko dago, uste dugun baino askoz gehiago. Sentsazio garratza izan behar du parekoa beti hizkuntzaz aldarazten ari zarela konturatzea; erdaraz hitz egiteko bere buruan hitz bila dabilela sumatzea. Bai, eser gaitezen bankuan elkarren ondoan eta hausnartu dezagun, artean bidea luzea da-eta.