7K - zazpika astekaria
LIBURUEN TXOKOA

Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti

Rosa Luxemburg • Katakrak, 2018 • 110 orri • 10 euro


2019ko urtarrilean beteko dira ehun urte Rosa Luxemburg eta bere 32 burkide erail zituztenetik. Efemeride hori kontuan hartuz, pentsalari marxista eta gerraren kontrako iraultzaile izan zen emakume honek kartzelatua zegoen artean idatzitako zenbait gutun bildu ditu Katakrak-ek, Sophie Liebknecht lagunari bidalitakoak, hain zuzen ere. Gutunotan bestelako Luxemburg bat ezagutuko dugu: Kartzelan egondako hiru urte eta lau hilabeteetan artikulu politikoak eta manifestuak idatzi zituen, noski, baina bere lagun Sophieri idatzitako gutunotan nabarmentzen da ez ziola uko egin edertasun estetikoari: musikari, literaturari, txorien txioei, bizitzako une ederren oroitzapenei… Argitalpenak Ignazio Aiestaranen hitzostea ere badakar eta, bertan, hiztegi formatuan, Rosa Luxemburgek politikaren arloan egindako ekarpena islatzen da.

Txikiaren handitasuna literaturan •

Mariasun Landa • Erein, 2018 • 176 orri. 16 euro • Mariasun Landak berrogei urteko ibilbidea du irakaskuntzan zein literaturgintzan, eta urte horietan hausnartu, idatzi, deseraiki eta berreraiki dituenak hautatuta osatu du obra berri hau. Testuek bere ibilbidean zehar landu dituen hainbat gairi egiten diote erreferentzia, batik bat lauri: emakumeak eta literatura, irakurketa literarioa, idazketa bera eta, laugarrenik, bere ibilbidean horrenbesteko pisua izan duen haur eta gazte literaturaren gaineko gogoetak. 1991tik 2017ra bitartean idatzitako 22 testu topa daitezke liburuan, baita beretzat adierazgarri diren hainbat autorerekiko erreferentziak ere.

 

Munduko tokirik ederrena •

Iñigo Aranbarri • Susa, 2018 • 160 orri. 16,62 euro • Nola bizi atzoko guztiak hainbesteko pisua badu? Horra Iñigo Aranbarrik hamar ipuinotan dakarren galdera. Errepidean hildakoen bitartez bailararen istorioa kontatu nahi duen jonki ohia, ezkontza baten lurrunetan dabilen poliziaren gogoetak, lagunaren emazte alargunari etxea hustera doakion hirukotea, amaren ordez herrira itzuli den gaztea, eredu izango den modeloaren bestaldea, galdutako pistola baten ibilerak, kondenatua hiltzen ikusita betiko mututu den emakumea…   Atzokorik gabe ulertzerik ez dagoen oraina, hamar kontakizun fikziozkotan.

 

Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua •

Edorta Jimenez • Txalaparta, 2018 • 450 orri. 19,80 euro • Nobela beltza landu du Edorta Jimenezek ere “Piztien itsasoa trilogia” argitaratu osteko lehen eleberrian: Camboya ertzain jubilatua da. Kasu bat ikertzeko laguntza eskatuko diote. Onartzen du, eta kasuan sakondu ahala, mamu zaharrak agertuko zaizkio. Tostartekoen kontrako jazarraldiak, terrorismoaz akusaturikoen kontrako torturak; pisu batean zeraren militante baten heriotzarekin amaituko den segada; pilota kolpe batez akabatutako gaztea; egindako estolda lanek oraina hankaz gora jartzera etorriko dira... Protagonista ezberdinen istorioak txirikordatzen joango dira, eta haiekin batera tortura, ustelkeria, biolentzia, sexua, erruduntasuna eta maitasuna, azkenean haien iragana eta patua guztiz nahastu arte.

 

Carlos Garaikoetxea. Lider bat lehendakari •

Elixabete Garmendia • Elkar, 2018 • 216 orri. 16,50 euro • Carlos Garaikoetxearen eta Elixabete Garmendia kazetariaren arteko elkarrizketa mamitsuen emaitza da liburu hau. Bertan, Garaikoetxearen ibilbide politikoa aztertzen bada ere, ez da politikaz soilik hitz egiten; solasean sartuta, gizakiaren eta bizitzaren edozein alderdiri heltzen dio: senidea, zaletasunak, kezkak… Elkarrizketaz gain, 'Besteen ahotan' atalean, lehendakaria gertutik ezagututako zortzi lagunen hitzak ere hartzen ditu Elixabete Garmendiak: Mirentxu Purroy, Pedro Miguel Etxenike, Mari Carmen Garmendia, Patxi Zabaleta eta Charo Zarzalejos besteak beste. Liburuak elkarrizketaren egitura dauka.