24 MAR. 2019 IRITZIA Letxuga puska Alaia Martin Pentsatzen dugulako garela ikasi genuen latinez, baina pentsatzen duguna gara, pentsatzen dugulako baino. Kontsumitzen duguna garela esatea gehitxo da, baina kontsumitzen duguna izango gara. Jaten duguna garenaren kontzientzia zabaldu den honetan, jaten duguna ere bagara. Elikagaietatik hasi eta hitzetaraino. Baina bestalde, eta xumeago eta horregatik askotan, gordeago, baina geure inguruko jendea ere bagara, mimetizatzeko gaitasuna dugu eta besteen ezinek geureak ahantzarazteaz gain, geureak indartzen dituzte askotan. Horregatik, agian, ozen hitz egiten duen jendez inguratu nahi nuke, ainguratzen ez gaituen jendez. Ozen diodanean ez dut alturen adieran esan nahi, dezibelak esaeran dauzkaten pertsonez hitz egin nahi dut. Garbi eta garden hitz egiten dutenez, euren beldurren baitan ausart ari diren horiei buruz. Gutxi edo asko baina benetan hitz egiten dutenez. Tokiz kanpo sentiaraziz gero tokiz kanpo sentitzen direla esateko gai diren pertsonez. Mintzen direnean min eman beharrean minaz hitz egiteko gai diren horiez hitz egin nahi dut. Zu ikusteaz edo zu ez ikusi izanaz pozten direla esateko gai diren horiei buruz. Lagun talde handietan falta den lagunaz hitz egin beharrean, lagun horrekin hitzordua jartzen dutenez. Norbaiten premia dutenean atea jotzen duten horiez eta atea zabaldu ezean beren baitako etxera erresuminik gabe itzultzen dakitenez. Norbait ezagutu nahi dutenean irrika hori besterik gabe adierazteko gai direnez, epikarik gabe. Norbait aski ezagutu dutela uste eta halaxe jakinarazten dutenez. Whatsapp taldean mezu matxistaren bat jasoz gero halako gehiago ez bidaltzeko eskatzeko gai den jendeaz. Taberna ertzeko txiste zapaltzailearen aurrean isiltasunez oihukatuz begirada eusteko gai direnez. Euren ametsak partekatzen dituztenez, utopiatzat hartuko ote dizkieten beldurrez isildu beharrean. Euren porrotak kontatzen dituztenez, euren hanka sartzaile inspiragarriak partekatzeko dohain ausarta dutenez. Onartuz, sentitzen dutela esanez, dimitituz edo euren buruak salatuz. Zalantzan egon eta zalantza defendatzeko tenplea dutenez. Ziur egon eta ziurtasuna ziurtatzeko, ziurtasun horiek inposatu beharrik gabe mintzatzen trebeak diren horiei buruz. Zeuri beren proiekzio diren aholkuak eman beharrean zeure larruan sartuz zeure begietatik ikusteko gai diren epidermistez. Alderdien barruan alderdien barrukoak ez diren ertzak ahoskatzeko gai direnez, botere goserik tartean izan gabe. Azken unean eta inertziari balazta sakatuz iritziz aldatzeko gai direnei, eta konplexuago izaten dena, iritziz aldatu izana adierazteko indarra dutenez. Familia bazkarietan zapore gozoari baino liseriketa familiar on bati lehentasuna ematen diotenez. Eremu askotan arazo-sortzailetzat, xelebretzat eta gordintzat hartzen diren aldagai aldarazleentzat. Modu askotan ezagut zenezake jende hau, eta segur aski, jende horrek berak esango dizu hotz artean letxuga puska bat daramazula. Halakoak ezagutzen badituzue, mesedez, anima itzazue kalera irtetera, plazara, alderdien lehen lerroetara tabernetara atera daitezen. Ziur egon eta ziurtasuna ziurtatzeko, ziurtasun horiek inposatu beharrik gabe mintzatzen trebeak diren horiei buruz. Zeuri beren proiekzio diren aholkuak eman beharrean zeure larruan sartuz zeure begietatik ikusteko gai diren epidermistez.