21 ABR. 2019 IRITZIA NO-DOa JOKIN URAIN Gaztetxo gineneko oroitzapenen artean dago pelikularen bat ikustera joaten ginen bakoitzean nola ematen ziguten, filma hasi aurretik, NO-DOa. Inozente samarrak izan gintezkeen, baina behin eta berriz NO-DO (Noticiarios y Documentales) harekin, Francok hau edo beste halako eraikuntza inauguratu zuela, ez dakit zer ekitalditan izan zela... Osorik irents genitzan ematen zizkiguten zuri-beltzeko irudiak ziren, lehertu edo oka egin genezan. Iragana ahazten duen herria historia errepikatzera kondenatua dagoela dio esaera batek, baina argi dago zenbaitek ez duela ahanztura horren beharrik iraganean bezala aritzeko, batere lotsagorritu gabe. Batzuetan zaila da bereiztea hauteskunde kanpaina eta inaugurazio kanpaina. Ustez publikoa den telebista katea isiotuta ohartzen zara gobernuan dagoen alderdiaren telebista katea baizik ez dela, itxura guztien arabera: lehendakaria agertzen da bazter guztietan ekitaldiak, jardunaldiak eta mila modutako zati berriak inauguratzen; Ekonomia Garapeneko sailburua Espiritu Santua bezala azaltzen da informatibo guztietan; kulturaren eta auskalo beste zenbat gauza handiren sailburu denak ez dakizu noiz izaten duen denbora, telebista kameretan agertu gabe, dagokion sailean ezer egiteko... Eguneroko NO-DOan, inaugurazioren bateko Urkulluren irudi eta berriketei denbora eta arreta gehiago eskaintzen diote hemengo telebista katean, egun berean A-8ko mantentze lanetan istripuz hil den pertsonari baino. Eta horrelaxe eguna joan eta eguna etorri, eguneko informatibo guztietan, eta beste hamaika saiotan, goiz eta arratsalde, eta gauean ere berdin, eta segi horretan. Santutegiko irudi ezinbestekoak bailiran, guztiok atentzioa eta adorazioa zor bagenie legez, jenialtasun handirik gabe eta jenialkeria borborka dariela, apaltasun apur bat bederen erakutsi behar luketen momentua izan arren hauteskunde aldia... Antzinako zuri-beltzeko haien ordez, koloretan eskaintzen dizkigute gaur munduaren irudiak. Baina foie, konfita edo patea egiteko gizentzen diren ahate edo antzaren antzekotzat gaituzte; ematen diguten guztia irents dezagun baizik ez dute nahi, lehertu ala oka egin. Inozo samarrak izaten jarraitzen dugula dirudi, Ander; baina hobe izango da gauzak aldatu behar direla eta alda daitezkeela pentsatuz jarraitzea, zer eginik ez dagoela autokonbentzituz etsitzea baino. Batzuetan zaila da hauteskunde kanpaina eta inaugurazio kanpaina bereiztea. Eguneroko NO-DOan, inaugurazioren bateko Urkulluren irudi eta berriketei denbora eta arreta gehiago eskaintzen diote hemengo telebista katean, egun berean A-8ko mantentze lanetan istripuz hil den pertsonari baino.