12 MAY. 2019 IRITZIA Ama amagoia mujika Ez ditut asko maite corteingleseko egunak. Dela maiteminduen eguna, amarena, aitarena, emakumearena... Inportanteak diren balioak eta emozioak zelofanetan biltzen direnean hustu egiten direla iruditzen zait. Amaren eguna izan berritan, corteinglesak zeresan handia eman du. Amatasuna neurtzeko oso modu xelebrea erabili du bere iragarkietan: «%97 besteei emana. %3 berekoia. %0 kexak». Beste adibide bat; « %50 besteei emana. %50 berekoia. %0 ileko tintea». Pentsatzekoa denez, haserrea piztu du. Luzerako ematen duen gaia da amatasunarena. Oraintxe ama izandako batek aurrekoan esan zidan ez dakiela nola maitatu daitekeen norbait hainbeste. Egia da, sentimendu berezia da, gorputza goitik behera habitatzen duena. Hainbeste, estutu ere egiten duela batzuetan. Asko bizitakoa den lagun batek beti esaten du ama hitz garrantzitsua dela eta ezpainak ondo itxi behar direla, goikoa behekoarekin estutu, hori esateko. Egia da karga emozional eta ideologiko handiko hitza dela. Eta ez beti mesedetan. Amatasuna esklabotasunarekin lotu du aipatu iragarkiak, ama ona gorputz eta arima seme-alabei emana bizi dena dela iradokiz, hori egiten ez duena berekoia dela esanez. Eta hori guztia, noski, maitasun mugaezinaren izenean. Alegia, horrela zaintzen ez duenak ez omen du maite. Tira, iragarkia amorragarria da, baina oraindik oso sustraituta dagoen errealitate baten gainean dago eraikia. Maitasuna gauza zoragarria izan daiteke edo guztiz kontrakoa, hori ulertzeko eta bizitzeko moduaren arabera. Eta amatasunean ere emakumeentzat izaten da parterik txarrena normalean, maitasunaren izenean kargarik astunena arina balitz bezala. Noski maite ditugula gure seme-alabak, baina kexatu ere lasai egin gaitezke. Batek ez baitu bestea kentzen. Eta, bai, une batzuetan besteetan baino errazagoa da maitatzea. Hori ere lasai esan dezagun. Maitasuna ulertzeko eta bizitzeko dugun moduaren inguruan hausnartu beharko genuke amatasunaz ari garenean ere. Norbera zaintzea da besteak ondo zaintzeko modu onena. Eta guretzat denborarik hartzen ez dugunean, besteen nahiak asetzeko baino bizi ez garenean, ondo al gaude? Amak bezala beste inork ezin duela zaindu ere esan digute. Akaso amak bezala beste inork ez duelako zaindu duela gutxira arte. Baina horretara jarrita, edonork egin dezake, eta ondo, zaintzailearena ez baitator genetikan. Aurrekoa aholku sorta begitandu daiteke, baina ama batek ahoz gora egindako hausnarketa da, norberetik hasita. A! Eta corteinglesak baino beranduxeago; zorionak, ama! Amak bezala beste inork ezin duela zaindu ere esan digute. Akaso amak bezala beste inork ez duelako zaindu duela gutxira arte. Baina horretara jarrita, edonork egin dezake, eta ondo, zaintzailearena ez baitator genetikan.