23 JUN. 2019 IRITZIA Gurasoen nota amagoia mujika Bukatu da ikasturtea. Jaso ditugu seme-alaben notak eta seme-alabak eskolatik. Gozatu edo sufritu ditugu bilerak, kantaldiak, dantzaldiak, emanaldiak, agurreko meriendak. Oraingo neska-mutikoen gurasoei begira –norbere buruari eta ingurukoei–, ez dakit ikasturtea nota onarekin gainditu ote dugun. Egia da guraso izateko modua aldatu egin dela azken hamarkadetan. Duela ehun urte, esaterako, guraso izatea beste aukera askorik ez zen izango; ondorengoak eduki behar ziren, bai jarraipena ziurtatzeko, baita zeresanik inon ez emateko ere. «Ez ote dute balio?» xuxurlatzen zuen esamesa astuna zen. Eta oraindik gehiegitxo pisatzen ote duen... Eta seme-alabak kasik hamarnaka izaten ziren, etortzen ziren guztiak edo. Etxe jendetsu horietan nork bere tokia topatu behar zuen, adinaren eta abilidadearen arabera. Maitasuna eta magala jasoko zituen kasurik onenean, baina ez gehiegizko babesa. Norberak egin behar zuen aurrera, norberak sortu eta konpondu bere arazoak. Horixe etxe gehienetan araua. Tontakeria gutxi. Adinez nagusi izan arte ez ziren oso serio hartzen haurrak esandakoak eta egindakoak, nahiz eta gehienak askoz lehenagotik lanean ari ziren. Orain haurrak tantaka eta begi guztiak pieza preziatu horiei begira. Ez dut lehengo estiloa goraipatuko, haurrak oso serio hartu behar baitira mundu honetara iristen diren une beretik. Baina neurria galtzen ari ote garen, horixe nire kezka. Lehen bezala, orain haurrak oso maitatuak dira. Baina, orain, gurtuak eta adoratuak ere badira. Eta txikiak, bizkorrak izaki, azkar konturatzen dira munduaren zilborra direla, inguruko helduak txoratuta dituztela. Eta betitik idolo sentitzen den horrek ba ote ditu bizitzarako tresnak? Noski, gure seme-alabak perfektuak dira. Edo ia-ia perfektuak. Horregatik, norbaitek etxeko txikiaren inguruan –berdin da bi urte edo hamabost dituen– zerbait negatiboa aipatzen badu, mezulariak dauka errua. Irakasleek, musika eskolakoek, dantza taldekoek, futbol eskolakoek... akaso jakingo dute zertaz ari naizen. Guraso izateko modu hori hain da erraietakoa, guraso asko seme-alaben bitartez bizi direla; haiek sufritzen dutenean sufritzen dute eta aldrebes. Tira, ez da erraza hori kontrolatzea, haur baten sufrimendua baino latzagorik ez dagoelako, ezta haur baten zoriona baino ederragorik. Baina pertsona, gorputz eta sentipen desberdinak garela ez genuke ahaztu behar, denon hobe beharrez. Sasijakintsuaren traza hartuko zion, akaso, baten batek goiko sermoiari. Udako nire etxeko-lanak dira. Orain, San Juan bezperan, sutara! Orain haurrak tantaka eta begi guztiak pieza preziatu horiei begira. Txikiak, bizkorrak izaki, azkar konturatzen dira munduaren zilborra direla, inguruko helduak txoratuta dituztela. Eta betitik idolo sentitzen denak ba ote ditu bizitzarako tresnak?