AFP
emakumeak gondoletan

Tradizioak ezarritako mugetan arraun egin nahi dute Venezian

Zaila da emakumezkoentzat hain maskulinizatua dagoen gondolarien sektorean lekua egitea. Hogei bat emakume, ordea, «voga alla veneta» eran, hau da, zutik eta aurrera begira, arraun egiteko tradizioa mantendu eta transmititu nahian ari dira. Row Venice elkartea sortu zuten; ikastaroak ematen dituzte, eta, bide batez, hirian dauden arazoen inguruko azalpenak ematen dituzte arraunkada eta arraunkada artean.

Kontuz olatu handi horrekin; erabili zuen hankak!», oihukatu du Grabiella Lazzarik. Bere ikasleak oreka mantentzen saiatzen dira, Veneziako kanal ezagunetan barrena, gondolariek bezala, zutik arraun egiten duten bitartean.

Lazzari, jaiotzez edota adopzioz veneziarrak diren beste hogei bat emakumerekin batera, tradizio horri eusteko ahaleginean ari da; voga alla veneta estiloan, hau da, zutik eta aurrera begira, arraun egiteko tradizioaz ari gara. «Gure ikasleak arraun egitera eramaten ditugu, gondolan beste inorekin talka egin gabe ibiltzen trebatu daitezen», azaldu du Jane Corporalek irribarretsu eta Veneziako kanaletako joan-etorri handiari keinu eginez. Orain zortzi urte Row Vecine elkartea sortu zuen emakume honek, antzinako teknika hau mantentzeko. «Venezia motordun barkuz beteta dago orain, jendeak ez ditu bere ontzi txikiak erabiltzen eta horregatik pentsatu genuen tradizio hori mantendu behar genuela; ez bakarrik arraun egitekoa, baita gondola bat eraikitzekoa, arraunak egitekoa...», azaldu du.

Leporaino beteta dauden kanaletatik eta uretako taxietatik urrun, AEBetako Portland hiriko Yezin Jin kontableak barre egiten du arraunarekin egiten duen mugimendu bakoitzean ontzia mugitzen duela ikustean. «Zaila da, bizkarreko mina daukat, baina oso dibertigarria da», esan du 30 urteko gazteak. Bere senarra, arraunari ondo helduta, erritmoari jarraitzen saiatzen da, kontzentratuta. «Irla guztiak ikus ditzakezu hemendik. Rialtoko zubiaren gainetik duzun ikuspegiaren aldean oso desberdina da; han sekulako turista piloa baitago», aipatu du.

Row Venice elkarteak ordubeteko eta ordu eta erdiko ikastaroak ematen ditu, 85 euroan pertsona bakarrarentzat eta 200 euroan bosteko taldeentzat. Voga irakasten duten emakume gehienek ikastaro profesionaletan ere parte hartzen dute. Row Venice elkartea, gainera, gisa honetan ekimenen babesle bihurtu da.

Sarea zabaltzen. Jane Corporal britainiar jatorriko australiarra da, baina 30 daramatza kanalen artean bizitzen, eta gizonak nagusi diren lanbide eta kirol jarduera honetan berdintasunean parte hartzeko aukera topatu du. Gaur egun, izan ere, emakumezko bakarrak lan egiten du gondolari gisa Venezian eta bederatzi mendetan gizonak nagusi izan diren eremu honetan sartzeko azterketa gogorrak gainditu behar izan ditu. Urtero hirira iristen diren 20 milioi turistetako asko eramaten ditu kanaletan barrena.

«Gondolari izateko urtero ziurtagiria lortzen duten pertsonen zenbatekoa elkarte profesional batek arautzen du; oso sare itxia da», azaldu du Corporalek, aurretik finantza aztertzaile izandakoak.

Bere eskoletarako batela aukeratu zuen, jada apenas eraikitzen den ontzi mota, bere iritzian egonkorra eta gidatzeko erraza delako. «Arraun talde batean erosi nuen bat, ez zuten erabiltzen eta txikitan halako barkuak ikusten zituen artisau batek egindakoa da». Erreplika bat izateko 14.000 euro jartzeko prest zen, baina konponketa lanak egiteko ere itsas museoan topatutako planoak erabili behar izan zituen.

«Niretzat plazera da turistek Venezia uretatik bizitzea eta kutsadurarekin eta uholdeekin ditugun arazoak azaltzea», onartu du Lazzarik. Izan ere, Veneziak dituen arazoen artean daude hiriko beheko aldean, San Marko plazan esaterako, urarekin dituztenak. Aipatu ditu, halaber, gurutzaontzi handiekin sortu direnak ere, azken asteetan izan diren mobilizazioetan herritarrek salatu dituztenak, hain justu.

Ikastaro batzuk ilunabarrean ematen dituzte, hiria bera egunean zehar turistekin sortzen den katramilaren ostean lasaitasunera itzultzen denean. Irakasleak ontzi desberdinen historia ezagutarazteko aprobetxatzen du okasioa: langileen ontziak, aberatsek erabili zituztenak.

Esaterako, urre kolorekoa, Veneziako errepublika XVIII. mendera arte gobernatu zuten dogoen jabetzakoa eta urtero “Itsasoarekin ezkontza” zeremonia hartzen zuena. Elkarteak udako gauetan ontzietan jaiak ere antolatzen ditu.

Nabigatzeak emozioak pizten ditu. «Egia bihurtu den ametsa da», azaldu du, esaterako, Alice Hendricksek. 71 urteko emakumeak begiak bizi-bizi ditu batelean ibiltzeko lehen eskola amaitutakoan.