«Musikazalea eta argazkizalea izan behar duzu, bestela ez duzu bizitzen esperientzia» - Gaizka Peñafiel
Badira egunari 24 ordutik gora ateratzeko gai direnak. Egin duen azken kantaren doinuekin hasi ahal da Gaizka Peñafielen (Lezama, 1985) amaierarik gabeko egun horietako bat. Joango da gero Elorriora, edo Arratiara, edo Larrabetzura, trikitixa eskolak ematera. Agian, Esne Beltzaren azken bideoa sareratzen utzita, edo bart Berri Txarrak-en kontzertuan 360°an grabatu duen bideoa esportatzen ari dela (gaizkapenafiel.com webgunean bere biografia osatua). Ikasle talde eta talde artean amaituko zuen, ziur aski, GARAren elkartasun jaialdiko bilduma –egunkariarekin banatutako posterrean agertzen direnak– hautatzen.
Azken honen aitzakian egin dugu hitzordua berarekin. Diziplina anitzeko langile nekagaitza, bion artean dagoen atrila bazterreratu eta errazenetik hasiko gara, beraz.
Zer da zuretzat musika?
Egunero behar dudan gasolina, egunero behar dut tarte bat niretzat, musika entzuteko. Normalean kotxean izaten dira tarte handitxoak, baina gero klasean ere egunero 7-8 ordu eskolak ematen, batzuetan gaindosia ere izaten da.
Entzutea soilik ez, jotzea ere maite duzu...
Zortzi urterekin hasi nintzen txistua ikasten. Hamabi urterekin trikitixara salto egin nuen. Hamasei urterekin hasi nintzen klaseak ematen, nahiko bat-batekoa izan zen: trikitixa ikasi, kalejirak, trikipoteoak... eta bat-batean klase batean ni baino bi urte gazteagoak ziren ikasleei klaseak ematen. Ia kasualitatez hasi nintzen eta azkenean nire ofizioa bihurtu da eta hemezortzi urte daramatzat eskolak ematen.
...eta sortzea.
Besteen kantak jotzea ederra da, baina norberak kanta bat egiten duenean beste sentsazio bat izaten da. 17 urterekin Lezamako jaietarako kanta egin nuen eta hurrengo urtean Mikel Zarate idazlearen omenezko diskoa grabatu genuen. Atzera begira, konturatzen naiz umemoko bat nintzela. Aukera izan nuen orduko musikari entzutetsuekin jotzeko; Mikel Markez, Anje Duhalde, Natxo de Felipe, Aiora Renteria... aukera izugarria izan zen. 2011n bakarkako diskoa atera nuen eta txikitako amets bat egia bihurtu zen.
...eta musikari begiratu ere egiten diozu.
Txikitatik argazkilaritza zaletasuna dut, lagunarteko gauza bat zen; oporraldiak, jaiak, ospakizunak... Gero harra sortu zen, ordea, eta pentsatu nuen nire bi pasioak uztartu behar nituela, musika eta argazkilaritza. Modurik errazena, beraz, zuzenekoetan eta diskoen grabaketetan argazkilari edo bideogile gisa parte hartzea zen.
Zer duzu esku artean orain?
Irakaskuntza da nire eguneroko jarduna eta hortik kanpoko denbora libre guztia eskaintzen diot ikus-entzunezko mundu horri. Denbora gehiago ez dudalako, bestela... lo gutxi egiten dut, gauez beti lanean ari naiz, gaupasak, bizitza mota hori daramat. Zuzenekoak eta gaueko musika formatu horrek behartzen gaitu hiruretan, bostetan, iritsi etxera eta ohera joan ordez argazkiak editatzen aritzera hurrengo goizerako prest izateko.
Afizioa eta ofizioa garbi bereizten dituzula dirudi, baina zertara dedikatzen zaren galdetuko banizu, marra hori lausotuko litzateke?
Trikitixarekin ikasi nuena zera da, behin zure afizioa ofizio bihurtzen denean magiaren zati bat galdu egiten dela. Nik orain trikitixa jotzen gozatzen dut, baina ez lehen adina. Orain, egunean 7-8 orduz horrekin nabilenez ez dut gogo handirik izaten etxera iritsi eta jotzeko. Ez nuke nahi ikus-entzunezkoa hori bihurtzea, behar bat... Motibazioa galduko nuke eta hori da nire motorra. Ez da ez ekonomikoa, ez egolatra izatea... Motibatzen nauten proiektu eta musikariekin a tope sartzen naiz eta saiatzen naiz guztiz profesionala izaten horretara ez dedikatu arren eta behar den denbora guztia eskaintzen.
Motibazio horrek nondik du gehiago? Argazkigintzatik, musikatik, funtzio soziala...
Nik bizi egiten dut momentu hori. Ni naiz gutxienetakoa fosoan nagoena eta kantuan ari dena, entzuten. Adi egoten naiz eta ez soilik kamerari zer abiadura ipini behar diodan. Bizi egiten dut momentu hori. Niretzat oso inportantea da. Funtzio asko betetzen dira, baina niretzat inportanteena da esperientzia hori guztiz bizitzea... horregatik diot musikazalea eta argazkizalea izan behar duela horretan dabilenak; batean edo bestean hankamotz geratuz gero, ez duzu disfrutatzen.
Argazkia ala bideoa?
Ba, erabaki zaila izaten da. Buelta asko ematen diot transzendentziari, egiten dudana transzedentea izateari, denboran jarraipena izateari... eta konturatu naiz argazkiek gutxiago dutela. Argazkiak igotzen ditut eta astebetera desagertu egiten dira ‘timeline’-an... argazkia ikusi eta ia badoa. Bideoak, aldiz, badu halako poso bat denboran iraunkortasun handiagoa izan dezakeena.
‘Erre zenituzten’-ekin gertatzen da hori. Orain bi urte argitaratu genuen eta oraindik astero komentarioak heltzen dira.
Marka egiten ari da bideo hori...
Bai, bi milioitik gora ikustaldi ditu. Baina ikustaldiez harago izan duen inpaktua da garrantzitsuena. Ikastolak, eskolak, dantza talde pila batean aritu dira koreografia ikasten; horrek Youtubeko ez dakit zenbat milioi ikustaldik baino balio handiagoa dauka.
Zuzenean nola aukeratzen duzu 'klik' ala 'rec'? Argazkia ala bideoa?
Oso zaila da, normalean hartze antzekoa aukeratzen dut. Normalean bideoarekin hasten naiz eta beharrezko segundoak ditudanean argazkia botatzen dut. Baina zaila da erabakitzea, batzuetan bideoa egiten ari zara eta konturatzen zara hor zegoela argazkia, hor egin duela keinu bat eta hori behar nuela argazki moduan.
Dualtasun horrek, bietara ibili behar izateak, konplikatzen du kontua. Baina gero musikariek eskertzen dute. Normalean argazkilariak argazkilariak dira eta bideogileak bideogileak, eta erdibidean gabiltzanak gutxi gara, taldeentzat gozamena da.
Orain «demokratizatu» esaten zaionez, esango dugu asko «merkatu» direla lanabesak eta ia edonoren eskura oso erreminta eraginkorrak daudela. Non dago balio erantsia?
Horretara dedikatu nahi duten argazkilariek esaten dutena da talde gehienak mugikor baten emaitzarekin konformatzen direla; managerrak egindakoak, publikoarenak... Baina nik uste dut hasi garela aldatzen eta jendea, eta bereziki musikariak, hasi direla konturatzen sare sozialak elikatzea garrantzitsua dela eta ahal dela kalitatezko materialarekin egitea komeni dela, nabarmentzeko.
Ekipoa garrantzitsua da, baina pertsona da bere ukitua ematen diona. Ikuspegia eta lan egiteko era ere bai. Garrantzitsua da prozesua ere; honetan hasi nintzenean konturatu nintzen argazkilariak nahiko gaizki ikusita zeudela...
Zergatik?
Entzuten nien teknikariei, managerrei, antolatzaileei... ez zutela errespetatzen hor ematen diren kontuak. Ezin zara joan eta foku bat amatatu argazkirako molestatzen dizulako. Errespetuz aritzea garrantzitsua da, nire ustez. Argazkilariak gara kontzertu batek gutxien behar dituenak. Teknikaririk gabe ez dago kontzerturik, publikorik gabe ere ez eta musikaririk gabe zer esanik ez... Aldiz, argazkilaririk gabe ez da nabaritzen. Rol hori onartu eta ulertu behar dugu; itzalpeko lana da gurea.
Egiletza. Eskubideak esan behar nuen, baina utz dezagun aitortzan. Baduzue?
Nire kasuan nik hasieratik garbi nuen ez nuela ur markarik erabiliko. Printzipio kontu bat zen, nik lagunentzat egiten ditut argazkiak, eta lagun horiek erabil ditzatela nahi bezala. Niretzat inportanteena erabilera da. Kontzertu batera joan eta gau osoa argazkiak editatzen pasa ondoren bidaltzen badizkiet ehun argazki eta taldeak paso egiten badu... hori da mingarriena; hogei igotzen badituzte eta ez banaute aipatzen, ez zait gehiegi inporta.
Maila pribatuan jasotzen ditut mezuak, aitorpen handiena hori da. Sareetan argazkia norena den jartzea erraza da, baina esker onekoa izatea zailagoa da eta horrekin geratzen naiz gehiago.