7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Egotea


Egonezinaren aroa da bizitzea tokatu zaigun denbora-espazio koordenatu hau. Aldiberekotasunaren kontzientzia areagotzen duen garai errealitateaniztuna. Garaiotan hiperkonexioari esker hiperdeskonexioa lortu dugu, unearekiko. Nahita ere zaila litzateke unearekiko gauden baino deskonektatuago egotea. Kolore, zarata, mezu, begirada, usain, irudi eta informazio uholde etengabean inork gutxik aurkitzen du bere buruari eusteko moduko enborrik, ur gainean.

Opor premian lanean dagoenak, atseden garaiko hamaiketakoko sagarrari hozka egiten dionean tentazioak min hartzen du, batzuetan, hozkadak erasanda; opor premian dagoen sagarjaleak bere lagun mojitozalearen mezua jaso lezake munduaren beste puntatik eta bere bizitza izan daitekeenaren edo zitekeenaren aukera guztiak pasa dakizkioke garun-atzeko horma-iruditik, unetxo bakarrean.

Denbora nola xahutu jakin ez eta bere segundoak putzu batera jaurtitzen dabilen langabeak inbidiaz begira diezaieke langile aspertuak sareratutako argazki ofizinistikoei. Haur jaioberriaren argazkia jasotzen duen lagunak burumakur begira diezaioke bere sabel hutsari, bere aurre-denboraren kudeaketa zalantzan jarriz. Haurrez inguratuta bere arnasa entzuteko gai ez den gurasoak begiak malko-gorritan begira ditzake mendian bakarrik dabilenaren argazki infinituak.

Telebista pizten duenak unean-unean konproba litzake bere pribilegioak bere kexekin eta bere frustrazioak besteen arrakastarekin. Albistegia amaieraraino ikusteko moduko digestio sistema daukanak bere teilatu gaineko eguraldia Nafarroako beheko zolakoarekin aldera lezake eta bat zein beste madarikatu. Geure ingurukoek zein bide hartu eta utzi dituzten ikus genezake ahalegin handirik gabe, egunero, ia une oro, sarearen eta sakelakoen sarearen bitartez. Zertan gabiltzan baino errazago ohartzen gara zertan ez gabiltzan. Zertan ez gabiltzan eta zer ez garen argi samar daukagu guztiok, zertan gabiltzan eta zertan garen jakitea gehiago kostatzen zaigu. Zertan gauden jakitea sudoku kuriosoa bihurtu da geure zentzumenentzat. Zentzumenpekoak gara.

Eztena jaialdiaren zurrunbilo zoragarrian 16 egun pasatzeko luxua gozatu dut eta amaitu ondorengo sentsazioek haurtzarora garraiatu naute une batez. Umetan egindako lehen oporraldi hartara joan naiz, handixeagotan udalekuetan pasatako egunetara, gerora bizi izan ditudan sormen edo hezte burbuiletara. Burbuilak izaten dira eta burbuilan sartzen denak jakin behar luke hausteko sartzen dela burbuiletan. Barrutik hausteko. Kanporantz. Kristal gardena daukate burbuilek. Koloretakoa eta gardena. Ikusgarria eta ikusgarria, beste zentzuan. Burbuila horietan sartzean gainerako guztia desagertu egiten da adi begiratu ezean, nahiz eta ez isolatu. Han zaude eta han barruko tenperatura, usaina eta giroa han baino ez dago, eta zu han egoten zara, benetan han. Irtetean lehengoa zara, baina usain berriekin. Horrela bizitzea proposatzen dizuet eta diot neure buruari. Burbuilaka. Momentuka, unean, egonean baino, egoten. Egun bakoitzak dauzkan burbuila guztietan sartzea, burbuilaren kapa guztiak zeharkatzea, burbuilak apurtzeko eta bustitzeko beldurrik gabe.