25 AGO. 2019 IRITZIA Gauean aldarri JOKIN URAIN Bizi duguna, arrazoiren batengatik eder edo gogoragarri zaiguna, ikasten duguna, erakutsi digutena... nolabait betirako izatea nahi genuke, eta ez galtzea denboraren lurrunetan. Ondorengoengan iraunarazi nahi genioke gure aldiari, geure munduari, eta horretan egiten dugu ahalegina. Gure ohiturak ondorengoek jarraitzea, gaztetan zirrara eragiten ziguten abestiak haiek ere gure emozioarekin kantatzen dituztela ikustea... haiengan, ondorengo belaunaldiaren baitan, bizitzen jarraitzea da nolabait. Gehienon desioa baita hemen, ondo gabiltzanean behintzat, inoiz ez hiltzea.. Zirrara eragiten du gaztaroko abesti haiek mende erdi geroago entzuteak, eta neurri batean harritu ere egiten nau memorian irauten digutelako. Oraina baino garai atseginagoen bila, atzera begira bizi garelako dela esan lezake norbaitek. Baina nahiago dut pentsatu lehen ere sortzen zituztela garai zehatzen mugak gainditzeko doinuak eta letrak. Baina denborak aldaketak dakartza ezinbestean. Alamedan geundela, egunari buelta eman berri eta filosofatzen hasita ordurako, duela mende erdi kantuari laguntzeko izaten zela doinua esan zigun Joxe Domingok eztarria eten beharrean; orain kosta egiten dela kantua entzutea, aditzea, doinu izan nahi lukeen burrundarak guztia zapaltzen duelako. Jotzen ari den taldeari eta abesten ari diren guztiei errespetu falta ere iruditu zait ia; ez diot berari esan, baina. Adimena ere aldatzen du, ordea, denborak, ematen duenez, eta, lagunak zarata besterik entzun ez arren, Su Ta Garri koru eginez abesten ari dira inguruan oraingo eta lehengo gazteak. Miresgarri ere bada. Kalkulu arina eginez, koru egiten ari direnetan badira talde hori sortu zenerako gazte zirenak eta badira artean jaio gabe zeudenak. Artean jaiotzeko zeudenak gehiago seguru asko. Indartsu jotzen du Su Ta Garrek, eta sutsu kantatzen ditu jendeak haren abestiak. Suharki abestea letrari indar handiagoa ematearren izango dela pentsatu dut momentu batez, letraren literaltasunaren aldarria egitea, alegia. Konjuru koral bat izan liteke gau eder honetan. Ez balitz dena ordu gutxiren buruan bukatua, Marta! Baina letren literaltasunak batzuetan errazago dira gauean, egunari konturik eman behar ez diogunean, eta momentu bateko aldarria dira, hunkipen zirrara bat, eta beharbada ez dute beste ezer izan beharrik. Gure ohiturak ondorengoek jarraitzea, gaztetan zirrara eragiten ziguten abestiak haiek ere gure emozioarekin kantatzen dituztela ikustea... haiengan, ondorengo belaunaldiaren baitan, bizitzen jarraitzea da nolabait. Gehienon desioa baita hemen, ondo gabiltzanean behintzat, inoiz ez hiltzea.