amagoia mujika
IRITZIA

Udako gauak

Badoaz udako egunak. Eta gauak. Umetan, udako gauak zoragarriak ziren. Amonaren etxeko igerilekuan eta inguruko belardian kabitzen zen gure uda. Igerilekuan lepoa luzatu, hankak puntetan jarri eta zorrotz neurtzen genuen zenbat luzatzen ari ginen. Egunak eta egunak ematen genituen bainujantzitan eta hanka hutsik. Tarteka, helduek afaria antolatzen zuten igerileku ondoko mahai handi hartan. Jatekoa, edatekoa, algarak, eztabaida mikatzagoak... Gaua aurrera joan ahala, helduen artean laineza nabarmenagoa izaten zen eta gu izkina batetik begira egoten ginen, zain. Zeren zain? Helduren batek arropa erantzi eta igerilekura noiz saltatuko zain. Hori gertatzen zenean, guk ere baimena genuen uretan sartzeko. Hori zen idatzi gabeko legea. Eta gauez bainua hartzea sekulakoa zen. Zirraragarria. Urak berak kolore desberdina zeukan gauean. Iluntasun misteriotsua sumatzen zen hor behean, uraren azpian. Ausartak eta abenturazaleak sentitzen ginen. Gure helduek ere kolore desberdina zuten gauez; presa gutxirekin, hizketarako gogoz, kanturako prest... egunak lasai egoteko baimena emango balie bezala bera erretiratzen zenean. «Egizue nahi duzuena, nik ez dut begiratuko».

Gerora, udako gauek bestelako usaina hartu zuten. Nerabetan, gaua ahalik gehien luzatzea besterik ez genuen buruan. Eta gure lagunek ere gauez kolore desberdina zutela konturatu ginen; batzuk ederragoak eta erakargarriagoak begitantzen zitzaizkigun erdi ilunetan. Beste batzuk, berriz, urrutixeago nahiago.

Ezagun batek kontatu dit udako gauetan auzotik paseatzera ateratzeko ohitura dutela. Etxetxoz osatutako bere auzoan bide ederra dute bueltaxka bat emateko. Afaldu eta gero, auzoko bizpahiru etxetakoak elkartu eta paseoa ematen dute erdi ilunetan.

Beste batzuek herriko plazako banku batean jarria dute hitzordua. Freskura hartzeko aitzakian, zaborra jaitsi eta hantxe esertzen dira tarte batean. Beti banku berean. Beste banku batean elkartzen da koadrilla gaztexeagoa, wifi irekiaren aitzakian.

Duela gutxi deskubritu dudanez, badira herriko arkupean gauez karta-jokoan aritzeko geratzen direnak. Etxetik mahaia eta aulkiak ekarri, hantxe paratu eta lagunartean egon, orduari begiratzeko beharrik gabe.

Orain udako gauekin adiskidetu nahian nabil, balkoian festatik datorrenaren zain nagoen bitartean. Gauaren xarma besterik ikusten ez den garaian daudenek horixe baino ez lukete ikusi behar, udako gauen magia. Bitartean, gauaren aurpegi bortitzagoa eta aldrebesagoa ikusteko joera dugunak udako gauekin adiskidetu nahian segituko dugu.