15 SET. 2019 IRITZIA Nerabe-erasoa GALDER PEREZ Askorentzat, nerabezaroa da pertsonen aro korapilatsuena. Aldaketa askoren garaia: fisikoak, sozialak, kulturalak… Pertsonen garai hau ez omen da beti horrela existitu edo definitu. Mendebaldeko gizarte honen beste asmakeria bat da nerabezaroaren kontua, industria-iraultzaren ostean kapitalismoak beharrezkoa duen jendartearen klasifikazioa, norbera bere lekuan ongi identifikatuta eta sailkatuta edukitzeko beste izendapen bat. Bakoitzak bere eginbeharrak izango ditu kapitalaren makineriak behar bezala martxan jarrai dezan, eta taldekide bakoitzak erregaiak oparituko dizkio sistemari. Nerabeak ezinbestekoak dira gurpil horretan, jakina, kontsumoa baita haien bizitzaren berezko existentzia eta bizi-iraupenaren ardatza. Argi urdinak ilundutako garaiotan, nerabezaroko kontsumo digitala bizitzako etapa honen berezko lurrikarekin nahasten da: autoestimuarekin gorabeherak, momentu erromantiko gorenak, tristuraren zulorik potoloenak eta amorrua, zenbat amorru. Dena nahastuta, kalean, etxean eta pantailetan. Krisialdi garaia esaten zaio, nerabe-arazo bihurtuz nerabezaroa. Zerbait konpontzeko beharra sentitzen dute nerabeek, baina zehazki zer den jakin gabe. Eta ziurrenik, kasu askotan, horixe da transmititutako krisialdi eternala, herentzia moduan jaso duten opari ustela. Nerabe askorentzat indarkeria da zulo ilun horretatik ateratzeko modu bakarra. Gure gizartean hain barneratuta dagoen biolentzia hori, nerabe askoren kasuan biderkatu egiten da eta horrela etortzen da nerabe-erasoa; taldean praktikatzen den erasoa da, izan ere, taldea ezinbestekoa baita garai horretan: artaldearen babesa eta, batez ere, beste ardi horien guztien onarpena. Itzela da, zentzuzko edonor ikaratzeko modukoa, zenbait nerabek erabiltzen duten indarkeria. Albiste-show ezberdinetan botatzen dizkigute irudiak, Amerikako indiarra yanki nerabeek inguratuta edo Londreseko bi lesbianek autobus batean jasotako jipoia, adibidez. Baina ez da etxetik atera behar halako nerabe-erasoak ikusteko. Tamalez, ez dira nerabeen arteko erasoaldien erakustaldi soilak, inguratzen dituen mundu baten kontrakoak baizik. Bizi diren inguruari ezetz esaten diote ostiaka. Kolorez aldatzeko beharrez eta indarrez ingurua hautsi nahi dute, dena gorri bihurtzeko, odolaren gorri lazgarri. Zenbat nerabe hasi diren egunotan institutuetan. Elkarri aurre egin beharko diote, guda batean bezala, zergatia ongi ulertu gabe. Guri ere institutu garaietan eraso egin ziguten eta guk ere, noski, hala egiten genuen. Denak ginen nerabe, gara eta izango gara. Esaten ziguten horrekin bizi behar genuela, elkarri aurre egiten ikasi behar genuela, bizitza etengabeko borroka dela eta halako hainbeste ezintasunez beteriko gomendioekin hazten saiatu ginen. Baina nerabe baino, beharbada, aukeran, hobe litzateke berriz ere ertzetara joango bagina. Ez indarkeriara, ez, umezaroak eta zahartzaroak osatzen duten alderik goxoenak baliatzera baizik. Horrela, gure eguneroko erasoetarako, zerbait askoz ederragoa eman eta jasoko genuke bueltan. Tira, nerabe pasioa galdu gabe. Bai. Ginen, gara eta izango gara. Zerbait konpontzeko beharra sentitzen dute nerabeek, baina zehazki zer den jakin gabe. Eta ziurrenik, kasu askotan, horixe da transmititutako krisialdi eternala, herentzia moduan jaso duten opari ustela. Nerabe askorentzat indarkeria da zulo ilun horretatik ateratzeko modu bakarra.