JOKIN URAIN
IRITZIA

«Twitterrota»

Komunikazioa haizea baino bizkorrago dabil gaur egun; munduaren edozein ertzetan gertatzen dena oso denbora gutxian jakin daiteke beste muturrean. Ez dut esan nahi beti horrela izaten denik, munduko mila lekutako gertaerak geratuko direlako inora gabe, oihartzun handirik gabe, bere horretan itzaliak eta mututuak. Esan nahi dudana da gaur badagoela aski bitarteko edozein berriren egia edo gezurra leku guztietara hedatzeko. Ez dakit bitarteko horien erabilpenak eta zerbitzuaren emaitzak gizarte hobea egiten gaituen ala ez; ez dakit helburua hori izan behar ote lukeen ere.

Bitarteko horien erabilpen ona edo txarra egitea dela kontua entzuten da, baina nork ebazten du hori? Guztientzat edo gehienentzat interesgarriak diren edo izan daitezkeen berri eta gaien hedapena baino gehiago, iruditzen zait norbere beharren araberako gai, berri eta iritzien hedapena lehenesten dela sareetan, norbere zera horiek hedatzeko eta mundu guztiari azaltzeko premia gero eta handiagoa dagoelako seguru asko. Ez baitut uste inguruko eta urruneko guztiak konbentzitzea edo mundu osoari oharkabean igaro zaion arrazoiren baten argia ematea izan litekeenik sare sozialetan mezuak, diskurtsoak, nola-halako jardunak eta arrazoi moduak jaulkitzearen helburu goitarra.

Baten bati entzun izan diot elizetako konfesatokiak bakanduz eta desagertuz joan diren heinean ugaldu direla psikologoak, eta neuri ere iruditzen zait egundo ez dela izan gaur adina psikologo. Haien beharra ere inoiz baino handiagoa dela ematen du, ordea. Belarri handi bana nahi baitugu denok, bota ahala entzungo digun belarri handi bat, eta sare sozialek betetzen dute, besteak beste, funtzio hori.

Konfesatokiko errezelen ostetik edo pulpitu gorenetik, gau eta egun eta etengabe jardutea ezinbestekoa zaigu nonbait, norbere kontuekin ez bada besteenekin. Ez nioke inori pentsarazi nahi hori gaitzesten ari naizenik, edo behar lukeenari eskaintzeko aukera hobeagoren bat asmatua izan eta ezkutuan gordetzen ari naizenik. Jardutea, gainera, agian gaizki dagoela baina atsedengarria dela aspaldi esan zuen norbaitek.

Norbere baitan arrazionalizatzen aritu beharrik gabe hezurrak eta narruak digerituko dizkigun errotaren baten premiak bizi baikaitu, Sabin. Baina twitterrotak, guztia digeritu ordez, dena kakaz zipriztintzen dohaina duela erakusten du.