amagoia mujika
IRITZIA

Simaur usaina

Simaur asko usaindutakoak gara. Belar egunak, urardo azukreduna, kukurrukuak, sugegorriak, zirinez zikindutako arrautza fresko-freskoak, biberoiaz hazitako zerrikume txikia...

Simaurra bota berritan, baserrira bidean urrutitik sumatzen genuen usaina. «Bua, zer nazka», gure kexa. Eta aitak, beti, «ederra usaina. Niri gustatu egiten zait simaur usaina». Gu zirikatzeko esaten zuela uste genuen. Nola gustatu inori usain hori? Etxera bueltan, dutxak eta garbigailuak martxa bizian, berriz kalekoen artean lasai kamuflatzeko. Simaur usainak gauza gehiegi esaten zituen guri buruz eta horiek tapatu nahi izaten genituen. Simaur usaina eta aitonaren «Baron Dandy», biak batera etortzen zaizkit oraindik begiak ixten baditut.

Estatu frantseseko Asanblea Nazionalak “ondare sentsoriala” deitu duena legez babestu nahi du. Baserri munduan ohikoak diren usainak eta soinuak babestu nahi ditu horrela. Izan ere, azkenaldian landa eremuko bizilagunen kexak gero eta ohikoagoak omen dira Estatu frantsesean. Kexa horietako asko, gainera, epaitegira iristen ari dira eta bizilagunen artean gatazka dezente omen daude horren harira. Horregatik nahi dituzte legez babestu baserriko soinuak eta usainak: oilarraren kukurrukua, simaur usaina, astoaren arrantza, igelaren marraka...

Tristeena da kexa horiek jartzen dituzten asko hiritik deskonektatu nahian landa eremura joaten direla ihesi, bakearen bila. Eta nonbait landa eremuak berezkoak dituen soinuek eta usainek bake perfektuaren bilaketa hausten dute.

Besteena ere ez dut asko ulertzen. Landa eremuan bizitzeko hautua egin, hura gustuko delakoan, eta gero ingurua norberera moldatzen saiatu, alboko baserriko oilarrak goizegi egiten duelako kukurruku edo artaldea mantsoegi mugitzen delako errepide estu horretan.

Baserri ingurura gerturatu orduko sartu zaigu simaur usaina autoko leihotik. «Zer usain ona. Simaur usaina gustatu egiten zait», esan didazu. Eta seko harrituta geratu naiz. Zure aitonari bezala, pentsatu dut. Akaso zu ere ni zirikatzen ari zara, hori ere baduzu aitonarena. «Zuri ez zaizu gustatzen, ama?», bota duzu. Isilik geratu naiz, errepidea osorik okupatzen duen Mariaxunen artaldeari begira. Hor ardiek dute lehentasuna, haiek markatzen dute erritmoa, haiek agintzen dute pausoa. Begiak itxi eta simaur usaina, aitonaren «Baron Dandy» muxuak, amonaren eskuak puntua egiten, lokaztutako katiuskak, oilategira arrautza bila sartzean sentitzen nuen ikara, urardo azukreduna, zarata txikiz betetako gaueko isiltasuna, belar moztu berriaren usaina... denak piztu zaizkit ilaran. «Bai, niri ere gustatzen zait simaur usaina».