«Errespetua, besteen desirak onartzeko abilezia sozialak eta aniztasuna landu behar ditugu» - Ana Ramirez de Ocariz
Emaize Sexologia Zentroan egiten du lan Ana Ramirez de Ocariz sexologo eta soziologoak. Beste zeregin batzuen artean, gazte eta nerabeei sexu heziketa eskaintzen die, eta gertutik ezagutzen ditu, beraz, bizitzaren etapa horretan gertatzen diren aldaketak. Sexualitatearen alderdirik positiboenak erakusteko asmoz, heziketa integral baten aldeko apustua egiten du Emaizek.
Kuriositatea, jakin-mina, desirak larruazala zeharkatzean sortzen duen zirrara lehen aldiz sentitzea, lotsak gainditzea, esperimentatzea, askatasuna dastatu nahia… hori dena –eta askoz gehiago– da nerabezaroa. Haurtzaroa atzean utzi eta helduarora salto egiteko tranpolina. Bertigoaren eta irrikaren artean egiten diogu so tranpolin horretatik ikusten dugunari. Nerabeen hormonak aztoratzearekin batera asaldatzen da baita ere haien inguru osoa. Horregatik da onuragarri bide horretan lagunduko dituen gida edukitzea. Ramirez de Ocarizek azaltzen duenez, garrantzitsua da lehenik eta behin oinarri gisa ulertzea sexualitatea bakoitzak bere gorputza ezagutzeko prozesua dela.
«Nerabezaroan gertatzen dena da agian erotikaren inguruan interes handiagoa daukatela. Batez ere ikusten badute beren inguruko neska-mutilak hasten direla harremanak izaten, hor badute interes ezberdin eta berri bat», aipatzen du. Desira erotikoaren azaleratze hori ezezaguna da haientzat. «Une horretara arte emozio edo desira erotikoak ez dituzte oraindik deskubritu. Etapa berria delako, desio berriak… kitzikapena ere beste modu batean ikusten dute, fantasia erotikoak ere hasten dira sortzen. Gustuko neska edo mutilak ikusten hasten dira, erne daude, zentzu horretan gauzak sentitzen hasten dira. Lagunen artean ere desira hori pizten da. Dena prozesu bat da, zerbait arrunta da», hortik etapa berri horretara tresna egokiekin iristearen garrantzia.
Estimulu ororekiko sentsibilitate bizi horren erdian pornografia ez dago salbuetsita. Ez da ezer berria. Ramirez de Ocarizek ongi dioen moduan, pornografiaren inguruko kuriositatea beti egon da. «Gure aitona-amonek ere erotikari buruzko jakin-mina bazuten, baina une horretan ez zegoen hainbeste informazio eskura. Gaur egun hau oso desberdina da. Nerabe eta gazte guztiek dute telefono bat Interneterako konexioarekin eta eduki pornografikoa hurbilago dute», azaldu du sexologoak. Esperientziak erakutsi dionetik abiatuta aipatzen du askotan ez dutela bakarrik desira pizteko edo kitzikatzeko erabiltzen. «Batzuetan besteak txunditzeko egiten dute. Bilatzen dutena da besteen harridura».
Oinak lurrean. Testuinguru honetan kontuan hartu beharreko beste printzipio bat da, sexologoaren esanetan, pornografia ez dela berez positiboa edo negatiboa: «Garrantzia duena da zer motatako edukiak ikusten ditugun eta nola aztertzen ditugun. Pentsatzen baldin badugu pornografian agertzen zaizkigun zenbait estereotipo benetakoak direla, akabo. Gure bizimodu erotikoa lantzerakoan estereotipo horietatik aldendu behar gara. Baliagarria izan behar du norberak bere burua hobeto ezagutzeko. Orduan, primeran».
Sexu heziketa da horretan laguntzeko tresna ezinbestekoa, pornografia eta errealitatea desberdintzen laguntzeko. «Helburu bat da konturatzea pornografian agertzen dena fantasia dela eta ez errealitatearen isla bat edo erreproduzitu behar den zerbait. Eredu berriak izatea oso garrantzitsua da zentzu horretan, eta hori landu beharreko zerbait da bai gazteekin eta bai helduekin», adierazi du. Beraren hitzetan, pornografian eredu oso murritzak aurkezten dira, gero eta aniztasun gehiago dagoela uste badu ere. Aurreiritzietatik harago joateko gonbita ere egiten du: «Pornografiak ere izan dezake bere alde positiboa. Adibidez, emakumeen sexualitatea eta plazera aztertzeko modu bat da, ikusteko zerk pizten zaituen. Hori modu indibidualean. Desberdintzeko fantasia eta desira, praktikara eraman nahi duzun zerbait. Kuriositatea asetzeko, sormena elikatzeko eta egunerokotasunetik ateratzeko ere ona izan daiteke».
Egia ere bada, ordea, pornografia sexuaz ikasteko bide bezala ikusten dela maiz gazteen artean. «Irudi hori bakarrik baldin badute gaizki goaz. Hor egon behar da gure lana. Mainstream pornografia edo zabalera handiena duenak badauka puntu ezkor bat, biolentziari eta estereotipoei lotua. Egia da eredu anitzagoak agertzen ari direla, batez ere emakumeok egindako pornografian eta gorputz zein desira ezberdinak aurkezten dizkigutenak. Nik uste dut hori positiboa dela eta hortik joan behar garela», azpimarratu du. Eta apunte txiki bat ere egiten du pornografia feministaz hitz egiten denean, aniztasuna aldarrikatzearekin batera. «Badirudi badaudela desira okerrak eta onak, eta puntu moral hori ere arriskutsua izan daiteke».
Arauak gainditu, baina nola? Sakonean dagoen beste galdera bat da nola bizi eta ulertzen duten egun gazteek sexualitatea. Garai, testuinguru eta kulturaren arabera irakurketa ezberdinak nagusitu dira. Batzuetan lotzen da debekuarekin, besteetan eskubide murrizketarekin edo askatasunaren aldarrikapenarekin. Ramirez de Ocarizek aldaketa bat igartzen du momentu honetan, baina bere erreparoak agertzen ditu horrekiko. «Pasatu gara arauetan idatzita dagoen jarrera batetik, hau da, emakumeoi gure gorputza ezagutzea eta plazera sentitzea debekatzen zigun horretatik, dena egiteko beharra sentitzera. Eta ez dakit hori hain positiboa den. Esperientzia sexualak izan behar dituzu, ahalik eta gehien hobeto, orgasmoak ere sentitu behar dituzu. ‘Behar’ horretan dago koxka», azpimarratu du.
Lehen debekatzen zen bezala, orain egin behar hori bultzatzea arriskutsu ikusten du. «Gure ardura sexu hezkuntzan, heldu zein gazteekin lantzen dugunean, da pausoak ematea norbere sexualitatea deskubritzeko, plazera, desirak… Baina ez behar bat bezala. Oso zaila da, badagoelako arau sozial bat orain emakumeok izan behar ditugun harremanen inguruan. Gaztetxoen artean ikusten da, nahiz eta oso modu sotilean izan», gaineratu du.
Batez ere neska gazteek bizi dezaketen «presio» horren aurrean kontzientziazio lana eta boteretzea ezinbesteko egiten dira. «Errespetua, besteen desirak onartzeko abilezia sozialak eta aniztasuna landu behar ditugu», zehaztu du. Plazera erdigunean jartzea, askotan deskuidatu egiten den hori behar den lekura ekartzea. Hori ere bada erronka handi bat. Zenbait ideia aldatzeko beharraz hitz egiten du sexologoak, batez ere askotan genitalekin, harremanekin eta orgasmoaren aldaera konkretu batekin lotzen dugulako plazera. «Zerbait zabalagoa da. Bakoitzak bide horretan topatu egin behar du zerk sentiarazten duen ondo, zerk gozarazten duen». Aurreiritziak erantzita askoz hobeto egin daitekeen bidea.