15 MAR. 2020 IPARRAGIRRE, 200 URTEZ Iparragirre, askatasun egarria Euskal Herria beti bihotzean, askatasun grina buruan, gitarra eskuetan. Ezin laburrago, hara Jose Mari Iparragirreren deskribapena, duela oraintxe berrehun urte Urretxun jaio eta munduan barrena «Gernikako Arbola» abesten ibili eta gero, jaioterritik oso hurbil, Itsason, azken hatsa eman zuen euskal artista handiarena. Gotzon Aranburu Berezia izan zen Jose Mari, eta pertsona berezi guztiek bezala, aldeko eta kontrako jarrerak sortu zituen bizi izan zen 60 urteetan. Ez da harritzekoa, artista izaera, sentimendua eta jarrera ez baitira askotan bat etortzen euskaldunok izan dugun langile, zintzo eta zuzen sonarekin. Musikatik bizi nahi izan zuen Jose Marik, baina orain bezala orduan, fakturak ordaindu egin behar, eta maiz ezin urretxuarrak; estualdi hori bere bizitzaren ezaugarrietako bat izan zen. Askatasuna jarri behar al da beste guztiaren gainetik? Bada, orduan, Iparragirre txapeldun. Ingurukoen ongizatea bilatu behar al da beste ezeren gainetik? Bada, hor herren gure Jose Mari. Barru-barruraino artista izan, ordea, eta haren talentuak eta sentsibilitateak beste guztiari gain hartu ziolarik “Gernikako Arbola” bezalako abestiak sortu zituen, euskaldunon ereserki bilakatu direnak… nahiz eta ardiek ihes egin. Ardiek? Geroago argituko dugu hori. 1820ko abuztuaren 12an jaio zen Urretxuko Beheko Kalean (egun Iparragirre kalea) Jose Mari Iparragirre Balerdi. Oraindik zutik dago etxea eta marmolezko plaka handi bat dauka ezarrita, «Eche onetan jayozan…» dioena. Ez zuen, ordea, jolas askorik egingo kale hauetan, oso umetan bidali baitzuen aitak Zeraingo eskolara gaztelera ikastera, eta hamaika urte zituenerako Gasteizen zegoen, latina ikasten. Nonbait, konturatu ziren etxean buru argia zuela Jose Marik. Handik gutxira familia osoak Madrilera egin zuen jauzi, aita gozogintzan aritzeko, eta hango josulagunen San Isidro el Real-en eskolaratu zuten mutikoa. Garai hura izango zuen buruan “Gazte gaztetatikan herritik kanpora” konposatu zuenean urte batzuk geroago. Egia izango da gizakiaren izaera bizitzako lehen urteetan osatzen dela, Madrilera eramandako mutiko haren barruan euskal izaera sendo errotuta zegoela ikusi baitzen, hamalau urte besterik ez zituela etxetik alde, –«Ama, eskolara noa» esanda–, Gipuzkoara iritsi hala edo hola eta lehen batailoi karlistan izena eman zuenean, Foruen alde borroka egiteko prest. Baita egin ere. Behin baino gehiagotan zauritu zuten Lehen Karlistadan, Arrigorriagan eta Kaxtresanan, hain zuzen ere. Ondorioz, borrokako lehen lerroa utzi eta Karlos erregegaiaren Ohorezko Guardian sartu zuten. Ez omen zuen handik aurrera tiro asko bota, eta aisialdia gitarra jotzeko eta abestiak idazteko baliatzen zuen. Musikazalea bai, baina musika ikaste zalea apenas omen zen, nahiz eta bizitzan zehar aukerak izango zituen, Parisen esate baterako. Juan Agirre adituak esana duenez, «konpasen aritmetika gogaikarrian barneratzeko ezinbestekoa den sakrifizio-izpiriturik ez zeukan. Hala, bere kontserbatorio bakarrak kanpamentuak eta tabernak izan ziren». Bestelako iritzirik bada, ordea. Agosti Xahok, esate baterako, «eskola onean landutako ahotsa» zuela idatzi zuen. Karlistek galdu egin zuten gerra. Iparragirrek ez zion men egin Bergarako Besarkadari eta Frantziara alde egin zuen. Frantsesa ikasi zuen, Chateaubriand bezalako autoreak irakurri, eta abestu, aukera zuen guztietan abestu. Erromantizismoa puri-purian zegoen, eta Erromantizismoak askatasun gogoa zuen ezaugarri, bai norberarena eta bai herriena. Adam Mickiewicz-ek Poloniari eskaintzen zizkion bere poemak, Alessandro Manzonik Italiari… eta Iparragirrek Euskal Herriari bere abestiak. Abertzale “avant la lettre” (aitzindari) izan zela esateko beldurrik ez dago. 1848an iraultzak Estatu frantsesean eztanda egin zuenean, han zebilen Iparragirre (euskal internazionalista “avant la lettre” ere bai…) barrikadetan “La Marseillaise” abestuz, jendea adoretzeko. Ordainarazi egin zion Napoleon III.ak jokaera hori, Estatutik kanporatuz, eta Suitzan, Italian, Alemanian eta Britainia Handian ibili zen, antzerki talde batekin. Londresen zegoela, Manuel Mazarredo jeneralak abesten entzun zion, eta indultua lortuko ziola agindu zion. Hala izan zen, eta 1853an zapaldu zuen berriro Euskal Herriko lurra. “Ara nun diran…”… Letrak eta musika sortzen jarraitu zuen koplari urretxuarrak, eta urte horretan bertan konposatuko zuen ordudanik euskaldun ororen bihotza ukitu duen zortzikoa: “Gernikako Arbola”. Baina ez zuen Euskal Herrian eskaini aurreneko aldiz, Madrilen baizik, Café San Luis izenekoan, Juan Jose Altuna organo-jotzailea lagun zuela. “Gernikako Arbola” berehala iritsi eta hedatu zen Euskal Herrian. Iparragirrek abesten zuen tokian abesten zuela, izan taberna, erromeria edo plaza, entzuleak hunkitu eta sutu egiten zituen. Galdutako askatasunaren kontzientzia oso bizirik zegoen, eta hori antzematen eta abesti bihurtzen jakin zuen Iparragirrek, beste inork ez bezala. Urkiolan 1854ko ekainaren 13an eskainitako kantaldian 6.000 lagun biltzera iritsi omen zen urretxuarra. Espainiako Gorteetan diputatu zen Pedro Egaña arabarra izan zen entzuleetako bat eta hala esan zuen ondoren Madrilen: «Iparragirreren zortzikoak denbora luzez isilarazitako sentimenduak eta ideologiak berpiztu zituen. Euskaldun masa batek sentitu zuen azkenean ere bertsolari batek ahots lirikoz aireratu zituela barnean gordeta zituzten gogo intimoenak». Frankismo garaiko euskal kantagintza berriak mende bat geroago egingo zuen gauza berbera, alegia. Horretan ere, “avant la lettre» gure Jose Mari. Agintariei ez zitzaien gustatu ukitu “subertsiboa” zeukan abesti hura eta, are gutxiago, abeslari tximaluze eta bizarduna. Bizitza osoan eraman zuen ile luzea eta bizarra Iparragirrek, gazte garaian ezagututako iraultzaile europarren estetika bere eginda, nahiz eta orduan itxura hori batere arrunta ez izan euskaldunen artean. Eta zer diren gauzak, Mazarredok berak kanporatu zuen berriro –“Zibilek esan naute… ez etortzeko gehiago probintzi onetara”– Euskal Herritik Santander eta Asturias aldera. Planta oneko eta ahots sakoneko gizona zen Jose Mari. Emakumeak erakarri egiten zituen, horretan lekuko guztiak ados daude. Aurrenekoetako andregaia frantziarra izan zuen, Pariseko egonaldian ezagutu zuen Sophie-Adele Picquart, neskame aritzen zena. Haurdun utzi eta hanka egin zuen Iparragirrek; Sophiek gurasoengana itzuli behar izan zuen, eta haien babespean erditu zen haurraz, Joseph-Fernand jarriko zionaz. Hogeita sei urterekin izan zen lehenengoz aita urretxuarra. Esana zuen abesti batean «…jaunak ematen badit neri osasuna, izango det oraindik andregai bat ona, emen badet frantsesa interesaduna, baina nik nahiago det hutsik euskalduna» eta bete zuen nahi hori, 1855 aldera Angela Kerexeta alegiarra ezagutu zuenean. Angela, 16 urteko neskatxa, erabat maitemindu zen urretxuarraz: «Burutik oinetaraino gustatu zitzaidan gizon hura, eta gainera bertso politak egiten zituen», esango zuen geroago Angelak. Urte pare batez elkarrekin ibili ziren, baina neskaren gurasoek ez zuten aditu ere egin nahi alabatxoaren ezkon-hotsik, ez behintzat adinez halako bi zen gizon alproja harekin. Ez zegoen, ordea, amore emateko prest bikotea, eta 1858 abuztuaren 25ean itsasontzira igo ziren biak Baionan, Ameriketarantz. Ez zuten asko imajinatuko zer bizimodu izango zuten handik aurrera. Itsasoratu aurretik, Iparragirrek onartu egin zuen Joseph-Fernand bere semea zela, eta abizena eman zion. Ondorengo urteetan harreman dezente izan omen zuten, gutun bidez, aitak eta semeak. Osaba bat zuen zain Iparragirrek Argentinan, hain zuzen ere Idiazabalgo maisu izandako Jose Antonio Iparragirre. Ez hura bakarrik: ehunka euskaldun bildu ziren portuan, aberriaren hatsa zekarkien abeslariari ongietorria emateko. Iritsi eta hilabete gutxira ezkondu ziren Jose Mari eta Angela, Buenos Aireseko eliza batean; senargaiak benetan zena baino gazteagoa zela esan zuen ezkon-agirian, eta andregaiak zena baino zaharragoa zela, bien adinak parekatze aldera edo. Euskal Herritik alde egitean, eta kontuan izanda hemen sona handiko abeslaria zela, Ameriketan ere antzeko arrakasta lortzea espero zuen kantautore urretxuarrak, baina oso bestelakoa izan zen errealitatea. Buenos Aireseko antzoki batean eskaini zuen lehenengo kontzertua azkenekoa ere izango zen, erabateko porrota jaso zuen eta. Alde egin aurretik, umetako lagun zuen Nikolas Soraluze zumarragarrak esana omen zion, ez zuela Ameriketan arrakastarik izango, Euskal Herrian zeukala etorkizuna. Ez zion jaramonik egin. Handik aurrera, hemezortzi urtez, lagunartean eta tabernetan soilik arituko zen Iparragirre kantari. Ameriketako egonaldi luzea, hitz gutxitan esateko, hondamendia izan zen artista urretxuarrarentzat. Euskal Herriko hiriburuetan dandy baten moduan paseatzetik, kafetegietan euskaraz, gazteleraz, italieraz eta frantsesez abestetik, jendearen miresmena eta txaloak jasotzetik, Panpako bakardadera eta bizimodu gogorrera egin zuen jauzi. Bere lehengusu Domingo Ordoñanak utzitako diruarekin artaldea erosi zuten senar-emazteek Uruguain, baina Jose Marirekin alferrik zen; ardiek ihes egiten zioten, eta galdu. Angelak, desesperatuta, errieta egiten zionean, «lasai, Angelita, ardiak gizakiak bezalakoak dira, askatasuna maite dute. Ardiek ere foruak edukitzea nahi nuke», erantzuten zion artista handi eta artzain eskasak. Zelaian etzanda ematen omen zituen orduak, bertsoak idazten, ardiek batera eta bestera ihes egiten zuten bitartean. Ardi beltz bakan batzuk bazituzten eta haiek ondo zaintzen zituen, haiexei zien maitasun berezia. Artzain lana utzi eta kafetegia –“Café del Gernikako Arbola” jarri zion izena– ireki zuen Montevideon, hura ere utzitako diruarekin. Martin Diaz nafarra, oso Iparragirre zalea, izan zen ordukoan lagundu ziena. Eta berriro ere porrot. Bezeroak erakarri bai koplariak, bere alaitasunarekin eta kantuekin, baina edandakoa kobratzea ahaztu. Ezin ba horrela. Eta bitartean, Angelita behin eta berriro haurdun. Zortzi seme-alaba izan zituzten. 1876. urtea zorigaiztokoa izan zen Euskal Herriarentzat, urte hartan baliogabetu baitzituen Madrilek Foruen azken arrastoak, Bigarren Karlistadaren ondorioz. Aurretik ere bazuen Euskal Herrira itzultzeko gogoa Iparragirrek, baina notizia horrek eman zion azken bultzada. Berriro ere armak hartzeko prest zegoen, Angelak urte batzuk geroago “La Baskonia”-ko kazetari bati esan zionez. Txanponik ez, ordea, bidaia ordaintzeko. “La Paz” izeneko elkarteak diru bilketa egin zuen bertako Argentinako euskal herrikideen artean, eta hala erosi zuen txartela Iparragirrek. Familia han utzi zuen; Angela gajoa ume mordo bat gonatik tiraka zituela geratu zen. Ez zuten gehiago elkar ikusiko. Geroago, Angelak Ipar Euskal Herritik joandako Domingo Elutxanzekin beste bi seme izan zituen. Euskal Herrian beso zabalik hartu zuten Iparragirre, eta nahiz eta lehenagoko ahotsa eta sasoia ez eduki, batean eta bestean eskaini zituen emanaldiak. Horietako bat, 1878ko Pazko larunbateko enbata beldurgarriak Kantaurin hildako hirurehun arrantzale baino gehiagoren familiei laguntzeko Madrilen antolatutako ekitaldi handian. Alfontso XII.a eta Maria de las Mercedes errege-erreginak palkoan zeuden eta, garaiko kronikek diotenez, ikusleek Iparragirre begiztatu zutelarik galerian, sorbalda gainean hartu eta agertokira eraman zuten. Han “Gernikako Arbola”-ren interpretazioa zuzendu zuen. 1881eko apirilaren 6an eman zuen azken hatsa Jose Mari Iparragirre Balerdik, Itsasoko “Zozabarro” baserrian, bizitoki zuen “Txapartegi” baserritik hurbil. Afaldu ondoren etxera zetorrela, ekaitzak bete-betean harrapatu eta blai eginda utzi zuen. Biriketako gaitza eragin zion eta hala hil zen. Zumarragako Kandido Txiki arotzak egin zuen koplariaren hilkutxa eta inguruko baserrietako neska-mutikoek eman zioten azken agurra, segizioak poliki-poliki Urretxuko elizarako bidea hartu zuenean. Iparragirre hil arren, haren kantuek, eta bereziki “Gernikako Arbolak”, bizirik, oso ere bizirik, jarraitu zuten herriarengan. 1893an Donostian izandako gertakari bat horren lekuko. Abuztuaren 27a zen eta Maria Kristina erregina Miramar jauregian zegoen, baita hainbat ministro ere hiriko hoteletan barreiatuta, uda-pasan. Bulebarreko kioskoan Udal Musika Banda kontzertua ematen ari zelarik, hainbat gaztek “Gernikako Arbola” jo zezala eskatu zioten zuzendariari. Honek ezetz, Espainiako erreginari ez zitzaiola gustatuko eta. Manifestazio bat abiatu zen orduan Londres hotelerantz, han baitzegoen ostatu hartuta Praxedes Mateo Sagasta, gobernuburua. «¡Vivan los Fueros!» eta «¡Muera Sagasta!» oihuka gerturatu ziren manifestariak hotelera, eta harriak bota zituzten eraikinaren kontra. Hogeita hamar bat guardia zibil azaldu ziren orduan, jendetzari tiro egin eta hiru lagun hil zituzten. Rufino Azpiazu, Justo Perez eta Vicente Urzelai ziren hildakoak. Koplaria hil eta bederatzi urte geroago haren omenezko estatua altxatu zuten Urretxun, euskal herritarrek jarritako diruarekin ordainduta. Carrarako marmol sonatua erabili zuen Francisco Font y Pons eskultoreak Iparragirreren oroimena hilezkortzeko; eskulturaren pilarea egiteko, berriz, Mañaritik ekarri zuen harria Dionisio Atxa zumarragarrak. Iparragirre esku batean gitarra eta bestean aitzurra dituela azaltzen da, eta plazara begira dagoen pilarearen aldean Gipuzkoako armarria dago. Beste alde batean “Euskal Erriaren oroipena” dio, hirugarrenean Gernikako Arbolaren lehenengo konpasak azaltzen dira, eta laugarrenean testu hau: «Jose Maria Iparraguirreri bere jayoterriak Euskalerri guztiak bai ta ere erbesteetan sakabanatutako euskaldunak eskeintzen diote oroipen au. MDCCCLXXXX”. Jaioterriko hau baino handiagoa da duela hamar urte Gernikan jarri zuten eskultura, Eibarko Alfa Arte tailerrean brontzez egina eta bi metroko altuerakoa. Arteak eta oroimenak bat egiten dute ere Urretxuko hilerrian 1981ean inauguratutako Iparragirreren mausoleoan. Trikuharri itxura eman zion Jose Bixente Lasak, eta bere zazpi euskarrietan zazpi euskal lurraldeen armarriak erakusten ditu. Multzoaren gainean, lauburu erraldoia. “Askatasun egarria” jarri zioten izena, eta koplariaren jaiotzaren 200. urteurrena ospatzen ari den Urretxu bisitatzen duen orok bertatik bertara ikusi beharrekoa da, zalantzarik gabe.