26 ABR. 2020 IRITZIA Maleta zahar hura GALDER PEREZ Itxialdi honetan denok egin dugu atzera. Atzera sozialki, ekonomikoki, animikoki eta, politikoki ere, atzera askok, oso atzera. Denboran ere atzera egin dugu. Aurreko zutabean aipatu nuen, gertuko oroitzapenak argazki zahar bilakatu zaizkigu. Baina uste dut gutako asko beste atzerako bidaia batean galdu izan garela. Egunotan maiz ume nintzeneko garaiak etorri zaizkit gogora. Garaiak baino, momentuak esango nuke. Momentu zehatzak. Anaiekin edo gurasoekin haserretzen nintzenean zenbat ordu ematen nituen nire itxialdi propioan. Eta behin kasketa pasatuta, behin nire panpinatxoekin guztiz konpenetratuta, behin nire buruagaz guztiz bakean nengoenean, orduan bai, lasaitasuna sentitu eta unibertsoko izaki zoriontsuena nintzen. Itxialdi hura betiko izan zitekeen. Tira, egia da, gosea edo dena delakoa bakea baino lehen mailakoagoa dela, eta bakardade hori ezin zen izan betiko, noski. «Amatxu, zer dago afaltzeko?». Konfinamenduan halako momentutxoak lortzea ez zait hain erraza egin, baina lortu ditudanean garai horietako sentsazioak berreskuratu ditut. Egoera horretara jauzi egiteko beharrak ez du guraso edo anaiekin liskarrak pizten, orain ez ditut gertu eta faltan botatzen ditut. Haserre batek bai, jakina; oraindik forma zehatza ematen ez diogun zerbaitekin kasketa badugulako. Azken aste hauetan, baina, ez naiz panpinekin jolasean aritu umetako garaietan bezala. Pena. Ondo pasatuko nuen ziur. Musikarekin edo irakurtzen lortu ditut orduko barealdien bibrazio onak. Nire panpina guztiak egun batean amamaren etxera eraman zituzten. Gurasoek galdetu zidaten ea neure burua heldutzat nuen eta panpinak amamaren etxera eramaterik ote zuten. Nik baietz, itxurak egitearren jakina, uste baitut galdera hori ezin zaiola sekula inori egin. «Ez, ja ez dot jostailurik gure». Kirolera engantxatuta dauden umeei sekula ez zaie halakorik galdetzen, ea hain ume ez direnez gero baloia amamaren etxera eramango duten, handik, Olentzeroren moduko magiarekin, egunen batean desagertzeko. Haiek baloiekin jarraitu dute eta gure konplizeak maleta zahar batean sartzera behartuta egon ginenok hala moduz moldatu gara bizitzaren bidaia honetan. Ondo samar esango nuke, itxuran mutu zeuden panpina horiek gauza asko erakutsi baitziguten. Entzuten jakitea da sekretua. Baloi batek ere berba egingo dio entzuten dakienari, ez diot ezetz. Baina uste dut baloizale horietako askok eta askok gaur amamaren maleta hura praktikak egiteko eskatuko lidaketela. Kirol masiboetako harmailetan manikiak eta robotak jartzen ari dira pertsonen ordez. Haiekin komunikatzea eta arratsalde dibertigarria pasatzea, umetako itxialdi horien antz nahikoa duela dirudi. Nik, ordea, entrenamendu ordu asko badut ere, eta maleta zahar hura nola desagertu zen neure buruari askotan galdetzen badiot ere, ez dut etorkizunean tabernetan eta diskoteketan manikiekin poteoan ibili eta dantzan egin nahi. Zalantzarik ez dut, sekulako elkarrizketa interesgarriak izango nituzke manikiekin tabernan eta dantzaldi eroak diskotekan. Ez, halakorik ez. Nik tabernetara bueltatzean landareak nahiago, haiekin kristoren elkarrizketa sakonak edukitzen ari bainaiz egunotan. Eta diskotekan erratzik ez badago, hori ez da nire iraultza izango. Erratzak eta biok dantzaldi ederrak izaten ari gara etxean. Tira, eta bestela, bai, ondo nago. Nik tabernetara bueltatzean landareak nahiago, haiekin kristoren elkarrizketa sakonak edukitzen ari bainaiz egunotan. Eta diskotekan erratzik ez badago, hori ez da nire iraultza izango. Erratzak eta biok dantzaldi ederrak izaten ari gara etxean. Tira, eta bestela, bai, ondo nago.