10 MAY. 2020 ZABALETA ETA PASABAN, beren LORPENEN URTEURRENEAN Bi mugarri historiarako Euskal Herriko mendizaletasunak bi egun gogoangarri ditu. Biak hiru eguneko tartean. Maiatzaren 14a bata, 17a bestea. Bi egun historiko. Maiatzaren 14an 40 urte beteko dira Euskal Espedizioko bi kidek, Martin Zabaleta hernaniarrak eta Pasang Temba xerpa nepaldarrak, Everest, munduko gailur garaiena, igo zutela (8.848 metro). Hiru egun geroago, 10 urte beteko dira Edurne Pasaban tolosarrak hamalau zortzimilakoak osatu zituenetik, Shisha Pangmako gailurra iritsi ostean. Zabaletak munduaren begietan jarri zuen Euskal Herria, kutsu politiko handia izan zuen kirol balentrian. Pasaban munduko lehen emakumea izan zen zortzi milako guztiak igotzen. Hamarkada baten buruan, beste bi emakume baino ez dira gehitu zerrenda esklusibo horretara. Andoni Urbistondo Martin naiz, allitu gea (ailegatu gara), Gora Euskadi Askatuta, Gora Euskadi antinuklearra! Cambio». Nori ahaztu zaizkio zerutik, edo zerutik gertu zetozen hitz haiek? Euskalduna bazara eta 55 urtetik gorakoa, ezinezkoa. 1980ko maiatzaren 14ko arratseko hiru eta erdiak pasata bota zituen hitz horiek Martin Zabaletak (Hernani, 1949) Everesteko tontorretik. Alboan zeukan Pasang Temba xerpa nepaldarra. Ordurako oxigenorik gabe zihoazen, ahuldadeak jota. Argazkia egin zion Zabaletak Tembari, ikurrina erakusten zuela (argazki kamerak ez zuen funtzionatu, bideokamerarekin grabatutako irudien fotograma da tontorrekoa). Energia nuklearraren aurkako bandera ere jarri zuen mendizaleak. Gurutze-bide latza pasatu zuten biek, gailurra jo eta hego lepora bueltatzeko, 8.000 metrora. Everesteko hego gailurrean bibak-a egin behar izan zuten (gaua babesik gabe igaro), 8.750 metrora, hotz ikaragarriarekin. Hego lepoan zituzten zain xerpa gehiago, oxigeno botilak eta Juan Ignacio Lorente, espedizio buru eta mediku arabarra. Han indartu zen Zabaleta, bizitzara bueltatu, eta kanpamentu nagusira iritsi, taldearen arrakasta taldearekin ospatzeko. Zabaletak beti adierazi du balentria hura Euskal Espedizioarena izan zela, ez mendizale bakar batena. Festa handia izan zen Khumbu glaziarrean eta, nola ez, Euskal Herrian, Himalaiako berriak iritsi zirenean. Edurne Pasabanek sei urte baino ez zituen (Tolosa, 1973) Zabaleta eta Temba munduko gailurrean zeudenean. Ez da gogoratzen, noski, egun hartaz, baina zintzo dio kontzientzia izaten hasi zenean hernaniarra mito baten parekoa izan zela 90eko eta 2000ko hamarkadetan Himalaian murgildu ziren euskal mendizaleentzat. «Atea ireki zuen eta, horregatik bakarrik, euskal alpinismoan ikur bat izango da, betirako». Edurnek Everest igo zuen 2001ean, hirugarren ahaleginean, eta bederatzi urte eskasean zapaldu zituen munduan dauden zortzi mila metroko hamalau mendiak; Shisha Pangma azkena. Halako balentria lortzen zuen munduko lehen emakumea bilakatu zen tolosarra, 36 urterekin. Komeria latzak pasatu zituen hamarkada luze horretan. Bai mendi handi horietan fisikoki muga-mugan zegoenean, baita etxeko epelean zegoenean ere. Edurnek krisi handia izan zuen 2005. eta 2006. urteetan, zorroan dagoeneko zortzi zortzimilako zituenean. Krisi pertsonal gogorra gainditu behar izan zuen, alpinismoari zentzurik aurkitzen ez ziola. «Mendia gorrotatzera ere iritsi nintzen», dio. «Nire bizitza proiektua garatzeko oztopo bilakatu zen. Inguruan kuadrillako lagun denek familia proiektu bat zutela ikusten nuen, eta nik ezin antzekorik egin, urteko sei hilabete etxetik kanpo pasatzen badituzu zaila delako bikote harreman bati eustea». Baina bueltatu egin zen, Broad Peak-era, Pakistanera, 2007an, Asier Izagirre lehengusua eta bere lagunak alboan zituela, Espainiako “Al filo de lo imposible” telebista saioaren babesarekin. Eta igo zituen geratzen zitzaizkion azken sei zortzimilakoak. Shisha Pangma, denetan azkena. Zortzimilako guztietan apalena garaieraz, baina Pasabani zailena egin zitzaiona, bosgarren ahaleginean lortu baitzuten gaina harrapatzea. 2010eko maiatzaren 17a zen. Zabaletaren ihesa. Zabaleta Montanan (AEB) bizi da egun, Bozeman hirian, Rocky Mountains edo Mendi Harritsuen usainean. Kuadrilla egina du, hango hormetan eta izotzean barrena ibiltzeko. 2017an Antxon Iturriza Aizpel euskal mendizaletasunaren “entziklopedia”-k elkarrizketa luzea egin zion Zabaletari EMMOA fundaziorako, eta, hor aitortzen duenez (irudiak Anjel Lermak hartu zituen, eta Alberto Caceresek gorde), silver foxes (“azeri zaharrak” esateko modua ingelesez) esaten diote Montanan ilea zurituta duten mendizale beteranoen lagun taldeari. Uda gehientsuenetan bueltatzen da etxera, Betelun, Nafarroan, daukan etxera, baina Ozeano Atlantikoaz bestaldean dauka egina bizitza, hiru hamarkada luze joan baitira maitasunak kontinente hartara eraman zuenetik. Eraman, edo joan. Askatasunaren, bakearen, bila. Everesteko gailurra igo izanak zama astuna ekarri zion Zabaletari, komunikabideetan eta herrian bertan. Zabaletak berak pelmada hitza erabiltzen du Everestek ekarri ziona azaltzeko eskatzen diotenean. Herritarrek Zabaleta ikusi, edo entzun, eta Everesteko heroia bakarrik gogoratzen, irudikatzen, zuten. Zabaleta eta Everest binomio banaezina bilakatu ziren betirako. Berak ez zuen halakorik bilatu, baina Zabaleta Everesteko mito bihurtu zen, eta hori ez zuen oso gustuko hernaniarrak. Besteak beste, Euskal Espedizioaren talde lana lehenetsi zuelako beti. Hala adierazi zuen 1980an, Barajasko aireportuan lur hartu ostean. Estatuko egunkari batean hala esan zuen: «Alpinismoan ez dugu divo izaerarik onartzen. Gurea talde lana izan da, eta gailurra Euskal Espedizioak lortu du. Niregana bakarrik etortzen zarete galdezka, lorpen honen meritua talde oso batena denean». Iturrizak, esan horien harira, esaera zahar bitxi bat dakar gogora, Zabaletaren izaera azaltzen saiatzeko: «Guipuzcoano, de palabras corto, de hechos largo». Horrelakoa omen zen Martin Zabaleta. Gauza potoloagoak esan zituen Martinek, giro politikoan harrabots handia sortu zutenak: «Herri Batasuna alderdia dut gustuko, eta gailurra Euskadi osoari eskaintzen diot». Eta beste bat: «Hego Euskal Herriko lau probintzietako ordezkariak geunden Euskal Espedizioan, eta ez dut onartzen honi Everestera igo den lehen espedizio espainiarra deitzea, euskal espedizioa baizik». Espainiako komunikabideek larrutu egin zuten Zabaleta, ikurrina jarri izanagatik eta bere iritziak hain zintzo espresatzeagatik. Estatu espainolak nahiko irudi kaskarra zeukan munduan, Francoren diktadura bukatu berritan, eta konkista handia zen espainiar bat munduko gailur garaienera hain garaiz eraman izana, alpinismoan izen, tradizio, handiagoa zuten nazio askok baino lehenago lortzea munduko gailur garaienaren konkista. Asmo horretan atzera egitea beste erremediorik ez zuten eduki. Zabaleta gaizkile baten pare jartzearen truke, noski. Euskal Espedizioak hilabete osoa behar izan zuen etxera bueltatzeko. Sondikako harrera Euskal Herrian betirako gogoratuko den horietakoa izan zen: jendetza nonahi, herritar xumeak heroien pare. Carlos Garaikoetxea lehendakaria zena ere zain zegoen Sondikan. Handik Hernanira bidean ere jendetza, Zabaleta jainkotuz. Euskal Herriko azken txokoko tailer mekanikoan ere ozen ospatu zen Euskal Espedizioaren lorpena. Herri, nazio, baten lorpena izan zen. Horrela gogoratzen du Iturrizak: «Jende guztia batu zuen kirol lorpena izan zen. Festa handiak egiten dira Realak edo Athleticek txapelketaren bat irabaztean, baina biak batera ez. Martin Zabaleta eta espedizio hura Everestera igo zenean Euskal Herri osoak ospatu zuen». Konparazio interesgarri bat egiten du Iturrizak: «Zabaletak Everest igo zuenean Telesforo Monzon bera etorri zen Martin agurtzera. Kangchenjunga, Himalaiako mendi gaiztoenetakoa, igo zuenean, aldiz, ba mendi kazetari eta zale apur batzuk baino ez ziren agertu bere inguruan». Alpinista aparta. Zabaleta alpinista aparta da, maila handikoa. Bere gailur zerrendan mendi aski zailak bezain ezagunak daude. Kangchenjunga 1988an, Everest baino askoz mendi teknikoagoa. Cho Oyu ere bai urtebete geroago. Himalaiatik urrun ere asko ibilitakoa da Hernanikoa: Mendikate Zurian Quitaraju eta Alpamayo, Alaskan Denali (McKinley), Eigerren ipar horma Suitzako Alpeetan, “Lagunak” bide berria Ama Dablam dotorean (Nepal), Paineko Dorreak Txileko Patagonian, Aconcaguako hego pareta zaila Argentinan… Alpinista indartsua, zalantzarik gabe. Eta beharko indartsua izan, Everestera igo eta jaitsi zen eguneko kontakizunak oilo-ipurdia eragiten baitu. Hiltzeko arrisku bizian izan ziren bera eta Temba. Iturrizari esandakoen laburpena, paragrafo honetan: «Elurra pisua, belauneraino, edo gorago. Arrastoa irekitzen beti. 15.30ean gailurra. Gailurreko tripodea ikusi nuen, eta emozioa latza. Oxigenoa bukatu zen, konturatzerako. Botilak bertan utzi behar izan genituen (damu keinua). Hillary eskailera pasatuta, ertz batean, xerpa erori egin zen, eta une kritikoa izan zen. Zazpi metroko soka baino ez genuen, gerrian lotuta. Arnesik ez genuen orduan. Eutsi nion, pultsuan igo, lasaitu, eta han lotan geratu nahi zuela esan zidan. Nik ezetz, Everesteko hego gailurrera iritsi behar genuela, gutxienez (8.749 metro). Han zoko bat bilatu genuen, eseri, eta kieto! Elur erauntsia, hotz ikaragarria. Pasa genuen gaua, ez urik, ez janaririk, hitz egin ere gutxi, bakoitza bere munduan. Hiru aldiz saiatu nintzen jaikitzen, lehen argi printzekin, gogortuta erabat, gonbitoka. Baina lortu nuen gorputza berotzea. Jaisten hasi ginen. Xerpa bat bidali zuen Lorentek, ur eta te bero pixka batekin. Lorenteren errezibimendua ikaragarria izan zen, hego lepoan. Kanpin dendan sartu gintuzten, oxigeno pixka bat, gorputza berotu… Maria Cristina hotela ematen zuen hark!». Pasabanen balentria handia. 1980. urtetik XXI. mendera gauza asko aldatu dira alpinismoan. Baliabide eta materialei dagokienez, batez ere. Euskal Espedizioak egin zuen balentriak errekonozimendu handiagoa izan du, orokorrean, euskal jendartean, hiru hamarkada geroago Edurne Pasabanek egindakoak baino. 80ko hamarkada hasieran balentria zen Himalaiara iriste hutsa; pentsa, munduko gailur garaiena jotzea. Urte hartako giro politikoak ere asko baldintzatu zuen Zabaletaren lorpena. Baina zer esan, kirol ikuspuntua aintzat hartuta? Antxon Iturrizak bi lorpenak ezagutzen ditu ondo. Honatx, bere iritzia: «Edurnek ere handia egin zuen». Eta datu esanguratsu bat ematen du: «Atzetik daukana errepasatzea besterik ez. 2007an utzi nion datuak biltzeari, baina oker ez banago, hurrengo emakume euskaldunak bi zortzimilako ditu, eta Edurnek, 14». Pasabanek munduan izen ona duela dio Iturrizak: «Laguntza handia izan zuela bere proiektuan? Bai, egia da. Bitarteko askorekin? Baita ere. Beste askok bezala, baina bere meritua ikaragarria da. Euskal Herriko alpinismoarentzat jauzi handia suposatu zuen Edurneren balentriak». Beste datu bat, tolosarraren lorpena nabarmentze aldera. 2010az geroztik beste bi emakumek bakarrik lortu dute hamalau zortzi mila metroko mendien erronka bukatzea: Gerlinde Kaltenbrunner austriarrak (2011. urtean, oxigeno artifizialik erabili gabe lortu zuen lehena), eta Nives Meroi italiarrak, 2017an. Pasabani urrun geratzen zaio 2010eko maiatzaren 17 hura. «Beste bizitza bat izan nuen sentsazioa». Pixkanaka zahartzen ari dela dio, baina gustura gogoratzen ditu garai haiek: «Batez ere, Euskal Herrian zegoen espedizio grinarekin. Herritar xumeek sosak biltzeko ahalegin handia egin genuen, izan txosnan, zozketekin edota kamisetak saltzen». Giro on horrek Himalaiako mendietako behe kanpamentuetan zeukan segida: «Mendia igo nahi genuen kuadrilla ezberdinak nahastuta, batzuk besteen dendetan, haiek gure dendetan, tertulian, kontuak partekatzen… Giro hori desagertu da egun, eta pena ematen dit». Himalaiako bidea 1998an hasi zuen Pasabanek, Dhaulagirin (8.167 metro, Nepal). «Nahiko inkontzienteak ginen, abenturazaleak. 20 urte geroago sarri pentsatzen dut nola demontre joan ote ginen mendi puska hartara!». Dhaulagirin, baina, Silvio Mondinelli eta beste mendizale italiar batzuk zeuden, eta hori erabakigarria izan Pasabanen bidean: «Haiek ezagutu izan ez banitu, ez nintzen zortzimilakoen munduan sartuko. Nirekin Dhaulagirira etorri ziren beste tolosarrak ez ziren ondoren Himalaiara bueltatu. Silvio bikotekidea izan zen gero, eta haiek ireki zidaten Himalaiako zortzimilakoen atea. Ni beraiekin batu nintzenerako lau zortzimilako zituzten igota, eskarmentu handia». Everesten hasi, Shisha Pangman bukatu. Pasabanek Everesten ekin zion, guztien artean garaienean. Hirugarren ahaleginean iritsi zen gailurrera, 2001eko maiatzaren 23an. 8.848 metrora egoteko pribilegioak ez zuen asebete: «Etsigarri samarra izan zen. Nire pelikula propioa egin nuen, baina kontrakoa izan zen: iritsi, argazkia, dena korrika eta martxa. Alegia, iritsi eta kito, bukatu da. Beste gauza bat espero nuen». Ondoren etorri ziren Makalu eta Cho Oyu (2002); beste hiru 2003an, urte bakarrean: Lhotse eta Gasherbrum I eta II. Zailenetako bi iritsi zituen hurrengo bi urteetan: K2, 2004an (esperientzia pertsonal gogorrena bizi izan zuena, izozteak hanketako hatzetan), eta Nanga Parbat, 2005ean. Zortzi mila metroko zortzi tontor, bost urtean. Pakistandik bueltan hautsi egin zen Pasaban. Depresioaren atzaparretan jausi zen tolosarra: «Neure buruari ‘nire bizitzan zer egin behar dut’ galdetzen hasi nintzaion, Himalaiako kontu hura edozein momentutan buka zitekeelako. Ez nintzen profesionala. Himalaiatik bueltan Abeletxe jatetxera bueltatzen nintzen lanera, eta horrek zalantzak sortzen ditu, istripuren bat gertatuz gero. Izan nituen bikote harremanak ere ez ziren oso arrakastatsuak izan, normala urte erdia etxetik urrun pasatzen baduzu. Ama ere izan nahi nuen. Nire kuadrillako emakume gehienak familia bat osatzen hasiak ziren, eta haien bizitza-eredu hura egon zitekeen onena zela sinesten hasi nintzen». Baina atera zen. Alboan Asier Izagirre lehengusua eta Ferran Latorre laguna zituelako, besteak beste. “Al filo de lo imposible” TVEko saioak babesa eman zion, espediziokideak aukeratzeko askatasuna, eta horien babesean, ziztu batean igo zuen Broad Peak: «Denok behar izan dugu noizbait barruak libratzeko konfiantzazko solaskide bat. Ba izan nituen, eta horiei esker egin nuen aurrera». Ondoren etorri ziren Dhaulagiri, Manaslu, Kangchenjunga, Annapurna eta Shisha Pangma. Shisha denetan txikiena, garaieraz, «baina lan gehien eman ziguna. Bost saiakera egin behar izan genituen, nire ustez mendi hori behar adina errespetatu ez genuelako, gutxietsi egin genuelako». Egun gutxi barru 10 urte beteko dira egun hartatik. Everesten bezala, hamalaugarren zortzimilakoa igota, ez zuen halako sentimendu berezirik sentitu. «Hamabosgarren zortzimilako bat zergatik ez zegoen galdetzen nion neure buruari. Nik beste bat nahi nuen. Sentimendu kontrajarriak izan nituen. Poza, bukatu genuelako, baina gero, zer gehiago egin dezakegu? Beste bi zortzimilako egon izan balira, haiek igotzen saiatuko ginen bai ala bai». Pasabanek dioenez, ez zuen lasterketa bukatzeko presiorik sentitu. Lasterketa hitza esateak ere zer pentsatua ematen dio. «Gerlinde Kaltenbrunner-ek eta biok urteak generamatzan zortzimilakoen erronkan, kamisetak salduz, behetik hasi eta goraino. Oh Eun-Sun korearrak, aldiz, hamalau zortzimilakoak hiruzpalau urtetan igotzeko saiakera egin zuen, sekulako giza eta baliabide teknikoekin. Hori ez zitzaidan bidezkoa iruditu. Ez nirekiko, ezta Gerlinde eta Nives Meroirekiko ere. Korearrarekin bai, lehia puntu bat izan nuen. Besteekin ez». Hamar eta berrogei. Berrogei eta hamar. 2020a. Zabaletak Montanan jarraitzen du. Ez du mendia albo batera utzi. Ezinezkoa. Iaz Fitz Roy igo zuen, Patagonian, 69 urterekin! Pasabanek urte erdia Vielhan egiten du, Aran ibarrean, Kabi bidaia agentzia kudeatzen, Max haurra zaintzen, mendiaz eta ipar eskiaz gozatzen eta coaching konferentziak ematen munduan barrena. Beste urte erdia Donostian ematen du, lasai antzean. 40 urte luze pasatu dira Martinentzat. Gutxiago, 10, Edurnerentzat. Bientzat urrun dago Everest. Edurnerentzat, beste hamahiru zortzi milako tontorrak ere bai.