amagoia mujika
IRITZIA

Hautsitako pitxerrak

Etxeko pasilloa futbol zelai eta egongelako pareta pilotaleku bihurtu genituen etxealdiaren bigarren edo hirugarren egunean. Baloi biguna, hanka-hutsik aritzeko araua, kontuz ibiltzeko abisua... denak alferrik. Astea joan baino lehen hautsi zen koloretako pitxerra. Tira, hautsi nuen. Bai, ni izan nintzen.

Ez dakit ez ote garen denok hautsitako pitxerrak. Etxealditik atera garen honetan, iruditzen zait puskatu ondoren piezak kolaz pegatuta bezala gabiltzala, lehengoak garela sinistu eta sinistarazi nahian. Baina kolaren arrastoak eta piezen arteko zartatuak igarri egiten zaizkigu.

Bada lehendik askotan puskatutako pitxerra. Hautsitako piezak pegatu eta pegatu aritu da azken hamarkada parean. Itxialdian jasanezina bihurtu zitzaion mina eta betirako hausteko saiakera egin zuen. Lehendik beren buruaren barruan itxita eta itota sentitzen diren askorentzat gogorra izan da trantzea. Baina pasa badute, akaso, indartuago egongo dira.

Bada lehen txanponak pezetatan eta eurotan kontatzen zituena. Bi modutara kontatuta gehiago izango zirelakoan. Eta aurrezkiz epel zebilen pitxerra hautsi egin da bere negozio txikian. Arnasarik ezin duela hartu sentitzen du orain. Eta ez, ez da maskaragatik. Lehen larri zegoen eta orain itolarria sentitzen du.

Bada zahartutako pitxer bat. Burua baino azkarrago zahartu zaizkio zangoak. Etxetik plazako bankura eta plazako bankutik etxera. Azkenaldian 67 pausotara zuen bere zorion poxia, urteekin pausoak ere txikiagotu egiten baitira. Hantxe eserita ematen zuen arratsaldea eguzkiak gonbidatzen zuenean. Plaza horretan ikusi ditu hazten auzoko haurrak. Horregatik sentitzen ditu bereak.

Haur batentzat denbora asko da zortzi aste. Zortzi astetan asko hazi eta aldatu daiteke haur bat. Bizitzaren beste muturrean, zahartzaroan, denbora asko da zortzi aste. Zortzi astetan asko makaldu eta petraldu daitezke zangoak. Orain ezin eman pasilloko hamar pausoak baino gehiago. Zangoak kaskagortu egin dira eta planto egin dute. Eta plazako bankua etxeko balkoitik ikusi behar. «Ez naiz gehiago jaitsiko. Hemendik ikusi beharko dut hil arte», bota du lasai balkoitik.

Noizbait hautsi eta kolaz pegatutako pitxerrak pitxer berri distiratsuak baino interesgarriagoak iruditzen zaizkit. Egiazkoagoak. Gure orban bakoitzaren tolesetan ikasketa bat ezkutatzen dugu, gehienetan minez ikasitakoa. Oraingoan ere hala izango ote da.

Armairuan gordeta daukat baloiarekin hautsitako pitxerra. Kolaz pegatuko dizkiogu piezak eta zegoen tokian utzi, noiz eta nola puskatu genuen gogoratzeko. Gogoratzea sendatzea ere bada.