21 JUN. 2020 KONFINAMENDUko LANDAREAK Osasun krisian ernatu dira Covid-19aren birusak konfinatuta utzi gaitu udaberri eder honetan. Etxe barruan egon garen bitartean, landareak hiriaz jabetu dira indartsu, eta han-hemenka irudi ederrak eskaini dizkigute. Uztaoaren haziek irudi ikusgarriak utzi dituzte osasun krisi honetan. Jon Benito Egun gutxi falta ziren udaberria hasteko eta naturazale asko paseoan zebiltzan neguko lore goiztiarrez gozatzen. Erreka bazterretan, adibidez, udaberri-loreak, gibel-belarrak eta asun bortak loratzen ari ziren, besteak beste. Iratzeak ere ernatzen hasiak ziren eta hartzen duten itxuragatik (apezpiku baten makuluaren antzekoa, alegia) irudi dibertigarria erakusten zuten. Kalean jendea koronabirus izeneko izaki beldurgarri bati buruz mintzatzen zen, baina gehiegi arduratu gabe. Inork ez zuen espero laster etorriko zena: martxoaren 14an alarma-egoera dekretatu zen gaixotasunari aurre egiteko, eta gehienontzat udaberria amaitu egin zen. Etxe barruan sartuta, balkoietatik ikusi behar izan ditugu zuhaitzak hostatzen eta loreak zabaltzen, eta pribilegiatuenek, orkatz edo basurderen bat hirian zehar paseatzen. Amerikako astigar gorriaren haziak; «Serapias cordigera» basa-orkideak, hiriko soropil batean; esne-belarraren («Euphorbia sp») lore delikatuak; eta otsababaren loreak fruitu bihurtuz. Horrelako egun goibel batean supermerkatura nindoala, estolda baten gainean landare hondarren nahaste bat ikusi nuen, aurreko ekaitzak botatakoak, seguru asko. Hostoak, haziak eta loreak (horien artean kamelia eder bat eta atxapar usaintsuak), kolore biziko collage baten antzera bilduta zeuden, barrurantz sartu ezinean. Orduan otu zitzaidan udaberria ez zegoela galduta, nire aurrean zegoela. Nahaste horretako abar batzuk hartu nituen eta etxeko balkoian modu egokian ipini ondoren, argazki bat egin nien. Gero, ordenagailuaren pantaila handian emaitza ikustean harrituta geratu nintzen landare puxka horien ehundura eta diseinu bitxiengatik, belar xume horien edertasunagatik. Ordutik aurrera mandatuetarako irten naizen bakoitzean bideko arekak, belazeak eta hormak behatu ditut bitxi begetalen bila eta egunero itzuli naiz etxera jausitako loretxo edo hazi batekin, konfinamenduaren asteetan zehar nire modeloak izango zirenak. Geroago, kaleratzeko baldintzak bigundu direnean, udalerriko bazterrak arakatu ditut belarren lilura in situ hautemateko. Espedizio labur horien emaitza da erreportaje honetako argazkien eta lerroen bilduma, gure hiriez jabetu diren belar apalei (sarritan belar txarrak) eskainitako omenaldi txikia. Geranio basati baten fruituak haziak jaurti ondoren. Gizakiontzat bi motatako landareak daude: baliagarriak, kontu handiarekin zaintzen direnak, eta gogaikarriak, hau da, belar txarrak. Azken horiek edo balio gutxiko estetika dute edo uztaren etekina gutxitzen dute, eta esfortzu handiak egiten dira suntsitzeko. Batzuetan, ordea, espezie bat bi ikuspegitik baloratu daiteke. Mitxoletaz betetako garitzak, adibidez, ederrak izan daitezke turistentzat, baina nekazariarentzat nahaste hori kaltegarria da. Lo-belarra (Papaver somniferum) medikamentu opiazeoak (morfina, kodeina…) lortzeko landatzen da, baina belar txartzat hartzen da beste espezie baten soroak inbaditzen dituenean. Biologoen iritzian, gainera, belar gaizto kontzeptua ez da onartzen, espezie horiek garrantzitsuak direlako ingurumenerako. Janaria eskaintzen diete intsektu polinizatzaileei eta hegaztiei, animalia askoren babeslekua dira, lurzoruko metal astunak garbitzeko erabil daitezke (argazkietako usobelarra edo isatsa, kasurako) eta, jakina, duten ehunka molekulen artean batek daki gaixotasunen bat sendatzeko etorkizuneko substantzia aurkituko dugun horietako batean. Gainera, planetako biodibertsitatearen osagaiak dira eta kontuz jokatu beharko da horiek kontrolatzeko baina desagerrarazi gabe. Atxaparraren («Lonicera peryclimenum») lore usaintsuak. Bestetik, espezie bakoitzak bere bidaia ebolutiboa egin du oztopo gogorrei aurre eginez eta, “txarra” izan arren, badu zer edo zer erakusteko, kontatzeko. Horretarako nahikoa da gure begirada aldatzea, horietara kuriositatez hurbiltzea, eta seguruenik irudi harrigarriak lortuko ditugu. Horrela gertatzen da, adibidez, uztao edo mingotx (Rumex sp) belarraren fruituekin. Oso txikiak dira (0,3 mm inguru) eta ia inork ez die erreparatzen. Baina argitara kokatzen badira, ehundura ederra erakusten dute, erreportaje honetako lehen argazkian ikus daitekeen moduan (ez al du ematen haziari odol hodiak iristen zaizkiola, animalia baten enbrioia balitz bezala?). Antzina sabela libratzeko erabiltzen zen, baina eragina izateko denbora asko itxaron behar zenez, herritarrek, ironiaz, “pazientziaren belarra” deitu zioten. Zumarraren haziak argitara ikusita. Ederrak dira ere txikoria-lorearen taldeko belar askoren fruituak. Esfera zuri eta ezaguna osatzen dute eta horretan fruitu bakoitzak mutur batean hazia du eta bestean ile zurien sorta bat, jausgailu bat bezalakoa, haizeak garraia dezan. Ez al da harrigarria milioika urtetan zehar sortu duten asmakizun hori? Haizea erabiltzen dute ere zumarrek hazia zabaltzeko; hori hegal delikatu batez inguratuta dago (berriro ere enbrioi baten antza) eta horri esker planeatu egingo du adarretatik lurzoru berri batera iristeko. Astigarrak ere haizearen aliatuak dira. Udaberrian fruitu bikoitzak sortzen dituzte eta zaparraden ostean espaloietan metatzen dira kopuru handian. Bada, hazi bakoitzak mintzezko hegal luzea du eta horretaz baliatuz biraka jausiko da helikoptero baten moduan. Pentsa daiteke aurreko landareek energia eolikoa erabiltzen antzina ikasi zutela. Basa-geranioak oso ohikoak dira belazeetan. Geranium izen zientifikoak “lertsuna” esan nahi du grezieraz, landare horren fruituek hegazti horren mokoaren itxura dutelako. Lehortasuna egokia denean, fruitua zabaldu egingo da eta bortizki jaurtiko ditu barruko hazi txikerrak. Geratuko den fruituaren hondarrak diseinuko objektu bat dirudi, argazkian ikus daitekeen bezala. Nola ez balioetsi edertasun ezkutu hori? Iratzeen hosto gazteak, makulu itxurarekin; isatsaren lore apaingarriak; «Tragopogon pratensis» landarearen hazi hegalariak; eta usobelarra («Lotus corniculatus»). Kasu paradoxikoa da gure basa-orkideena. Horien taldekide tropikalak oso estimatuak dira, baina autoktonoak, txikiak izateagatik, ozta-ozta ezagutzen dira. Egun hauetan Serapia cordigera orkidea talde ederrak ikusi dira hiriko belardietan. Loreak kasko baten itxura du eta bere barruan 3°C gehiago dago kanpoan baino. Inguru epel horrek erle bat erakarriko du gaua pasatzeko; zomorroak, ordain gisa, polena eramango du gorputzean itsatsita, zorte apur batez beste lore batera. Konfinamenduak basoak, errekak, itsaslabarrak eta hainbat bazter eder bisitatzea eragotzi digu. Baina hirietako landare umilak hortxe egon dira beren edertasuna erakutsiz nahi izan duenarentzat. Bestetik, iragan den maiatzean bi egun ospatu dira mundu osoan, 18an, Landareekiko Liluraren Eguna, eta 22an, Biodibertsitatearen Eguna. Erreportaje hau ospakizun horien alde dago, zalantzarik gabe, bietan landareak, onak zein txarrak, ederrak zein itsusiak, ezinbesteko izakiak direla goraipatzen delako.