12 JUL. 2020 Saregileak, desagertzetik gertu Ondare den ogibidearen itzalpeko borroka Ondoriotik has gaitezke, eta esan, itsasontzi batek beti beharko dituela sare konpontzaileak, arrantzatu ahal izateko. Baina ez da hain sinplea. Gaztetan hasi zuten ogibidea itzaltzen doala ikusten dute oriotarrek, eta are ezkorragoak dira 14 urtetik lanean dabiltzan bermeotarrak. Elkarteak eratu zituzten, onarpen bila; itsasoko erregimen berezian sartu dira, baina hainbat aldarrikapenek bere horretan jarraitzen dute; nonbait gordeta, aztertzeko zain. Esther Regidor eta Inma Peiro, kofradia kanpoan 10.000 kilo inguru pisatzen duen sarearekin lanean. Argazkia: Conny Beyreuther Ane Urkiri Ansola Lainotuta dago giroa. Joan-etorrian dabiltza euri tantak ere. Orioko Kofradia Berriko atzeko aldean daude lanean Inma eta Esther, saregile oriotarrak. Errekara begira daude, haize freskoa lagun. 10.000 eta 12.000 kilo artean pisatzen duen saretzarra konpontzen ari dira, eserleku txiki banatan eserita. Postalerako argazkia izan daiteke, baina hau ez da inolako antzezpena. Lanbide hau bizirik dago, nola edo hala, eta bizirik jarraituko du itsasontziak dauden bitartean. Urteak eman dituzte moila gainean lanean, hotz ala bero, baita izotzarekin ere. «Bai, baina zoratuta geundelako», erantzun dio Marijok Ana Mariri. Hauek goian daude, Kofradia Berriko lokal handian, saregileentzako egokitua izan dena. Aurrerapauso izugarritzat jotzen dute lokal hau, baina Estherrek, ñabardura eginez, askotan orduak konturatu gabe pasatzen direla dio, «eta argi artifizialarekin badirudi egunez dela». Sareak josten aurkitu ditugu guztiak. Bi kanpoan eta sei goian –zortziak atsedenerako elkartu dira 11.15 aldera–. Zortzi dira guztira. «Eta eskerrak hiru berri hasi diren, bestela lau geldituko ginatekeen». Bai, ondo egin dituzte kalkuluak. Beste bat berez jada erretiratua dago baina oraindik sareak konpontzen jarraitzen du; 1984an hasitako ogibideari eusten dio. Lanbidearteko gutxieneko soldatara iristen ez bada, posible du lanean jarraitu. «Kalkulatu egiten dut, noiz etorri eta noiz ez, zifra hori ez gainditzeko», esan du. «Ni gustura etortzen naiz, ez dakit besteek hala hartzen nauten; horren kezka badaukat», dio. «Bai, gu ere zurekin oso gustura gaude, gure amona», esan dio barrezka Idoiak, taldetik gazteenetarikoa denak. 44 urte ditu eta 20 urte inguru daramatza lanean; «tartean haurrak eduki ditut baina gutxi gorabehera, bai, 20 urte inguru», zehaztu du. Giro onean lan egiten dute, bakoitzak badaki zein den bere eginbeharra. Goian bost pertsona sare batekin lanean daude, hautsitako zati bana konpontzen. Lokalaren beste puntaraino zabalduta dagoen sarearekin dabiltza, momentuz. «Hau ez da lan nekeza, segituan bukatuko dugu», adierazi du Idoiak. Alboan beste sare bat dago, zabalduta hori ere; eta beste puntan beste bi sare dituzte, konpontzeko zain. Horiek ahalik eta bizkorren konpondu behar dituzte, baina ez dute bestelako presarik. Konpontzeko beharrizan handia dagoenean, Getariako portuan elkartzen dira, ondoren segidan arrantzaleek sarea hartu eta berriro ere itsasora abiatzeko. Horrelako lanak normalean martxo, apiril eta maiatzean egin behar izaten dituzte; berdelaren eta antxoaren sasoian, alegia. Ondareaz hitz egiten ari gara, lanbidea den ondareaz. Museo batean oroitzapen gisa iltzatuta geratu nahi ez duen ondarea da, funtsean, beharrezko lana dela iruditzen baitzaie. Iruditu bakarrik ez, hala da. Oriotarrek azaldu dute duela urte batzuk makina bat ere fabrikatu zela, sareak konpontzeko gai zen probatzeko. «Ez zen ondo atera, ezinezkoa delako», baieztatu dute irmoki. Beraiek sareak birziklatu egiten dituztela-eta lan horren balioa nabarmendu dute; Norvegian ez bezala, esaterako. Herrialde eskandinaviarrean apurtutako sarea berri batekin ordezkatzen dute. Ana Mari, egungo Orioko saregile eskarmentudunena; 1984tik dabil sareak konpontzen. Argazkia: Conny Beyreuther Onarpen bila. Erretiroa hartzeko adinetik gertu daudela, lanean daramatzaten urteen erdiak dituzte soilik kotizatuta Ana Rosa eta Begoña bermeotarrek. «Ez gara iritsiko 35 urte kotizatzera», dio bietako batek. Sasoi bateko saregileak 40 urterekin hasten ziren kotizatzen, azken 15-20 urte lan eginda nahikoa baitzuten. 14 urtetik 40 urtera arte eginiko lana, ordea, ahanzturan geratzen zen. Hamalau urterekin hasi ziren saregile gisa bi bermeotar hauek. Ikasteko grinarik ez eta lehenengo aukera portuan lan egiten hastea zen. Bermeoko portuan geratzen diren bi saregileak dira eta beste bi itsasontziren sareak konpontzen dituzte. Berez, 25 baxurako ontzi daude, baina soilik bik erabiltzen dituzte sareak. Orain hegaluzearen kanpaina hasita, ez dute beharrik. Gipuzkoan, aldiz, hegaluze bila doazen ontziek karnata egiteko ere erabiltzen dituzte sareak eta noizbehinka horiek konpontzeko eskakizunei erantzun behar izaten dituzte. Antxoaren kanpaina bukatuta, sare horiek konpontzen dabiltzala aurkitu ditugu zortzi saregile oriotarrak. Hondarribian eta Getarian hamazazpina saregile daude, baina Ondarroan, esaterako, erretiroa hartu dute guztiek eta dagoeneko ez dago inor. Oriokoek konpontzen dizkiote sareak baxurako ontzi ondarroar bakarrari. Autonomo gisa egiten dute lan. Gizarte Segurantzako itsas langileen erregimen berezian onartuta daude, baina onarpen hau heldu aurretik, Ana Rosa Ispizua bera propio ordaintzen hasi zen kotizatzen hasi ahal izateko. «Gu aldaketa guztiak erdian harrapatu gaitu», adierazi du Begok. Saregile eta neskatilen elkartea sortu zuten Bermeon 2009an, ikusgarritasuna lortu eta Lakuako Gobernutik onarpena jaso ahal izateko. Bost urte lehenago Ondarroako enpakadoreek sortu zuten itsasoko emakume langileen lehen elkartea. Onarpen horiek, ordea, ikastaroen baitan heldu ziren. Lanbide gisa aitorpena izateko ikastaroak egin behar izan zituzten nerabezaroan edo gaztaroan egunero sareak josten ibilitako emakume hauek. Neskatilentzat ere prestatu zituzten ikastaroak. «Lehen ikastetxean irakasleek ikasleei galdetzen zienean gurasoen lanbideez, amarenarekin zalantza egiten zen. “Neskatila” jarri? Baina, zer zen hori? Azkenean “etxeko langile” edo “beste lanbide bat” aukeratzen zenuen. Orain ez, orain esan dezakezu: ni tituludun neskatila naiz», adierazi du barre artean Josefi Suarezek. Minak leuntzeko pastillak hartzea normaltzat jotzen dute. Urte asko daramatzate albo-kalte hori dela-eta borrokan. Gaixotasun profesionala da. «Ni behin bakarrik egon naiz bajan, orga jasotzaile batek orpoan kolpekatu eta erori nintzenean», kontatu du Ana Rosak. Gainerakoan, umeak eduki izan dituztenean hartu dute baja; bestela, inoiz ez. Eta orduan ere tamainan. «Umea izandakoan, amak [haurraren amonak] zaintzen zuen», azaldu du Estherrek, eta Inmak esan dio berak zailtasun gehiago izan zituela; «nire ama ere saregilea baitzen eta biok joan behar izaten genuen lanera». Bere ama 35 urterekin hasi zen lanean eta 68 urterekin utzi zuen. Orioko Inmak eta Idoiak, esaterako, esku bakoitzeko karpo-tunelaren ebakuntza egina daukate. Lesio hau soilik onartua dago saregileen gaixotasun profesional gisa, ez besterik. Sorbalda edo bizkarrekoak ez dira lanak eragindako lesiotzat hartzen. Ana Rosak ez du karpo-tunelaren ebakuntza hori egin nahi izan, eginda atzamar eta eskumuturraren mugikortasuna galduko duen beldur. Inmari azken astean hasi zaio berriro ere sorbaldako mina. «Duela lau hilabete infiltrazio bat egin zidaten», kontatu du, eta hasiera batean ondo sentitu zen. Berriro hasi zaio mina eta medikuak aurrez aurre esan dio ezin diola lesioa gaixotasun profesional gisa onartu. «Berak aitortu zidan badakiela lanaren ondotik sortutako mina dela baina legeengatik ez dagoela onartua», azaldu du. Bizkarreko mina izatea ere ohikoa da. «Erreumatologia, traumatologia eta fisioterapiara» bisita ugari egiten dituztela diote. Bermeotarrek ohartarazi dute, gainera, tratamendu guztiak beraiek ordaintzen dituztela. Josefik gogoratu du duela urte batzuk ikerketa batean parte hartu zuela, emakumezko itsas langileen gaixotasun profesionalak antzemateko xedez. «Ikerketa hor geratu da, bidean galdu da», esan du. Orioko saregileak, Kofradia Berriko lokalean. Ezkerretik eskuinera, Esther Regidor, Miren Atorrasagasti eta Idoia Moreno, Marijo Ibarbia, Mari Jose Ibirriaga eta Inma Peiro. Argazkiak: Conny Beyreuther Aldarrikapenak hutsean. Itsasoko emakume langileen federazioa 2013an hasi zen gorputza hartzen. Ikusgarritasuna eta lanbidearen ofizialtasuna lortzeko aipaturiko ikastaroak egin dituzte, baina ordutik ez dute ikusi aspalditik dauzkaten bi aldarrikapen nagusiak bete direnik. Gainera, lanbidearen desagerpenak jada atzera bueltarik ez duela iruditzen zaie. Hala, ezkorragoak dira bermeotarrak, jada bi saregile bakarrik baitaude. Oriokoek uste dute itsasontzi bat dagoen bitartean saregileak egon beharko direla, baina ez dakite zein baldintzatan izango den hori guztia. Denbora aurrera doa, elkarte eta federazioak sortu zirenetik kontu gutxi bete dira eta belaunaldi berriek ez dute lan egiteko aukera gisa ikusten saregileen lanbidea. Dena den, Marijok dio beraiek behintzat oso gutxitan egoten direla 15 egun jarraian lanik egin gabe; beti daukate zereginen bat. Neguan sardina harrapatzeko sareekin aritzen dira eta udaberria izaten da sasoi indartsuena. Sasoi batean bi egun eta erdian 40 lanordu betetzen zituzten. Orain ordutegi finko batekin egiten dute lan, zereginaren araberakoa dena. Lan baldintzak ere hobetu direlakoan daude, teknologiak asko erraztu baitie egunerokoa; izan saregile, neskatila edota enpakadore. Mugikor bidez abisatzen diete patroiek noiz porturatuko diren eta zer nolako lana izango duten. «Sasoi batean portuan egon behar genuen eta ordu asko pasatzen genituen», azaldu du Josefik. Era berean, ordea, 24 orduz «konektatuta» egon beharraz jabetuta daude, antxoa edo berdelaren sasoian edozein ordutan jaso baitezakete abisua. Aldiz, sarea konpontzeko lanaz kanpoko arretagatik ez dute kobratzen. Bermeotarrei ordua zenbat kobratzen duten galdetuta, saiatu dira argitzen prezio bat hitzartua dagoela eta beraien kasuan orduko 10 euro kobratzen dutela. Gauzak horrela, badago aldarrikapenerako tarterik ere. Gaitasun agiri teknikoa daukate –«lanbidea onartua izan ahal izateko guztia bete dugu», diote–, berez egiten duten lana tekniko eta mantenimenduko langile baten gisakoa da, baina «peoiak bagina bezala tratatzen gaitu inguru guztiak». Hobeto azaltzearren, adibide gisa, lantegi bateko mantentze lanak egiten dituen baten lana jarri du Inmak. Bertan egoteagatik, arazoren bat dagoenean konpontzeko prest egoteagatik, kobratzen dute horiek; horrela dago onartua lana. Beraien kasuan portuan sareak konpontzen eginikoa baino ez dago onartuta eta, jakina, kexu dira. Hala eta guztiz ere, ez dute ahaztu nahi aurreko belaunaldiek eginiko lan eta ahalegin handia. «Lurrean eserita, erdi etzanda, josten zituzten sareak». Orain, aulki txikiak dituzte eta sarea beraien gerri parera igotzeko tramankulu bat ere badaukate. Horrek asko erraztu die lana. Ana Rosak eta Begok gogoan dute beraiek sareak josten hasi zirenean nola ikusten zituzten jada beteranoak zirenak: «Agian 50 urte edo apur bat gehiago zeuzkaten, baina hain lan gogorra da, zahartzaroa lehenago antzematen zitzaiela». Horrez gain, Josefik dio neskatilen lehengo lana are gogorragoa zela. Berak indar handiagoa zeukala iruditzen zaio eta, orain, kaxa bat heldu orduko gorputz osoko mina sentitzen duela. «Gaztetan festa batean, txingak jasotzen hasi nintzen eta inguruko guztiak harrituta geratu ziren», gogoratu du barrez. Orain hori eginez gero, bertan geldirik, makurtuta, ezin zutituta geratuko litzatekeela iruditzen zaio. Azken urteetan gertatutako aldaketa baten berri ere eman du. Kuota. Arrantzaleei aplikatutako kuotak; alegia, arrantza gehiegikeria eta espezieen iraunkortasuna babeste aldera ezarritakoak. Lehen nahi beste arrantzatzen zuten eta neskatilen lanaldia ere luzeagoa izaten zen, oraingoarekin alderatuta. Bermeoko enpakadoreak eta saregileak. Zutik, Mari Carmen Sañudo Solis eta Josefi Suarez. Eserita, Begoña Patiño Pardo eta Ana Rosa Ispizua Bilbao. Argazkia: Luis Jauregialtzo Koefiziente erregulatzailea. Duela urte batzuk galiziarrek mahai gainean jarritako aldarrikapen bat aztertzen hasia da Gobernu espainola azken hilabeteetan –pandemia iritsi aurretik–. Aztertzen soilik, «orain guztia geldituta baitago». Bestela ere, ezkorrak dira. Erretiroa hartzeko koefiziente erregulatzailea aplikatzean indar asko jarri zuten galiziarrek eta euskaldunak borrokara batu dira. Horrek aurretiko erretiroa erraztuko luke –orain bertan ezinezkoa den kontua– eta, bestalde, Josefik azaldu duenez, «arrantzale gizonek koefiziente horregatik, itsasoan lan egin duten urteengatik, askoz lehenago erretiratzeko aukera izaten dute, %100arekin». Itsasoko emakume langileen kasuan ez da inoiz kontuan hartu erregulazio hau eta, gainera, Begok uste du gaixotasun profesionalen aldarrikapena lehenago beteko dela erretirorako koefiziente erregulatzailearena baino. Dena dela, afera honetan, Inma oriotarrak uste du garrantzitsuagoa dela gaixotasun profesionalen onarpena aurretiko erretiroarena baino; horrekin beldur da ez ote den azkartuko lanbide honen desagerpena. Itsasontziak gero eta gutxiago daude: «Orion lau bapore daude eta ni gogoratzen naiz 25-24 zeudenean. Ni lanean hasi nintzenean, esango nuke 20-21 itsasontzi egongo zirela». Azken urtean hiru saregile berri batu dira Orion. 43 urte ditu Mirenek eta arrandegi bat zeukan. Joan den urteko otsaila eta martxoa bitartean egin zuen 80 orduko kurtsoa, derrigorrezkoa dena Gizarte Segurantzan izena emateko. «Orain zain gaude 300 ordukoa egiteko». Mari Jose ere Mirenekin batera hasi zen. Onartu dute batzuetan tentsio handia bizi izaten dutela, batez ere presaka dabiltzanean, baina orokorrean ondo pasatzen dutela. Gustuko izan behar duzula bat datoz guztiak eta onartzen dute ezinezkoa dela saregile baten soldatarekin bizirautea, ziurgabetasun handia dagoelako: «Osagarri moduko bat izan daiteke etxean ekonomikoki laguntzeko». Ziurgabetasunarekin jarraituz, gogoan dute Prestige petrolio-ontziaren hondoratzeak eragindako galera sektorean. «Etxean soldatarik gabe geratu ginen», kontatu dute Inmak eta Estherrek. «Hain justu, orduan berritu genuen ontzia, dirulaguntza batzuekin bultzatua izan zena», dio Estherrek, eta Inmak ere berdina egin zutela gogoratzen du. Gizonak arrantzaleak, emazteak saregileak, eta diru-sarrerarik ez etxean. Modu berean, antxoa arrantzatzeko debekua ezarri zenean ere antzeko bizipena izan zuten. Bost urtez egon zen geldirik antxoa sasoia. Koronabirusarekin ere bi astez gelditu zen antxoaren arrantza eta honek ere zalantzak sortu dituela onartzen dute. Nolanahi ere, guztiak izan ziren Getariako portuan arrantzaleak berriro itsasoratu behar zuten goiz hartan. Emakumeon lanik ezean, ezin itsasoratuta egongo lirateke eta. Uste dute oraindik garaiz dela erreakzionatu eta sektorea indartzeko. Bermeotarrak, esaterako, pozik daude Lakuatik iritsitako dibertsifikaziorako programekin. Turismo arlora begira jarri dira eta bisitak onuragarriak izan direlakoan daude. Ondarroako enpakadoreek ere parte hartu zuten programan baina, kasu honetan, Amaia Diz ezkorragoa da. Euskal kostaldean geratzen diren enpakadore bakarrak dira ondarroarrak eta «gu ez gara turismo gidariak, gu enpakatzaileak gara». Hauen kasuan igarri dute gero eta ontzi gutxiagok behar dutela beraien laguntza –itsasontzi gutxiago dauden heinean, arrantzatu ere gutxiago egiten baita– eta itsasgizonak beraiek arduratzen dira arrainaren sailkapenaz. Gaztetan hasitako ogibidea egiatan bultzatzeko deia egiten du, Ondarroako portua jada saregile gabe geratu baita. «Hau horrela ez bada / herriari galde / zenbat lan egin zuten / goiz ta arratsalde / bale haren arrantzak / zituen bi alde / eta gu gaude biei / kantatzean alde», jasotzen du Orioko talde feministak saregile hauei –eta itsasoko emakume langile guztiengana zabal daiteke– aitorpena egiteko asmoz 2016an idatzitako bertsoak. Arrantza sektorearen balioa nabarmendu nahi bada, postaletik harago doazen ekintzak eta politikak hartzea beharrezkoa izango da. Historian itzalean geratu izan dira saregileak, baina ondoriora joango gara berriro ere: hauek gabe ez genuke gure arrantzaleek arrantzatutako arrain freskorik jango.