19 JUL. 2020 LUMA BERRIEN AZTARNAK Danish Butter Cookies Iraitz Lizarraga Gomez Plastiko poltsa batean kabitzen zen izeba Karmenen herentzia; horixe behintzat zuzendariak eman zidana egoitzaren atarian. Plastiko poltsa eta doluminak; astronauta jantzi eta maskararen atzean apenas sumatu nezakeen gizatasun arrastorik... etsipen izpiren bat akaso? –Ez du sufritu, sedatu egin dute– esan zidan espazio sideraletik etorritako pertsonaiak. Ze detailea; morfina oxigenoa baino merkeago da antza, pentsatu nuen. –Ja... eskerrik asko– erantzuteko adorea besterik ez nuen izan ordea, azalpenek azalik gabeko agurraren samina ez zutela estaliko jakinda. Etxean tia Karmenen merienda horietako bat prestatu nuen, apaizek eukaristia gertatu ohi duten zeremoniaz: kafesneari zurrutadatxoa, madalena zatitxo bat jan, arnasa sakon hartu eta poltsa husteari ekin nion. Ez nuen altxorrik espero, emakume xumea zen Karmen eta alokairuan bizi izan zen beti: –Entzun, aldaka puskatzen dinaten egunean erresidentziara eraman behar naun, bai ala bai– bota zidan behin. –Baina, izeba.... –Adin batetik aurrera bihotza lehertzen ez zaionari aldaka puskatzen zaion. Bihotza aspaldi apurtu zidatenan eta hala ere bizirik nagon, harrizkoa izango dinat dagoeneko beraz, lehertu behintzat ez zaidan lehertuko. Baina edozein momentutan erori eta aldaka puskatuko dinat edo aldaka puskatu eta erori: ordenak ez din ondorioa aldatzen. Hortxe hasten dun gainbehera.... eta nik ez dinat inorentzat zama izan nahi. Bat-bateko ateraldi haiekin jendea zur eta lur uzteko gaitasuna zuen izebak eta nik autolaguntza liburu merke bateko esaldi antzu batekin erantzun baino, nahiago izan nuen isilik geratu. Urrezko lepokoa zen poltsako objekturik baliotsuena, dirutan bederen; zintzilik zuen Arantzazuko Amaren iruditxoa ikusi orduko barre ttikia eragin zidan. Izeba ez zen batere fededuna baina hala ere urtero joaten zen parrokiakoekin santutegira, amabirjina gurtzera baino, Oñatiko taberna batean egiten zuten babarrun janaz gozatzera, berak aitortu zidanez. Diru-zorroan NANa, kreditu txartela, pentsionista txartela eta Osakidetzakoa, Eroski Cluba, liburutegiko karneta eta tolestutako polaroid bat. Azken horretan Karmen eta Maria, izebaren lagun mina, agertzen ziren Eiffel dorrearen aurrean besotik helduta; elkarri begira eta algara batean. Hamalau urte eskas zituela joan zen izeba Donostiara neskame: Maria etxeko alaba gazteena zen eta klase distantziak gaindituta lagun egin ziren. Izeba mertzerian lanean hasi zenean ere egunero geratzen omen ziren, kafesne eta madalenak meriendatzen zituzten eta bidaiak egiteko planak diseinatzen: Madril, Sevilla, Erroma... eta Paris, batez ere Paris. Igandetan madalenen ordez mantekilazko gaileten kaxa urdina ateratzen zuten, Danish Butter Cookies eta ondoren Kontxako paseoan gora eta behera pasatzen zuten arratsaldea. Maria etxe oneko mutil batekin ezkondu eta lagunen eguneroko zitak asteroko bihurtu ei ziren hasieran, hileroko erritual ondoren eta, azkenean, elkar ikusteari utzi omen zioten. Izeba ez zen sekula ezkondu; izan omen zuen nobio bat baina soldadu joan zenean berehala ohartu zen hura gabe hobeto bizi zela, libreago. –Mutil ona hunan, baina... maitia gora eta maitia behera, aspertu egiten nindunan harekin!–. Urte luzetan elkarren berri izan gabe egon ziren bi lagunak, Maria alargundu zenera arte, berrogeita hamarren bat urte izango zituzten ordurako. Goiz batez mertzerian agertu omen zen treneko bi txartel eskuan. –Orain bai Karmen, goazeman Parixa!–. Hurrengo egunean bertan Norteko estazioan elkartu ziren bi lagunak maletatxoa eskuan eta igandetako arropak soinean. Pariseko lau egun horiek zoriontasunaren gailurra izango balira lez deskribatzen zituen izebak: Notre Damme, Eiffel dorrea eta batez ere Sena ertzean zehar egin zituzten paseoak aipatzen zizkidanean argiaren hiriko klartasunez dir-dir egiten zioten begiek. Bueltakoan kafesne eta madalenen eguneroko errituala berreskuratu zuten, baita igandetako gaileta kaxa urdinarena ere eta Urumea ibaia Sena zela imajinatuz paseatzen zuten. Bertso-zale amorratuak ziren biak; hiriko bertso saio guztietara joaten ziren, eta uda garaian trena iristen zen inguruko herrietakoetara ere. Gogoan dut azken trena galdu zutela eta euren bila joateko deitu zidan egun hura: autoan sartuta bi gazte nerabe ziruditen! Kontu kontari, bertsoak komentatu, poto eta errimen zerrenda egin eta batez ere barre egiten zuten, algaraka. Ez dakit nola gertatu zen; izebaren paseo luzeak egunetik egunera laburragoak zirela ohartu nintzen eta armairutan madalena poltsak eta gaileta kaxa urdinak pilatzen zitzaizkiola. –Gaur ez zara Mariarekin geratu izeba? –Ez... bere seme-alabek bahituta dinate. Zaintzaile bat jarri zioten… Luisa Fernanda. Ala agian bi ditun? Luisa eta Fernanda? Etzekinat neska! Orain harekin paseatzen din... haiekin... Pasarte hura gogoan poltsa husten jarraitu nuen: koaderno zahar bat atera nuen, gastuak, telefono zenbaki solteak, hitzorduak eta denetatik apuntatzeko etxe guztietan egon ohi den horietakoa. Zabaldu eta berehala antzeman nuen izebaren letra baldarra, baina han ez zen erosketa zerrendarik, bertso eta kopla sorta kuriosoa baizik. Ausaz bat aukeratu eta irakurri nuen: Urteak pasatu arren laguntasunari heldu bi neskatilen gisara Parisen ginaden galdu musu bat eman zenidan baita gerritikan heldu orduztik zure azala ezin burutikan kendu Gauza bat esan nahi dizut ta etzazu gaizki hartu Entzun arretaz Maria eta bihotza zabaldu dexente xahartu gara galtzekorikan ez dugu Bekatu izanagatik maitatzeak merezi du Koaderno hura ez zen niretzat... Kotxe barruan nago Mariaren ezkaratz aurrean aparkatuta: gaileta kaxa urdin bat pilotukide, Danish Butter Cookies; barruan izebaren bertso koadernoa. Atzo ere etorri nintzen, eta herenegun... astebete daramat etortzen. Oraindik ez dut tinbrea jotzeko adorerik bildu. Idazleari buruz... Iraitz Lizarraga Gomez naiz, izatez aktore eta aire akrobata, batzuetan irakasle eta ipuin kontalari. Adierazi nahi nuenerako hitza eskas geratu eta gorputzaren bidez espresatzera bideratu nuen nire lana; letrekin adiskidetu naizen honetan, tarteka idazle paperean sartu eta haiekin malabarak egiten saiatzen naiz. Testu bat argitara ekartzeak badu trapezio gainean sentitzen dudan bertigoaren antza; adrenalina gosea asetzeko idazten dudala esango nuke, bizirik sentitzeko.