Trabak
Arazoa traba izaten da beti edo gehienean, eta traba, arazo; parean jartzen zaigun hormatzarra moduan agertu eta gainditu beharreko zerbait erakusten du. Parean jartzen zaiguna edo espresuki jartzen digutena. Bizitza bera horixe da nolabait, traba handi edo txikiak deseginez eta gaindituz irekitzen dugun bidea-edo.
Gainerakoei trabak ezarriz norbere arazoak konpontzea ez dut uste gauza berria denik. Batzuen bizitza horixe dela ematen du, besteei bidean ahalik eta trabarik handienak ezartzea, eta horrelaxe konpontzen dituzte euren arazoak, eta konpondu ezean estali egiten dituzte gutxienez, eta estali ezean... ondo sentitzeko balio diete, itxura denez.
Espetxeetan behin eta bitan baino gehiagotan ikusi ditugu kartzelariak eskaeraren batengatik greba egiten: soldata igoera, lan baldintzen gorabeheraren bat... Beren aldarrikapenen alde presio egiteko, presoei posta ez banatzea, presoen bisitak oztopatzea, espetxe barruan presoen beharrizan orokorrak trabatzea eta gisakoak egiten ikusi izan ditugu. Baina inoiz ez kontaketarik ez egitea. Kartzelariek, grebaren batean beren aldarrikapenen alde presio egiteko puntuen artean sar zitezkeen presoak eta senideak izorratzeko modu asko, baina ez zen sartzen kontaketa ez egitea. Guztiek preso jarraitzen zutela jakitea garrantzitsuago zitzaien, nonbait, beren aldarrikapenak baino.
Gauza bera ari da gertatzen izurri berriaren ondorioz presoekiko hartu dituzten neurriekin. Bisitei dagokienez, batez ere. Aski denbora izan dute afera horri zentzuzko konponbide bat ematen saiatzeko, presoak beraien herrialdeetara hurbilduz, esate baterako, adin handikoak edo gaixoak baldintzapean askatuz, gizabidezko beste neurri batzuk hartuz...
Osasunaren Mundu Erakundeak eta Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordeak zenbait gomendio egin zituzten izurrite honen harira espetxeetan hartu beharreko neurriez. Estatu batzuek kontuan hartu dituzte gomendio horiek eta milaka preso askatu. Baina badirudi edozein erakunderen edozein gomendiotik salbuetsita geratzen direla Estatu espainiar eta frantsesean euskal preso politikoak. Ez da, beharbada, ustekabea, baina bai kartzelarikeria.
Katzelarikeriak irizpide izaten jarraitzen du kartzeletan, Angel, zuk ondo dakizunez. Beren arazoak konpontzeko besteei trabak ezartzen jarraitzen dute, horixe delako, agian, beren izatearen funtsa.