7K - zazpika astekaria
LUMA BERRIEN AZTARNAK

Erroma zorretan


Zigorra. Horixe da: zigorra”, pentsatzen zuen berekiko bide malkartsuetatik zaldian lauhazka zihoala bere eskoltarekin. Zaldizkoen zilar-koloreko armadurek ilargipean distiratzen zuten eta, tarteka, gau isila zaldien irrintziek urratzen zuten. Haien hatsek hodei zurixkak marrazten zituzten iluntasunean. Maximus bere Dux konfiantzazkoa gerturatu zitzaion.

• Kopetilun zaude nire jenerala!

• Augustok umezaintzat nau eta ez jeneraltzat, ene Maximus. Zigor bezala zilar meategiak besterik ez dauden hiri batera bidaltzen nau… zertara eta ezkontzagintzara!

• Akitaniarrak lehenik, asturiarrak gero eta kantabriarrak azkenik menderatu zenituen, o corona navalis eta horregatik Pontifexek zu hautatu zaitu eginkizun honetarako.

• Ahaztu al duzu, Maximus, Pontifexek, zuk deitzen duzun bezala, Hirirako Pretore izendatu eta Roman gerarazi ninduela, Quinto Salvidieno Rufo  jeneralarekin galiarren kontrako kanpainarantz abiatzen zen bitartean?

• Baina zurea da orain jeneral nagusiaren Pulidamentuma, Agripa handia! Quinto Salvidieno Rufo ez da inor. Traidore bat. Augustorentzat ez dira alperrik izan Hirirako Pretore zineneko zure Sexto Pompeyoren kontrako garaipena, ez eta Marco Antonio eta Kleopatraren kontrako Actiumeko batailako garaipena ere ez.

• Bada, antza nire cursus honorum ez deusa da Cesar Augustorentzat, amodio artekaritzarako baino ez baldin banau kantabriarren lurraldean.

• Baskoien lurraldean dago Oiassoko civitasa, o Agripa. Mar Externumeko portu garrantzitsua da. Ailegatzen ari gara. Hor dago portoriuma.

Civitaseko garnizioa berehala formatu zuen zaldizko legionario pretoriarrak, Equites singulares Augusti, jeneralaren kapa purpura ikusitakoan. Gutxi ziren horrelako bisitak. Hiriko buruzagia berehala zen bertan ongietorria eginez:

• Marcus Vipsanius Agrippa jenerala, Erroma hiriko Pretorea, corona navalis, Junoren seme kuttuna, legioetako legatua. Ongi etorri Oiassora!

• Agur, Belteson, Baskoien buruzagia. Augusto handiak bere adeitasuna helarazten dizu. Gure zaldiak bildu eta goazen zure etxeko tricliunumera.

• Bai, legioetako legatua.

Oiasso hiri txikia iruditu zitzaion Agripari, Tarraconensiseko txikiena dudarik gabe, eta Belteson buruzagiaren etxea are txikiagoa eta deserosoagoa. Harrituta zegoen nolatan Augustok Tarracorako galtzada eta Burdigalarakoa hiri horretan gurutzarazi zituen. Burutapen horiek Beltesonek moztu zituen:

• Barka, o jenerala. Valerio nire semea.

• Agur Legioetako Legatua! – diosala egin zuen latin traketsean.

Gaztearen begirada eder basatiak berehala liluratu zuen Agripa. Gihartsua zen eta bere hazpegi ederra ez zitzaion oharkabean pasa.

• Agur, agur Valerio. Etzan gurekin afaltzera. Beraz, zu zara zerarekin, zerarekin… nola deitzen da?

• Anderiega, o jenerala! – lagundu zion bere konfiantzazko Duxak.

• Eskerrik asko Maximus. Beraz, zu zara Anderiegarekin ezkonduko dena bihar?

• Ez da Anderiega… “andere” gure hizkuntzan… – hasi zen gaztea.

Deblauki, etxeko leiho eta ateetatik soldadu legionarioak sartzen hasi ziren, ezpataz eta lantzaz ondo hornituak.

• Rufo traidorearen gizonak dira! Erne jenerala! – oihu egin zuen Maximusek, ezpata ateratzen zuen bitartean.

Beranduegi, ordea. Agripak bi soldadu gainean zituen eta lurretik ahal moduan bere burua defendatzen zuen daga txikiarekin. Belteson beste birekin ari zen nor baino nor. Maximusek hiru arrastoan sartuta zituen. Laster ezpatak gurutzatzen direneko hots metaliko karrankaria gelako paretetan jabe zen.

Parean zuen etsai baten ezpata kolpe zehatz batek Agriparen eskumuturra kolpatu eta dagarik gabe utzi zuen, jenerala babesgabe utziz. Lantzarekin zehartu behar zutenean eta jeneralak “nireak egin du” berekiko zionean, Valerio ezerezetik atera zen eskuz egindako aizkora lagun Ruforen legionarioaz libratu eta jeneralarekin eta aitarekin borrokan ari zirenetako bati hanka moztuz. Gizonen oihu eta intziriak ezpata hotsen soinuarekin nahasi ziren orduan.

• Pretoriarrak datoz! Ospa egin dezagun! – oihu egin zuen erasotzaileetako batek eta, alde egiten ari zela, erditik zeharkatu zuen Valerio bizkarretik.

• Aita! – oihu egin zuen gazteak euskaraz – Aita, aita… – eta azken hatsa egin zuen.

Pretoriarrak iritsi zirenerako Ruforen gizonak alde eginak ziren eta Belteson buruzagia, gaztearen gorpuaren aurrean zegoen negarrari ezin eutsiz, guztiz atsekabeturik “seme, seme, seme…” behin eta berriro errepikatuz.

• O Erromako Pretore! Hiri hau ez da segurua. Abiatu gaitezen – esan zuen pretoriarren buruak.

• Inondik inora ere! Gazte honi bizitza zor diot eta, beraz, Erroma zorretan dago berarekin. Bere aita eta ni salbatzeko bere bizitza eman du. Merezi dituen hiletak egingo dizkiogu eta Augusto handiaren izenean baskoiek duten adorea betiko aitortuko dugu bere hilarrian – oihu egin zuen Agripak haserre.

Hilarri hori Andrearriagako hilarria izan daiteke, Oiartzun eta Irun arteko mugarri izan dena, gutxienez XV. mendeaz geroztik. Goialdean, bi pertsona ageri dira, ezkerrekoa zaldi gainean eta eskuinekoa zutik eta aurretik ikusita. Gizon baten izena dauka idatzita, latineko izen arrunt bat, baina harekin batera jatorrizko familia lotura adierazten duen izendapena darama: “Valerio, Beltesonen semea”.

• Eta kontatu bezala gertatu izan balitz?

Idazleari buruz...

David Izaga Caminos (Donostia-Irun, 1970). Funtzionarioa ogibidez eta parrandazale damugabea bokazioz, lanean testu oso aspergarriak idatzi behar ditu. Horregatik, euskarazko abentura istorioak sortzea plazera da berarentzat. Izan ere, hizkuntzarekin jolasean aritzea eta ondo pasatzea eta pasaraztea beste helbururik ez baitu irundartutako donostiar honek.