7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Arauak


Arauetan zehaztasuna izan ohi da gakoa, legerik zorrotzenetan ere. Zehaztasunik ezak ematen du tartea norbere iritziaren neurrira ekartzeko edozein lege eta arau, edozein agindu eta enkargu. Baina baita arau eta legeak ezartzen edo zaintzen dituenaren irizpidea lege eta arau goren bilakatzeko ere. Horrela, edozein funtzionario, polizia edo kartzelari analfabeto eta zentzugabe izan daiteke agintedun goren. Horixe erakusten dizu esperientziak, eta horrela funtzionatzen dugu.

Azken bolada honetan ez gabiltza arau eta lege faltan. Arazoren batekin topo egiten dugun bakoitzean ezartzen dizkigute arau eta lege berriak, debekuak, aginduak, eta dena da betebeharra. Izurria ez kutsatzeko mozala ezarri digute, eta mozala erabiltzeko arauak: non erabili, noiz erabili... Ez da erosoa eta salbuespenak ere ulertzen dituzte. Gaitz erdi!

Kirola egiten dutenak salbuetsita daude. Ez dakit kirola eta ariketa fisikoa sinonimo ote diren; ariketa fisikoa kiroltzat har ote daitekeen. Dena dela, orduko hamabost kilometroko abiaduran korrika doana, esate baterako, mozala erabiltzetik libre legoke. Orduko bost kilometroko abiaduran doana ere kirola egiten ari da, eta mozaletik libre izango da. Begirada batean ikusten da zein den kirolari, janzkerak erakusten du, horretarako jantzi bereziak daudelako. Eta kirolari jantziak soinean eramanez gero, agian ez litzateke korrika doanaren abiadura kontuan hartu behar mozaletik libre izateko. Areago esango nuke; kirolari jantziz gero, agian ez da ezinbestekoa ariketa fisikoan senperrenak egiten aritzea...

Edozein modutara ere, kirola edo ariketa fisikoa egitean guztiei, zahar edo gazteei, sasoikoei, gaixorik direnei, herrenei, mainguei, tripa-handiei, amonei eta bilobei... ez litzaieke abiadura jakin bateko baldintza bera ezarri behar mozala ez erabiltzeko.

Berez ez dakit zergatik egiten den salbuespena korrika bizian edo bizikletan doazenekin, edo beste ariketaren batean indarka ari denarekin; ez dakit zertarako egiten den edo egin behar dugun denok kirola, zer nezesidade dagoen horretarako. Batentzat kirola egitea bezain mesedegarri izango baita beste batentzat eserita patxada ederrean egotea.

Haserre nago asunto horrekin, Egoitz, aitortzen dut. Gustura sentitzeko korrika egiten duena libre bada, zergatik lotu behar zaio mozala bide ertzean eserita inguruari begira zorionaren mesedetan dagoenari?