20 SET. 2020 IRITZIA Jabetu Alaia Martin Ez dago esan beharrik; hitzekin erne ibili beharra dago. Erne egiten baitute hitzek, landatutakoa hazarazi. Albistegia entzuten ari nintzela uste dut, Jaurlaritza berriko kideak euren karguaz jabetu direla entzun dudanean. Zaila behar du halako kargu batez jabetzeak. Jabetzea diodanean, konturatzea esan nahi dut, kontzienteki hartzea eta neurrian erantzuteko moduko buru-lana egitea. Zaila da orokorrean jabe izatea, burujabe izatea, egoerak barneratzea, parekoaren beharrez jabetzea, parekoaren beharretatik guk ase behar genituzkeenak zeintzuk diren eta zeintzuk ez jabetzea, geure beharrez jabetzea eta geure beharrez jabetuagatik salbuespen uneez jabetzea, lehentasunak atzeraezinak direnean… Zaila ez baldin bada, ez da erraza. Kargu batez jabetzea erraza da praktikan, baita ponpoxoa ere. Idatzita egoten da protokoloa, idatzita hondo-musika partiturak eta idatzita gutxitan berrikusten diren betebehar edo zinak. Hala eta guztiz ere, ez dut uste kargu jabetzen diren guztiak euren karguez jabetzen direnik, zertan ari diren argi dutenik eta euren lanaren edo lan eskasiaren ondorioak ezagutzen dituztenik edo horietan pentsatzeko, jabetzeko, tarterik hartzen dutenik. Bestela ez dut uste orain, hemen eta horrela geundekeenik. Ez dut hala uste nahi. Ez dakit karguaz jabetzen dena bere botereaz jabetzen den eta bere eraginaren dimentsioa barrundatzeko gai den. Jabetzen ote den, benetan, bere jardunaren edo itsutasunaren atzean – aurrean baino gehiago – pertsonak daudela, familiak daudela, elkarteak daudela, proiektuak daudela, ekosistemak daudela, jaio gabeko belaunaldien aukerak daudela jokoan. Jakin nahi nuke benetan, karguaz jabetzen dena honetaz guztiaz jabetzen ote den, diskurtsoaz harago. Kargu jabe bihurtzen denak ba ote daki, edo jakiteaz harago, jabetzen ote da bere aurrekontuen arabera daudela osasuna, hezkuntza, feminismoa, ingurumena, ekonomiaren jasangarritasuna eta bizikidetza? Jabetzen ote da diru banaketa ez dela ongi ala gaizki ebatz litekeen sudoku bat, denbora-pasa bat, edo lagun artean banatzeko Monopoly partida bateko mozkina…? Jabetzen dira, benetan? Edo jabetzearen zentzu bakarra ezagutzen dugu, jabetzearekin zerikusirik ez daukana? Jabe izatea, jabe sentitzea, norberarentzat eta norberarekin bat datozenentzat bakarrik lan egitea… Sentipena izaten dut agintari asko horrela jabetzen direla euren karguaz, kargu horien jabe balira bezala, indar zerutar batek hala izendatu balitu bezala, ez hemen eta orain, edonon eta betiko hartuko balute bezala, benetan beraiena dela hartuko balute bezala. Lotsajabeki. Karguaz jabetzen denak bereziki jabetu behar luke bere arduraz eta bere jabetzaren publikotasunaz; denona eta denok ordezkatzen ari dela gogoratu behar luke goizero-goizero, sinaduraro-sinaduraro eta zalantza bakoitzean. Karguaren jabe egitetik baino gertuago egon behar luke kargudunak kargua alokatzetik, gerora ez kargua saltzeko eta ez espekulatzeko. Albistegiren batean entzun nuen karguaz jabetu zirela. Poztuko nintzateke benetan hala balitz, askotan jabetzerako igarotzen baitira lau urteak. Jabe izan gabe jabetu daitezela. Jabetzen ote den, benetan, bere jardunaren edo itsutasunaren atzean – aurrean baino gehiago – pertsonak daudela, familiak daudela, elkarteak daudela, proiektuak daudela, ekosistemak daudela, jaio gabeko belaunaldien aukerak daudela jokoan.