18 OCT. 2020 XX. mendearen lehen erdia, Toribio Noainen begietatik Toribio Noain Arzac argazkilariaren oinordekoek haren funtsa dohaintzan eman diote Kutxa Fototekari. Bilduma XX. mende hasierako 32 negatibok osatzen dute. Argazki batzuk familian eginiko irudiak dira, baina askotarikoa da funtsa; horietako hainbat «Novedades» aldizkarian argitaratu ziren eta badira ere 36ko gerran hartutako irudi batzuk. Gurutze Anduaga Toribio Noain Arzac (Oiartzun, 1878 - Donostia, 1950) argazkilari emankorra izan zen, XX. mende hasierako irudiak argitara eramanez. Lotura estua izan zuen “Novedades” aldizkariarekin. Izan ere, argitalpen horren akziodunetako bat zen eta kudeatzaile lanak ere egin zituen bertan. Aldizkariko ale ia gehienetan bere argazkiren bat argitaratu zen. Goitizena ere erabiltzen zuen Noainek. Irudietako batzuk “Urcabe” izenez sinatzen zituen, Oiartzungo mendiari erreferentzia egiten ziotenak. Beste askotan abizena erabili izan zuen. Funts mardul hori Kutxa Fototekaren esku utzi dute orain Noainen oinordekoek, dohaintzan eman ondoren. Beirazko xafletan gordetako 32 negatibok osatzen dute bilduma, XX. mende hasierako irudiak biltzen dituena. Horietako batzuk familian bertan ateratako argazkiak dira eta, beste hainbat, aipatu “Novedades” aldizkarian argitaratuak. Gerra ondokoak. Toribio Noainek 36ko gerra osteko gizartea irudikatu izan zuen, eta lan esanguratsuenen artean nabarmentzekoak dira “Estampas de la Guerra” izenburupean argitaratutako sei albumak, gerra hartako hainbat unetan eta fronteetan ateratako une desberdinak biltzen dituztenak, Donostiatik bertatik hasita. Toribio Noain album grafiko horien administratzailea eta zuzendaria izan zen. Bere lana, gainera, “Novedades” aldizkaritik harago joan zen. Kutxa Fototekatik at, Noainen argazki originalak aurki daitezke, hala nola, Eusko Ikaskuntzan, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioan eta San Telmo museoan. Noainen oinordekoek egindako dohaintzak osatu egingo du Kutxa Fundazioak bere fototekaren bidez babesten, ikertzen eta zabaltzen duen ondarea. 1973an sortua, Marin eta Photo Carte fundak eskuratzeaz bat, Kutxa Fototekak 1.500.000 objektu fotografiko baino gehiago bildu ditu urte hauetan guztietan, gaur egun hogeitik gora funts eta bildumatan banatuta daudenak.