01 NOV. 2020 Trump-en hormaren Mexikoko aldea Alberto Pradilla, argazkiak: Alejandro Cegarra Sandra Ocampo Atanasio, 25 urtekoa, abuztuaren 22an deportatu zuten Brownsvilletik (AEB). Besoetan zeraman seme jaioberria, Joshua. Bi egun lehenago, haurdun zegoela, Rio Bravo zeharkatu zuen, Mexiko eta Ameriketako Estatu Batuen arteko hesi naturala, asilo eskatzeko fedez. Emakume gazte hau mexikarra da, Guerrero estatukoa, eta hilabete batzuk zeramatzan Matamorosen (Tamaulipas), eraikitzen ari den errefuxiatu-kanpamentuan harrapatuta. Muga noiz irekiko zain egoteaz nazkatuta, pentsatu zuen beste aldean, AEBetan, erditzeko zorian egonda migrazio-agintariak malguagoak izango zirela eta Estatu Batuetan gelditzeko aukera emango ziotela. Oker zegoen. Erditu eta berehala itzularazi zuten. Bi egun lehenago Hector senarra eta bikotearen beste bi seme-alaba kanporatu zituzten. Hala, berriz ere lurreko koltxoi batean lo egitera eta kanpin-dendari itxura ematen zioten plastikoen artera itzultzera kondenatu zuten. Krimen antolatuaren menpe dago dena leku horretan, gainera. Matamoroseko asilo-eskatzaileen kanpamentuan egotera kondenatutako 700 lagunetako bat da Sandra Ocampo. Milioi erdi biztanle ditu Mexikoko ipar-ekialdean dagoen Matamorosek. Rio Bravoren ertzean eraikitako kanpalekua da, dendaz josia, Estatu Batuekin bat egiten duen nazioarteko zubitik metro gutxira kokatua. Abuztuaz geroztik, perimetroa hesi batez inguratuta dago; beraz, hango biztanleak ezin dira ibaian bainatu ere. Hasieran, Estatu Batuetako kolektiboek emandako karpak ziren, baina plastikozko auzo hori profesionalizatu egin da. Hondurastarrak, guatemalarrak, salvadortarrak, venezuelarrak, kubatarrak eta mexikarrak bizi dira bertan. Bere garaian, 2.500 lagun zeuden, Mugarik Gabeko Medikuen (MSF) datuen arabera. Covid-19aren pandemia heldu zenetik, kanpamentuan egondako GKE bakarretako bat da. Gaur egun, kanpalekuan geratzen direnetatik inork ez du alde egin nahi, beste aldera gurutzatzeko ez bada. Hain da handia haien nahia, ezen “Hanna” ekaitzak kanpin-denda ugari suntsitu arren bertan bizi direnek ez baitzuten onartu lekualdatzeko eskaintza. Ur-hondarrak lurrean ikus daitezke. Kanpalekua zeharkatzen duten errekastoak dira, Rio Bravon amaitzen direnak. Ubide prekarioak dira, uholdeak saihesteko. Krimen antolatua. Matamorosen krimen antolatuak kontrolatzen du muga. Hain zuzen ere, Cartel del Golfo deiturikoak. Egitura horrek legez kanpoko negozioak egiten ditu Estatu Batuekin lege lehorraren garaitik, aurreko mende hasieratik. Gurutzatzeko eta entregatzeko, Ocampo Atanasiok eta haren familiak egin bezala, 500 dolar ordaindu behar dira. Houstonera (Texas) eraman zaitzaten eta legez kanpoko migrante bihur zaitezen, tarifa 14.000 dolarrera irits daiteke. “La maña”-ri –hala esaten diete mafiosoei– ordaindu gabe gurutzatzen saiatzen bazara, hobe duzu ez itzultzea. Izan ere, kartelaren arauak ez errespetatzea heriotzarekin ordaintzen da. Kartelek begiak dituzte alde guztietan, kanpin-denden artean. Ez dezagun ahaztu hau Tamaulipas dela, migranteentzako lurralde madarikatua. Duela hamar urte, hemendik 80 bat kilometrora, 72 atzerritar exekutatu zituen Los Zetas taldeak, migranteen aurka egindako sarraskirik handienean. Kanpaleku hori da Donald Trump AEBetako presidentearen ate itxien politikaren ondorioetako bat. Izan ere, Trumpen ibilbide politikoaren oinarrietako bat atzerritarrei eraso egitea izan da. Migranteei amets amerikarra lortzea eragotziko dien horma eraikitzea da Trumpek gehien errepikatutako promesetako bat. Leku horretan, ordea, Rio Bravoko urek (ibaiak ez du izen hori kasualitatez) eta lege-xedapenen amaraun batek osatzen dute harresia. Horren ondorioz, Estatu Batuetan babesa lortu nahi dutenek Mexikon egon behar dute hilabetez. 2019ko martxoaz geroztik, “Remain in Mexico” politika ezarria dago. Plan horren bidez, beste aldean asiloa eskatzen dutenek hegoaldean beren prozesua konpondu zain egon behar dute. Muga zeharkatu nahian harrapatu eta asiloa eskatzen dutenean, atzerritarrek rol bat hartzen dute, epailearekin hitzordua dutela argudiatuz. Orduan bakarrik igaro ahalko dira beste aldera. Joan-etorriko bidaia laburra da, tramitea egin ondoren Mexikora itzultzen baitira. Jendea nazkatu eta akitzeko pentsatuta dago politika hori. Indarkeriatik ihes egiten duten familiak Tijuana, Juarez, Nuevo Laredo eta Matamoros bezalako hirietan harrapatuta gelditzera behartzen ditu. Biolentzia handiko hiriak dira eta, gainera, bertan ez dute familia-sarerik. Horrela sortu zen Ocampo Atanasio eta bere familiaren arteko kanpalekua. Egia esan, Trumpek ez zuen inor engainatu. Diskurtso xenofobo batean oinarrituta iritsi zen Etxe Zurira, eta, boterean, politika xenofoboak ezartzen saiatu izan da beti. Harrigarriena, baina, Rio Bravotik hegoaldera aurkitu zuen aliatua izan zen. Andres Manuel Lopez Obrador, 70 urteko Mexikoko lehen gobernu ezkertiarreko lehendakaria, migranteak atxilotu eta deportatu zituen Trumpen bazkide nagusia izan zen. Koronabirusa aitzakia ezin hobea izan zen AEBetako presidenteak bere ametsetako politika martxan jarzeko: muga ixtea, asilo eta migrazio izapideak etetea eta Melillan erabiltzen diren “berehalako kanporatzeen” antzeko errefusatze-sistema espresa sortzea. “Remain in Mexico”-ren lehen urtean, 65.000 pertsonek baino gehiagok, gehienak erdialdeko amerikarrak, hegoaldera itzuli behar izan zuten, epailearekin zuten hitzorduaren zain egoteko. 500 pertsonak bakarrik jaso zuten errefuxiatu izateko baimena. Martxoaren 21etik aurrera, pandemiaren ondorioz muga itxi zenean, ia 170.000 pertsona itzuli ziren mugatik atzera. Espresuki argudio hori erabili zen Ocampo Atanasio bere haurrarekin itzularazteko. Ibaira jauzi egitea ihes egiteko modu desesperatua izan zen Sandrarentzat. Ez da saiatzen den lehena. Haurdun dagoen emakumeak gurutzatzea edo seme-alabak mugatik bidaltzea, bakarrik dauden adingabe gisa har ditzaten, txanpon beraren bi aurpegi dira. Kanpamentuko mugak itxi zirenetik itxaropena galdu zuen jendeak. «Ibaia zeharkatuz gero, beste aldean hartuko dituztela uste dute. Ikusi dutelako. Baina zalantzazkoa da Estatu Batuek irizpide bat dutenik. Ez dago patroi berezirik», dio Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) erakundeko gizarte-langile Paula Juarezek. «Batzuek urte osoa daramate itxaroten, eta ziurgabetasun handia dute. Ekainetik aurrera, hitzorduak atzeratzen ari zaizkie. Orain ez dakite sei hilabetean ere muga irekiko duten. Ikusi dituzte ibaia gurutzatzen dutenen egoera horiek, batzuei funtzionatu egin baitie eta erreplikatu egiten dute. Ez daukate ezer galtzeko», azaldu zuen. Ihes egiten duten mexikarrak. «Guerreron indarkeria handia dago, gauza itsusi ugari ikusten da. Gertaerek ingurutik ateratzea eragotzi ziguten», azaldu du Ocampo Atanasiok. Tecpan de Galeanatik dator, Guerrero izeneko kostaldeko herri txiki batetik, hiriburutik 300 kilometro hego-mendebaldera. Eremu pobrea da, eta krimen antolatuaren presentzia handia da bertan. Estatuko eremu menditsuetan mitxoleta-sailak daude, Estatu Batuetarako droga-trafikoaren lehen etapa direnak. Hemen ugaritu egiten dira ibilbidearen zati bat kontrolatu nahi duten talde armatuak. Estatuaren absentzia odoltsua da. Beraz, Guerrero Mexikoko lurralderik arriskutsuenetako bat bihurtu da. Ocampo Atanasioren bizitza indarkeria horren isla da. Tacambaron jaio zen, Michoacanen, Tierra Caliente deritzan herrixka batean, narkotrafikoko taldeen arteko gerragatik infernu bihurtu den tokian. Handik ihes egin behar izan zuen 16 urte zituela. Caballeros Templarios eta Los Zetas jaun eta jabe ziren. Orain izen horiek beste batzuek eta hilketek ordezkatu dituzte, baina indarkeria bera da oraindik ere. «Garai hartan oso biolentoa zen Michoacango egoera. Denbora guztian izututa bizi ginen, ezin zen eskolara joan itxi egiten zutelako», esan du gazteak. Lehenengo erbestealdian Guerrerora joan zen, senitarteko batzuen etxera. Han ezagutu zuen Fidel, bere senarra. 18 urte bete baino lehen haurdun geratu zen. Ezerk ez zien pentsarazi, orduan, zazpi urte geroago berriro maletak egin beharko zituztela eta are urrunago ihes egin beharko zutela, Tamaulipasera. Hainbat senide hil ondoren, ihes egitea zen aukera bakarra. Sikario baten zain geratzea zen beste alternatiba. Ocampo Atanasio otsailean iritsi zen Matamorosera. Horretarako, ia herrialde osoa zeharkatu behar izan zuen, ia 1.500 kilometro hego-mendebaldetik ipar-ekialdera. Baina berandu iritsi zen. Une hartan koronabirusa zabaltzen hasi zen, baina Mexikon inork ez zuen uste hainbesteko indarrez egingo zuenik. Lopez Obradorren Gobernuak onartutako lehen kasua otsailaren 28an izan zen, eta lehenengo hildakoa hiru aste geroago gertatu zen. Urriaren erdialdean, herrialdea munduko kaltetuenen artean zegoen: 85.000 biktima baino gehiago, Estatu Batuek, Brasilek eta Indiak bakarrik gaindituta. 100.000 biztanleko heriotza-tasa handiena duten hamar herrialdeen artean dago Mexiko. Ez Ocampo Atanasiok ez bere familiako inork ezin zuten halakorik gertatuko zenik imajinatu otsaileko egun hartan, ez baitzuten uste handik hilabete gutxira pandemia batek planeta osoan halako sarraskia sortuko zuenik. Haiek, ordea, beste gaixotasun batetik ihes egin nahi zuten, indarkeriatik, hain zuzen. 2006an, orduko presidente Felipe Calderonek “narkotrafikoaren aurkako gerra” izendatu zuenetik, 300.000 lagun baino gehiago hil dituzte Mexikon. Iaz, Gobernuan Lopez Obrador zela, 35.000 mexikar baino gehiago hil ziren heriotza biolento baten ondorioz. Horregatik, gero eta pertsona gehiagok ihes egiten dute beren herrietatik Estatu Batuetara babes bila. Baina saiatzeak ez du esan nahi lortzen dutenik. Azken bi hamarkadetan, iparraldean asiloa eskatu zuten 38.000 mexikarretatik 32.000 baztertu egin izan dituzte. Hala ere, Estatu Batuetan prozesua jarraitzea lorpen handia da. «Otsailaren amaieratik ez diote inori muga gurutzatzen uzten», azaldu du Ocampo Atanasiok. Hara iritsi baino lehen bizitza bat izan zuten guztiek kanpamentuan amaitu zuten, mexikarrak izan arren. Zazpi hilabetez koltxoi gainean kalean lo egin ondoren, esperantza piztu zitzaien. Zortea izanez gero, emakume haurdunak beste aldean gera zitezkeela entzun zuten. Baina Ocampo Atanasiorekin ez zuten errukirik izan. Erditu eta bi egunera ofizialek kanporatu egin zuten. Giro arraroa bizi izan da kanpamentuan azken asteetan. Duela hilabete batzuk itxaropen bat zuten: epailearekin hitzordua lortzea. Baina orain ez dakite noiz hartuko dituzten. «Itxaropena apur bat galdu dugu», esan du Pablo Ernesto Manoisek; 30 urteko gazte hau Cienfuegosen (Kuba) jaioa da eta duela urtebete baino gehiagotik dago mugan harrapatuta. Dioenez, 2019ko abuztuaren 5ean Reynosara iritsi zen, 100 kilometro mendebaldera dagoen mugako herri batera. Muga zeharkatu eta asiloa eskatu zuen, baina Mexikora itzularazi zuten. Mexikon hanka bat jarri bezain laster, bahitu egin zuten. «14 egun eman nituen. Jainkoari esker ez zidaten kolperik eman, mila dolar atera zizkidaten arren», kontatu du gazteak. «Bi aldiz joan naiz epailearen hitzordura. Hau hirugarrena izango zen, baina zubia ireki arte ez dago hitzordurik», esan du. Orain, elikagaiak bildu eta banatzeko zentro bihurtutako denda batean egiten du lan. Hala, peso batzuk irabazten ditu eta denbora aiseago pasatzen zaio. Berak, bederen, badu motibaziorik kanpamentuan; Brenda du izena eta Reynosako Senda de Vida aterpetxean ezagutu zuen. Berak ere istorio tragikoa darama bizkar gainean: kuadrillako mehatxuengatik ihes egin eta Ciudad Juarezen (Chihuahua) muga gurutzatzen saiatu zen. Han hasi zen asilo-prozesua, baina bahitu egin zuten. Mexikon inork ez du zenbatu zenbat atzerritar bahitu dituzten Estatu Batuetatik itzuli ondoren. «Hau da emigrantearen bizitza: bahiketak, torturak, estortsioa. Lana bilatzera ateratzeko beldurra dugu. Dena geldirik dago, eta gu, hemen kanpoan, jainkoari berriro irekitzeko eskatzen», esan du Josek; 34 urteko hondurastarra da, El Progresotik iritsia, Yoroko sailean, San Pedro Sulatik oso gertu. Urtebete darama kanpamentuan emaztearekin eta lau urteko alabarekin. Haien kezka handia da: haurrak trauma itzela jasan zuen, gizon armatuek bahitu nahi zituztela ikusi zuenean. «Norbaitek dirua izango balu, inguratu egingo litzateke. Ez dago dirurik, ez dago nola pasatu», azaldu du. Desesperatzen direnen alternatiba coyote edo pollero batekin topo egitea da, inguruan agintzen duen talde kriminalarekin aliatutako gidari batekin. Berak dirurik ez duenez, kanpin-dendan bizi behar du. Kanpamentua txikituta egoteak esan nahi du asko dagoeneko ordaintzen ari direla. Datorren asteartean AEBetako hauteskundeak izanen dira. Nork irabazten duen funtsezkoa izango da kanpamentu honetako biztanleentzat. Donald Trumpek Etxe Zuriko buru izaten jarraitzen badu, itxaropen apurrak galduko dituzte. Aldiz, Joe Biden gailentzen bada, beste aukera bat izan lezakete. Baina nork daki. Migrazio-politikak gogortu eta gero, zailagoa da horiek leheneratzea. Estatu Batuetan hautetsontzien hitzorduaren azken txanparaino iritsi bitartean, etsipena areagotzen doa Matamorosen. Abuztuan, Rio Bravo ibaiaren ertzean, Rodrigo Castro de la Parraren hilotza agertu zen. Guatemalarra bere komunitateko liderra zen. Inork ez daki zergatik hil zen. Batzuek diote ibaia gurutzatzen ari zen emakume haurdun bat salbatu nahian zebilela. Beste batzuek, krimen antolatuaren baimenik gabe gurutzatzen laguntzeagatik jasotako zigorra izan zela. Harresiaren alde honetan, bizirik irautea da kezka nagusia. * Erreportaje hau National Geographic Society Covid-19 Emergency Fund bekaren laguntzarekin egina da.