15 NOV. 2020 Entrevista Karmele Jaio «Ezin da maskulinitate berriez hitz egin feminismorik gabe. Maskulinitate berriek feminismoa izan behar dute ardatz» - Karmele Jaio Ariane Kamio Etxea. Haurtzarora joz gero, segurtasun lekua, gozoari heldutako babesa, amaren magala eta aitaren irribarrea mahaiaren bueltan, esango luke batek. Besteak, infernu bilakatutako aterpea. Hurrengoak, kontraesanen bilgune eta aurpegiratu ezinezko hainbat egiaren horma artea. Etxeek, ordea, beti dute itoginen bat, ihesleku bat, edo behar ez lukeenean krisketari eragin eta atea zabalduko duen norbait bizi zaie barruan. Ahalduntze gisa ulertzen da hori guztia gaur egun, urteetan atzera egin eta etxean bertan jaso izan dugunaren horri distantzia batetik begiratzen zaionean. Estruktura horri izena jarri zaionean; begi gaineko zapia jaitsarazi denean. Karmele Jaio (Gasteiz, 1970) etxean sartu da berriro eta behatu du nola guztia sistema baten engranaje perfektua den. Patriarkatua deitzen zaion horretan, etxeko gizonak ere hasi dira maskulinitate berrietara gerturatzen, bai Euskadi Saria jaso duen nobelan behintzat. Kontraesanak, indarkeria, beldurrak, feminismoa, patriarkatua, botere harremanak, generoak, estatusak, prestigioa... Gai bakar baten bueltan doala dirudien eleberriak izaera poliedrikoa du, arkitektura literario konplexu batean oinarrituta eta Jaiok ohiko duen idazketa dotore eta argia bide-orri hartuta. Etxera sarrarazi eta mendeetan zehar eraikitako egiturari erreparatzeko aukera eman du idazle gasteiztarrak, gizonen ikuspuntutik ere. Atea zabalik dago. «Aitaren etxea» (Elkar, 2019)… Gabriel Aresti, patriarkatua, sinbolismo popularra. Zer esan nahi du zuretzat aitaren etxeak? Gizarte hau da “Aitaren etxea”. Gizonen neurrira egindako etxe bat. Gizonek diseinatua, gizonek gobernatua, eta erdigunean gizon klase bat (zuria, heterosexuala…) jartzen duen gizarte bat. Emakumea luzaroan “bestea” izatera kondenatua izan duen eta oraindik duen gizarte bat. “Aitaren etxea” izenburua erabili dut, besteak beste, adierazteko berdin dela aberriaren defentsaz ari zaren edo maitemintzeaz, genero arauek dena zeharkatzen dutela. Denoi, batez ere emakumeoi, sinetsarazi digute aitaren etxea gure babesleku betiereko hori izango zela. Konfort gune patriarkal bat izan da? Konfort gunea baino gehiago, nik esango nuke gizarte hau patriarkatua etengabe birsortzeko makineria bat dela. Martxan dagoen egitura bat da eta egitura horren barnean daude mekanismo batzuk patriarkatua etengabe birsortzen dutenak. Hori da patriarkatuak duen modua bizirauteko. Ezin eraginkorragoa izan. Patriarkatuaren epizentroan bizi denari ez zaio egunero gogorarazi behar zeintzuk diren jarraitu behar dituen arauak. Sistema bera patriarkala bada, automatikoki jarraituko ditu, elikatuko ditu eta birsortuko ditu lege zahar horiek. Eta mekanismo horiek askotarikoak dira: zaintza lanak emakumeen esku uztea, femenino etiketa duen guztiaren desbalorizazioa, neska eta mutilei txikitatik bizitzarako bi karril ezberdin eskaintzea, emakumeak sexu objektu soil bihurtzea, emakumeak maitasunaren aitzakian gatibu bihurtzea, emakumeen kontrako indarkeria bere forma guztietan…. Inertzia oso indartsua da baina, gainera, ikusezin bihurtzeko gaitasuna du. Normaltasunaren etiketaren azpian ezkutatuta dago. Ezin eraginkorragoa izan. Aitaren etxe hori begiratu duzu, hustu ere bai agian, eta maskulinitate berrietara gerturatu zara. Zerk eraman zaitu bide horiek gurutzatzera? Abiapuntuan, gure garaiko gizon baten buruan une honetan zer egon daitekeen jakin nahi izan dudala uste dut. Gure aitek oso argi zuten zein zen euren rola gizartean. Ez zeukaten horretan zalantzarik. Egungo gizonei egokitu zaie garai aldakor bat, zeinean feminismoak eta berdintasunaren aldeko aldarriek indarra hartu duten, botere harreman batzuk mugitu diren, eta euren betiko rola kuestionatuta ikusi dute. Hor badaude gizonen erreakzio ezberdinak, eta horien artean bat da euren burua defendatzeko beharra ikusten dutenena: Not all men, ni ez naiz izan, ni ez naiz horrelakoa. Baina honen aurrean badago erantzuterik yes all women; hau da, emakume guztiek bai pairatzen ditugula gizarte matxista baten ondorioak. Beraz, arazoa hor dago. Badakigu gizon guztiak ez direla bortxatzaileak, gizon guztiek ez dietela tratu txarrik ematen emakumeei, noski, baina zuk, gizon, egiten al duzu zerbait egun dituzun pribilegioak alde batera uzteko? Egiten al duzu zerbait, zure txikian, emakumeen giza eskubideak urratzen dituen inertzia matxista hau geldiarazteko? Galdetu al diozu zeure buruari, zintzoki, nondik begiratzen diezun emakumeei? Maskulinitate berriak eta feminismoa. Nola uztartzen dira bi ideia horiek? Ezin da maskulinitate berriez hitz egin feminismorik gabe. Maskulinitate berriek feminismoa izan behar dute ardatz. Bestela gizonen arazoez hitz egiteko foroak lirateke bakarrik. Maskulinitate berrien bidez gizonek dituzten pribilegioak onartu eta hauek aldatzeko pausoak eman behar dira. Maskulinitate berriak izan behar dira emakumeen ahalduntzea indartzen laguntzen dutenak. Eta horrekin batera, badira aukera bat gizonentzat gizon izateko eredu bakarra gainetik kentzeko eta askatasunez erabakitzeko nolakoak izan nahi duten. Gizon eredu hegemonikoak ez dio batere onik egin mundu honi, ezta gizon gehienei ere; are gutxiago, emakumeei. Bada ordua aldatzeko. Maskulinitate berri horiei nondik datozkie dituzten balio horiek? Nondik edaten dute? Zerk aldarazten ditu haien jarrerak, botere harremanak eta enparauak? Feminismoak erakutsi die bidea. Segur aski gehienak heldu dira horra bikotekide, lagun, arreba, edo ama feminista bat izan dutelako. Nik uste dut berdintasunaren bide honetan emakumeok gehiago bultzatu dugula eta hausnartu dugula bi arrazoi nagusirengatik: bat, beharra izan dugulako. Pribilegioan bizi denak ez du inolako beharrik sentitzen honetaz hausnartzeko, baina diskriminazioa bizi duenak bai; eta bi, feminismoak tresnak eman dizkigulako, besteak beste, gertatzen ari zaigunari izena jartzeko. Beraz, feminismotik datozkie balio horiek, eta horrekin batera, garrantzitsua da gizonek dagoeneko pausoak eman dituzten beste gizon batzuen ereduak izatea. Zer pisu du eraldaketa horretan kontraesanetan sakontzeak, horiek onartzeak? Kontraesanez betetako gizabanakoak garen neurrian, diot. Gure kontraesanen kontzientzia hartzea garrantzitsua da. Denok ditugu kontraesan asko. Eta munduari nondik begiratzen ari garen onartzea. Askotan badugu halako fantasia bat: uste dugu hitz egiten dugula, idazten dugula, gauzak egiten ditugula leku neutro batetik. Baina leku ezberdinetatik ari gara ikusten errealitatea, eta nondik begiratzen duzun, horren arabera errealitate oso ezberdinak ikusten dira. Beraz, lehen pausoa da konturatzea eta onartzea nondik ari zaren munduari begiratzen. Eta hor, ziur, zuk zeure buruaz zenuen irudiaren eta benetan zarenaren artean kontraesanen bat aurkituko duzu. Indarkeria? Non kokatzen da honetan guztian? Erdigunean. Indarkeria da guztiak bere lekuan jarraitzea bermatzen duen tresna. Indarkeriaren itzala oso indartsua da. Indarkeriaren mehatxuaren bitartez mantentzen da makineria hau guztia. Indarkeriak askotan ez du gauzatu beharrik ere, nahikoa da haren mehatxua. Eta beldurra? Hain sentimendu primarioa, baina beti ezkutatzen dena. Indarkeriak beldurra eragiten du. Eta beldurra kontrol sozialerako tresna eraginkorrena da. Beldurrak indar handia du. Nobelan bertan esaten da uneren batean: beldurra maitasuna baino indartsuagoa da. Literaturari buruzko hausnarketa ere ekartzen du lanak. Hau da, idazketari berari buruzkoa. Tartean sartzen dituzu gaien hautaketa eta haien garrantzia, idazten duenaren generoaren garrantzia eta baita ere prestigioa. Zer da prestigioa? Irabazten den zerbait? Edo norbaitek ematen dizun estatusa? Prestigioa norbaitek ematen dizu, ez dator zerutik, hau ere ez dator leku neutro batetik. Norbaitek ematen dio prestigioa obra bati. Norbaitek erabakitzen du zein gai diren garrantzitsu eta zeintzuk ez. Norbaitek erabakitzen du gai bat unibertsala izatea edo ez, gai batzuk besteak baino prestigiotsuagoak izatea. Adibide bat jartzearren, zaila da emakume baten bizi esperientzia kontatzen duen obra bati prestigioa ematea, hori erabaki behar duenak pentsatzen badu ez dela gai unibertsal bat, emakumeen gai bat baizik. Euskadi Saria irabazi duzu. Sariak prestigioa dira? Sariak batez ere dira liburu bati bizitza luzatzeko tresna bat, eta zure liburua bestela irakurriko ez luketen irakurle batzuei heltzeko modua. Sari bat da batez ere liburu bat promozionatzeko tresna. Eta lan bati, egile bati, gai batzuei prestigioa emateko modua bat baita ere. Sortze prozesua. Zuk esana da bide horretan egiak sortzen edo agertzen direla, egunerokoan ohiko jarduera batean agertuko ez liratekeenak. Egia horiek azalean jartzea arrisku ekintza bat da eta… deserosoa ere bai. Zeintzuk dira begien aurrean ditugun baina aipatzera ausartzen ez garen egia horiek? Idazketa egiaren territorioa dela iruditzen zait. Gezurrez inguratuta bizi gara, azalkeriaz inguratuta, baina idazketa bada modu bat egiaren bat bilatzekoa, eta sakonera bidaia bat egitekoa. Nobelan esaten da idaztean agertzen direla berunezko hitzak, pisua duten hitzak, egunero erabiltzen ditugun bisuteriazko hitzekin zerikusia ez dutenak. Benetako hitzak agertzen dira, eta, noski, batzuetan deserosoak dira idazten dituenarentzat ere. Hor agertzen direlako askotan geure buruari aitortzen ez dizkiogun zenbait gauza. Askotan zenbat eta deserosoago, orduan eta egiazkoago. Egiak azaleratzea batetik eta, bestetik, isiltasunak. Esan gabeko hitz horiek, ez soilik nobela honetan, baita zure aurreko lanetan ere. Zer esaten dute isiltasunek Karmele Jaioren literaturan? Esan gabeko hitzak dira nire lurraldea idazketan. Lehen liburutik beti agertu den gaia izan da komunikazio ezintasunarena. Niretzat askoz garrantzitsuagoa da pertsonaiek esan gabe uzten dutena esaten dutena baino, iruditzen zaidalako bizitzan ere garrantzitsuena beti geratzen dela barruan, esan gabe, ia gehienetan. Ezkutuan geratzen den barne lurralde hori interesatzen zait. Hor sekulako harrobia dago. Zer jaso duzu «Aitaren Etxea»-ren idazkuntzatik? Liburu bakoitzak erakusten dizu zerbait. Honek, agian, pazientzia pixka bat izaten eta zailtasunen aurrean amore ez ematen, besteak beste. Idazketa prozesua zaila izan da niretzat: oztopo, beldur, zalantza asko izan ditut bidean. Baina, hala ere, aurrera egin dut. Eta, horrez gain, liburu honek lagundu dit neure buruan modu abstraktuan edo teorikoan zeuden hainbat gai lurrera ekartzen, eremu konkretu eta zehatz batera, eremu abstraktutik edo definizio teoriko batetik etxe bateko sukaldeko mahai baten gainera. Ia hamar urte nobelarik idatzi gabe eta, azken honetan, nabari dira hainbat desberdintasun. Orain, nobelak bide bat egin duenean eta «erditzetik» hilabete batzuk pasatu direnean, nola ikusten duzu prozesu hura? Nolakoa izan zen Karmele Jaioren «etxearen» eraikuntza? Buruhauste handiak izan ditut jorratzen diren gaiengatik, batik bat. Asmatu nahi nuen kontatzeko moduan. Ez nuen inolaz ere nahi irakurleak sentitzea zerbaitez konbentzitu nahi nuela. Hori izan da beldurretako bat. Eta horrez gain, nobelaren arkitekturaren eraikuntzak lan handia eman dit. Zer kontatu nahi nuen banekien; nola kontatu izan da erronka nagusia. Orokorkerietan eta karikaturetan erortzeko arriskurik ikusi duzu? Beldur izan zenion horri? Bai, neurri handi batean horregatik ere egin zait zaila. Badakit emakume-gizon-berdintasun-botere harremanez ari garenean, erraz egin daitekeela irrist eta orokorkerietan jausi. Durangoko Azokari buruz galdetu nahi nizuke. Iaz bertan aurkeztu zenuen aurten saritutako lana eta, orain, Azoka pandemikoa bizitzea egokituko zaigu irakurleoi, eta zuoi idazleei. Nola eragingo dio birus honek euskal literaturari? Birus honek eragindako pandemiak erakutsiko digun gauza bat da ziurgabetasunarekin bizitzen ikasi beharko dugula. Pandemiak eragindako krisiak gogor astindu du kulturaren mundua, baina aldi berean, konfinamendu garaiak erakutsi digu jendeak helduleku bat bilatu duela liburuetan. Fikziozko pertsonaiak eta munduak ezagutzeak, zalantzarik gabe, gure mundua hobeto ulertzeko eta geure burua ulertzeko aukera ematen digu. Eta momentu honetan horren beharra dugu inoiz baino gehiago. «Badakigu gizon guztiak ez direla bortxatzaileak, gizon guztiek ez dietela tratu txarrik ematen emakumeei, noski, baina zuk, gizon, egiten al duzu zerbait egun dituzun pribilegioak alde batera uzteko? Egiten al duzu zerbait, zure txikian, emakumeen giza eskubideak urratzen dituen inertzia matxista hau geldiarazteko?» «Beldurra kontrol sozialerako tresna eraginkorrena da. Nobelan bertan esaten da uneren batean: beldurra maitasuna baino indartsuagoa da» «Gezurrez inguratuta bizi gara, azalkeriaz inguratuta, baina idazketa bada modu bat egiaren bat bilatzekoa, eta sakonera bidaia bat egitekoa»