7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Den-dan-don


Kapitalismoaren eta erlijioaren atzaparretatik ihes egiteko gai diren ausartentzat izan ezik, erosketa garaia izaten da datorren hau gehienontzat. Bi talde horiei hirugarren talde bat gehitzea ahaztu zait eta hirugarren hau bereziki jendetsua izango da aurten, inguruotan: opariak erosteko dirurik ez dutenena. Uste dut, urte batzuk barru gure eta besteen haurrek 2020ari buruz zerbait ikasten dutenean, krisiei buruz ikasiko dutela, pluralean; nola birus batek mundua hankaz gora jarri zuen…Edo ez, itxaron, zuzen dezadan nire burua: nola hankaz gora zegoen munduari birus batek hanketatik astindu bat eman eta patrikak zulatuta utzi zuen jendartearen ehuneko handi bat. Ipurdia nola apur bat bistarago utzi zion. Patriketako zuloetatik eroritako txanponak betiko zulo beltzetara iritsi zirela, zulo beltz ikusezin horietara. 2020ko krisiaz hitz egitean, krisiez hitz egin dezatela espero dudala esan nahi nuen.

Artikulu hau, hala ere, ez dut hezkuntzaz hitz egiteko erabiliko, ez dut historia kontatzen dugunean zein istorio aukeratzen ditugun eta zeintzuk ezabatzen ditugun gogoetatzeko tarte bat hartu nahi. Fisikoago hitz egin nahi dut, lurtarrago, dendez idatzi nahi dut.

Tabernen krisketei tristuraz begiratzen diegun garaiotan, begira diezaiegun dendei ere. Tabernak, maite ditugunekin topo egiteko lekuak dira, etxean sentitzeko moduko espazio publikoak eta faltan ematen ditugu. Beste maila batean baina etxean sentitzeko guneak dira dendak ere. Zabalik eutsi diote enbatari gehienek orain arte. Etxean senti gintezke okinak gure amonaren osasunaz galdetzen digunean, etxean, elikagai kooperatibara goazenean, erosten dugunaz gain, erosten ez dugunaz hitz egiten dugunean, etxean senti gintezke arrandegian saltzaileak gure azken proiektuaz iruzkintzen gaituenean, etxeko senti gintezke arropa saltzailearekin, bularra emateko prenda erosoenak proposatzeko eskatzen diogunean, etxean, liburu dendan, azken irakurketez hizketan… Etxean senti gintezke denda txikietan, baina erosketa ohituren aldaketa egonkortzen bada, geroz eta leku gutxiago izango ditugu etxean sentitzeko.

Erosoa da sarean erostea eta pantailatik etxerako bidea klik batean egitea; magia. Magia beltza da, baina, azpian trikimailu ilun samarrak dauzkan magia. Ez baita, esan bezala, non erosten dugun, non ez dugun erosten da gakoa. Ez baita nori erosten diogun, nori ez diogun erosten baizik. Nondik erosten dugun eta nondik ez, eta nondik hori zenbat kutsadura kilometrotan ordaintzen den. Ez baita nork egiten duen lan produktu horiek ekoizten, nork ez duen egiten da, edo egiten duenak zein baldintzatan egiten duen. Ez baita zer erosten dugun, nola erosten dugun ere bada. Sozializatu egiten ote garen erosketa unean edo etxean bakartu. Aholkatu egiten ote gaituzten eta guk jakintza hori estimatzen ote dugun, edo pantaila aurrean, sarean zehar bilatzen dugun ustezko ezagutza edo laguntza. Produktugileari ordaintzen diogun, edo bitartekariari… Denda txikiak suntsitzeko edo indartzeko unea izango da hau eta gure esku egongo da gerra horren ebazpena. Askok, tabernak itxi direnetik, Amazoneko paketeak dendetan uzteko eskatzen dute, etxean ez daudenetan. Erne, dena kate bat da, denok gara katebegiak eta martxa honetan, denok egongo gara etxean, gure paketeak jasotzeko…