Plaza hutsaren azken hats luzea
Durangoko Azoka ezinbestean berrasmatzeko beharra ekarri du berarekin koronabirusaren pandemiak. Euskal kulturaren plaza nagusiaren 55. edizioa ezberdina izango da, arraroa, baina izango da. Liburu eta diskoen salmentak «online» egingo dira, eta Landako Gunean nahiz Plateruena Kafe Antzokian eskainiko diren emanaldiak edukiera mugatuarekin egingo badira ere, edonork «streaming» bidez jarraitzeko aukera izango du.
Ezer ez da berdin birusak kutsatutako garaiotan, eta ezer baino ezberdinago dator Durangoko Azokaren aurtengo edizioa, 55.a. Oraingo honetan, ez da egongo errenkada amaigaberik Toti Martinez de Lezearen sinadura lortzeko; erakusmahairik ere ez; ez eta azken trena galtzeko beldurrik ere parranda luzatu delako; “pertsona-esekitokirik” ez dugu ikusiko, kaleko udazkenetik Landakoko berora sartzean berokiak, azokako poltsak erosketekin eta alabaren eskua, denak batera besoetatik zintzilik eramango dituenik; ez da aukerarik egongo lehen Vendetta-ko orain Zetak-eko Pello Reparaz sorbaldatik heltzeko argazkia atera bitartean; milakorik ez da izango azokaren arrakasta zenbatzen duten hurrengo egunetako egunkarien azaletan; bi muxuren partez ukondoa eskaini beharko zaio aspaldian ikusi gabeko ezagunari; eta ikusi nahi ez zaituen aspaldian ikusi gabeko ezagun horrek ez du jendartean ezkutalekurik topatuko zuri iskin egiteko; zuk ere ez. Kulturaren plazaren erdian, maskaren karnabala. “DA!nteskoa”.
Ez omen da dirutan neurtu behar kultura, baina, neurtuz gero, esku-ahurrean kabituko litzateke euskal sortzaileen egungo egoera txanponetan. Josu Amezaga soziologoak ohartarazi zuen katarro batek hil dezakeela euskal kultura eta pandemia etorri da. Itziar Ugarte “Berria” egunkariko kazetariak behin idatzi zuen azoka berdin izan daitekeela «eskizofrenikoa» eta «hunkigarria». Izango al du eskizofrenikotik edo hunkigarritik zerbait aurtengoak? Izango badu ere, lehen baino hutsago, lehen baino hotzago dago euskal kultura, eta egongo da bere plazarik behinena.
Klik egin behar izan du Durangoko Azokak. Koronabirusaren pandemiak galarazi du azoka orain arte ezagutu den bezala egitea. Klik Internetera, eta klik derrigortutako ohitura aldaketek eragindako zirkuitulaburrak irekitzen dituen aukera beldurgarri berrietara. Ezberdina izango da, eta ezberdina bainoago, «arraroa» hitza nahiago du erabili Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko lehendakariak. «Ez da gure azoka normala izango», dio, eta baietz, horrek ekartzen dituela duda batzuk, jendeak animoak galduko ote dituen-edo. «Nik neuk, ez Gerediagako lehendakari bezala, baizik eta durangar bezala…», beldurrak agertzera zihoan, baina «aber, aber» esan du, «ez dakigu zer gertatuko den».
«Lagunartean komentarioak horiek dira [jendea ez ote den desanimatuko]. Baina, azokari begira, alde batetik aukera bakarra da, baina bestetik, hau amaitzean balorazio bat egingo da, eta zeinek daki hartzen diren erabaki batzuk datozen urteetan errepikatzeko modukoak izango ote diren. Ez dut esango aurrez aurrekoa kentzea! Zeren ni paper-zalea naiz eta aurrez aurrekoaren zalea. Baina ez dela gure azoka normala izango, hori, duda gabe», agertu du, egingo dena ondo atera daitekeen esperantzaz.
Kultur azokarekin egingo dena Gerediaga elkartekoek eta koordinazioko kideek bururaino eraman duten prozesu «oso konplexu» baten ondokoa izango da, sortzaileekin, argitaletxeekin eta EIE Euskal Idazleen Elkartearekin partekatu dutena. Prozesu malkartsua, gutxienez. Hiru eskailera gainditu behar izan dituzte bide horretan. Lehenik eta behin, konfinamendua, koronabirusaren lehen zenbaki beldurgarriak, neurri zorrotzak, ekitaldi handien ezeztapenak iritsi zirenean, Mujikari eta antolakuntzako gainerakoei burutik pasa zitzaien lehenengo aukera azokarik ez egitea zen. Ezin zelako egin. «Hori izan zen bihotzetik atera zitzaigun lehen taupada», onartu du lehendakariak.
Baina taupada horrek ez zuen taupada bat baino gehiago iraun. Klak egin eta bigarren eskailera igo zuten, esanez «egin egingo da», «azoka bizirik mantendu behar dugu», eta Ane Pikaza artistak azokari eskainitako bihotzaren ilustrazioari, nahiz aurtengo leloari –“TaupaDA!”– zentzua eman zioten. «Euskal kulturak, bere aurpegi desberdinekin, inoiz baino gehiago behar du Durangoko Azoka –agertu du Mujikak–. Hori beti izan dugu aurrean. Bat egiten dugu esatean beharrezkoa dela».
Eta nola mantendu bizirik azoka? Horratx hirugarren eskailera, klik egitera bultzatu zituena. Urruntze fisikoa mantendu behar den honetan ez zen posible jende saldo batek Landako harrapakatzea, ezta gorputzeko jariakinak arrisku hedakorrak diren honetan Plateruena Kafe Antzokiko kontzertuetan izerdia partekatzea ere. Ikusi eta entzun beharrekoak, beraz, maskaren edo pantailaren atzetik soilik gozatu ahal izango zirela jabetu ziren. 55. edizioan, beraz, aurrez aurreko ekitaldiak eta online plataformak uztartuko dituzte ezinbestean azoka arraro honi bide emateko.
Salmenta guztiak Durangokoazoka.eus webgunearen bitartez egingo dira azokak iraungo dituen egunetan, aurten egun estra batekin, abenduaren 4tik 8ra. Webgunean, argitaletxe zein sortzaile guztiek izango dute leku berdina katalogoan, izan ezagunak edo berriki lehenengo lana kaleratu dutenak. Internet bidez erosteko beste hainbat plataformatan bezala, kultur azokakoan ere erosleak saski birtual baten bidez hautatuko ditu nahi dituen produktuak eta etxean jasoko ditu banatzaileen bitartez. Nerea Mujikak aurreratu du, gainera, lehenengo mila erosleek aurtengo ilustrazioarekin apaindutako poltsa jasoko dutela.
Salmenten mozkinen %12 Gerediaga elkartearentzat izango dira, formatu honek ekarriko dituen kostuak ordaindu ahal izateko.
Zuzeneko salmentarik ez da egongo, beraz, baina Landako Gunea irekita egongo da. Liburuen, diskoen eta azokako produktuen biltegi «itzela» egongo da bertan, eta aukera, urtero bezala, horiek guztiak kuxkuxeatu eta produktuen inguruan galderak egiteko, ateak irekita izango baitituzte «enpresa handi, auto-ekoizle zein aurten argitaratzen hasi diren sortzaileek», Mujikaren esanetan.
Bestalde, Landakon bertan, ekitaldi ugari egingo dira, aurreko urteetan bezala, solasaldiak, mahai-inguruak, ipuin kontalariak eta beste. «Kulturaren alor guztietako aurpegiak ikusiko dira aurten ere», zehaztu du Gerediagako lehendakariak.
Plateruena Kafe Antzokia, halaber, irekita egongo da. Bertan izango dira, hain zuzen ere, Ahotseneko zuzeneko musika aurkezpenak. Gatibu, Rafa Rueda, Zetak, Maria Rivero eta Modus Operandi, adibidez; edo lehenengo diskoa kaleratzen ari diren artistak; Bulego, beste askoren artean. Liburu aurkezpenetan, Nerea Mujikak aurreratu du Bernardo Atxaga, Uxue Alberdi, Miren Agur Meabe, Asisko Urmeneta eta Kattalin Miner Durangon egongo direla, besteak beste.
Zuzeneko emanaldietara joan ahal izateko, eserleku mugatuak egongo direnez, aurrez izena eman beharko da. Ildo horretan, gainera, kontuan izan behar da edizio honetako liburu eta disko aurkezpenen kopurua nabarmen jaitsi dela. Aurtengo edizio berezi honetan, 36 diskoren eta hamasei libururen aurkezpenak baino ez ditu eskainiko Ahotseneak. Zuzeneko musika aurkezpenak, adibidez, %50 jaitsi dira aurreko urteekin alderatuta. Liburu berriei buruzko literatura elkarrizketak, berriz, %80.
Murrizketak murrizketa, kulturaren plazak plaza izaten segitzeko oldez lan egin dute Gerediagan. Baina herriz herriko desplazamenduek debekatuta jarraitzen badute, nola bilakatu Durango kulturgile eta kulturzale ororen plaza? Bat, bi eta hiru neurri hartu dituzte plaza zabaldu ahal izateko.
Bat. Landako Gunean eta Plateruena Kafe Antzokian egingo diren ekitaldi guztiak streaming bidez emango dituzte. Bi streaming kanal egongo dira aktibo, 10.30etik 20.00etara.
Bi. Euskal Herriko sortzaile askorentzat Durangoko Azoka izaten da salbamendu-txalupa. Gerediaga elkarteak Siadeco ikerketa etxearekin egindako azterketak erakutsi zuen sortzaileek urteko fakturazioaren %22 Durangoko salmentekin lortzen dutela. Hala, koronabirusak kulturgileengan izan duen eta azokaren molde-aldaketak izan dezakeen eraginagatik kezkatuta, Ahotseneak bere eskaintza Durangoko Azokatik harago zabaltzea erabaki du. Horren erakusle, Zarautzen egin zen Literaturia jaialdian parte hartu zuen Ahotseneak, baita Amurrioko Araba Euskarazen ere. Aurrerago, Durangon bertan eta Galdakaon egongo da.
Hiru. Plazaren desplazamendua: «Zu non, han DA!». Horixe izan da Nerea Mujikaren ustez, Durangoko Azokaren 55. edizioan izango den «berritasunik garrantzitsuena». Ilusioz kontatu du Gerediagako lehendakariak, kontatzeko gogoarekin; telefonoz esan ez balu, begietan igarriko litzaioke proiektu berri honek sortzen dion poza.
Bi adar izango ditu “Zu non, han DA!” egitasmoak. Batetik, «plaza» herri desberdinetara eramango dute azokak iraun bitartean, lehenengo egunean kenduta (abenduaren 5etik 8ra, beraz). Amurrio, Gasteiz, Ondarroa, Bilbo, Bermeo, Donostia, Azpeitia, Iruñea eta Atarrabia izango dira ekimen horren anfitrioiak. Herriotan, egun horietan, kontzertuak egongo dira; izan talde edo bakarlari ezagunenak zein berri edo ezezagunenak. Kontzertuak ordainpekoak izango dira, eta sarrerak Durangokoazoka.eus webgunean egongo dira salgai.
Ekimenaren bigarren adarrak segida eman asmo dio Durangoko Azokari. Hala, abenduaren 9an azoka ixten denetik urtarrilaren 8ra arte, Euskal Herriko liburu dendetan azokan salgai egon diren zenbait produktu ikusteko aukera egongo da, dendariek aukeratzen dituztenak. Nerea Mujikak iragarri du espero dutela ehun liburu denda inguruk ekimenean parte hartzea.
Azoka tenkatu dute beraz, bai denboran eta baita espazioan ere; tenkatu dute lortzeko aurtengoa ez izatea puntu eta koma bat, puntu-etendura luze bat baizik… Azokak, arraro eta desberdin, jarraituko du.
Ezer ez da berdin pandemiaren garaiotan; negu etxetiarra datorrela dirudi; horregatik, aurten Durangoko Azokaren uztarekin saski telematikoak beteko dituzten horiek, agian, bederen, behingoz denbora izango dute erositakoa irakurtzeko. Durangora hurbiltzeko aukera duenak ez du aukerarik izango Landako «lepo» dagoen aitzakiarekin herrian trago bat hartzera joateko edo zigarro bat erretzera ateratzeko. Katarro batzuk gutxiago egongo dira agian, euskal kulturaren gaitz endemikoaren kaltetan bada ere, betiere, segun termometroa non jartzen den... Eta kulturzaleak ez du jende saldoaren sorbalden gainetik salto egin beharko pareko standean dauden liburu eta diskoen azalak ikusi ahal izateko; patxadaz, tentuz, mimoz begiratzeko aukera izango du herriko liburu dendan. Agian baten batek balioa emango die Durangoko Azoka arraro honetatik aletu daitezkeen abantaila txikiei… Totiren eskumuturrak, ziur.