06 DIC. 2020 IRITZIA Altxa eskuak! Galder Perez Lapurretarako oso traketsa izan naiz beti. Nire lehenengo lapurreta, eta bakarrenetakoa, Bibliaren ale bat izan zen, umeentzako edizio labur eta ilustratu horietakoa. Hamar bat urte genituela, klasekide batek eta biok gero irakurri ez nuen Biblia ostu genuen ikastolako liburutegitik. Paradoxikoa badirudi ere, are barregarriagoa da zazpigarren aginduan lapurtu behar ez duzula idatzita utzi duen liburu historikoa lapurtzea. Imajinatzen dut oso irudi erakargarriak zituela, egiptoarrak erdi biluzik edo. Tira, etxerako modukoa. Nire lapur esperientzia oso txarra izan bada ere, maite ditut lapurreten istorioak. Bonnie eta Clyde dira nire gogokoenak; “La Casa de papel” ez dut ikusi (sentitzen dut, Itziar handi hori) eta, Sherwood basoan larrutan egin ostean, Robbin Hoodek bihotza lapurtu zidan. Izan zitezkeen artelanen lapur zoragarriak, itzelak baitira museotako piezak ateratzeko lapurren goi mailako planak, trikimailuak eta komeriak. Lucio Urtubiaren modukoak bezala, hain justu. Premiak behartuta lapurtzen dutenek beldurrez egiten dute. Arrisku handiz burutzen dute eginkizuna. Harrapatuko dituzten beldur, zigortuak izatearen ikaraz bizi dira. Eginkizuna burututa, izan beharko da halako arnasa sakona eta lasaia. Gutxi iraungo duen bakea, premiak baldintzatzen badu, hurrengo lapurretan pentsatzen ibili beharko baitu behardunak. Badira, ordea, premiak baino, oparotasun bizioak jotako lapurrak. Horiek, dotore antzean agertu nahi duten horiek, lapurtzea berezkoa dute. Inongo lotsarik gabe eta inpunitate osoz bulegoetako ordenagailuetatik klik eginez, bilera garrantzitsuetan eskua elkarri emanez edo paperak sinatzen poltsikoak betetzen dituzte eta lasai asko bizi omen dira. DNAn txertatuta dute lapurreta. Ez da justizia kontua, eraikuntza sozial eta ekonomikoaren arrakala baizik. Hain zuzen ere, horixe lapurtu zuten aurretik: justizia, justizia soziala. Erraz imajinatzen ditut ume zirenean, bai, horiek ere ume izan baitziren inoiz, eliz mutiko jantzita eta domeketako eliz atabakan eskua sartzen. Hainbeste ikasi baitzuten mezetan... Baina oraindik ere, orduan bezala, ez dute barrerik egiten. Dena lapurtu arren eta kontrakoa antzeztu nahi badute ere, ez dira hain zoriontsu bizi. Esango diegu, orduan: «Altxa eskuak, altxa besoak! Kili-kili egingo dizuegu besapean, barre egin dezazuen. Kar-kar!». Baita zera ere! Ez dizuegu halako mesederik egingo. Guri hori behintzat, barrea, ez diguzue sekula lapurtuko. Ez da justizia kontua, eraikuntza sozial eta ekonomikoaren arrakala baizik. Hain zuzen ere, horixe lapurtu zuten aurretik: justizia, justizia soziala.