13 DIC. 2020 IRITZIA Osasunak Alaia Martin Osasuna zer den zehaztea ez da erraza. Ez eta osasuntsu egotea zer den definitzea ere. Denok ez diogu egoera berari deitzen “gaixo” eta denok ez diogu aldarte berari esaten “sasoiko”. Gakoa begiradan dago, baina badaude irizpide batzuk geure osasun egoera definitzeko. Oro har, nahi dugun bizimodua izateko moduan sentitzen garenean osasuntsu gaude eta gorputzak egunerokoa trabatzen digunean, gaixo. Zenbateraino trabatzen ote digun buruak gorputza… Hori beste gauza bat da. Profesionalki ikasle nintzen garaian ikasgeletan txintxetek piramide nutrizionalak eusten zituzten eta entzuten genuen hamaiketakorik onena fruta zela (patioko kontrabandoan ez zen hala izaten), opilak oso noizean behin dastatzeko jakiak zirela eta egunean gutxienez bost fruta pieza jateaz gain geure elikaduraren oinarrian barazkiek egon behar zutela. Arrain eta haragi pixka bat jan behar zela, zereal ugari, esnekiak ere maiz…gerora jakin dugu, bertan ekoitzian eta garaian garaikoa dela egokiena. Gerora, zalantzan jarri dugu arrain eta haragia jatearen benetako premia. Osagai askoko gogoetagaia da elikadura. Gorputz Hezkuntza izeneko gaia ere lantzen genuen ikastolan. Luzaketak egiten genituen eta aldiro kirol ezberdin batean trebatzen genituen giharrak. Koordinaziorik ez geneukala klase haietan ikasi genuen askok eta orekaren garrantzia ezagutu genuen, praktikatu ahala. Oreka ez da, baina, hezkuntzan gehien irakasten den konpetentzia eta horregatik bizi gara balantzaka normalean, ziurrenik. Egunean gutxienez hogei minutuz ibiltzeko gomendioa jaso genuen eta astean hirutan kirola egiteko aholkua jaso (edo artxibatu). Inpaktu kirolak ez omen dira hain aproposak, hori ere ikasi genuen. Urtean behin dentistarenera joan behar zela ere irakatsi ziguten eta maizago joan nahi zuenak gozokiak hartu behar zituela piramide nutrizionalaren puntatik. Ikusmena begirada baino maizago errebisatzen hasi ginen umetatik eta entzumena ere begiratzen digute autoko gidabaimena berretsi nahi dugunean. Espirometria ere egiten dugu, apnean bizi garenok. Ginekologoari bisita egiten diogu tarteka eta odol analisiren bat ere egiten dugu, noizean-noizean. Azala aztertzen dugu orezten garapena ikusteko, gogoratzen garenetan. Tamalez, ez dugu ikasi hortzez gain irribarrea zaintzen, tarteka begirada garbitzen eta entzumen gaitasuna zabaltzen. Badakigu airea indarrez hartu eta botatzen, baina arnasten dugunik ez. Zer jaten dugun badakigula jakin uste dugu, baina ez gaituzte zerk jaten gaituen jakiteko trebatzen. Barruko orbanen formak ez ditugu ezagutzen, ez dakigu non dauden ere. Egunean bost fruta pieza jatearen garrantzia badakigu jakin, baina egunean bost aldiz burua jaso eta zertan ari garen pentsatzeko tartea hartzen ez dakigu. Egunean hogei minutuko paseo horretan mugikorra etxean uzteko mediku aholkurik ez dugu jasotzen. Ez dugu urtean behin geure garunaren eta gorputzaren arteko uztardura aztertzeko (auto)psikologorik bilatzen ikasten. Osasuna opa dizut, aholkatutakotik ikasia gehi bilatua. Egunean hogei minutu lagun onekin partekatzeko. Astean hirutan kultura, barruko giharrak tenkatu ala laxatzeko. Behar duzuna. Eta behar duzuna zer den jakiteko denbora. Ikusmena begirada baino maizago errebisatzen hasi ginen umetatik eta entzumena ere begiratzen digute autoko gidabaimena berretsi nahi dugunean. Espirometria ere egiten dugu, apnean bizi garenok.