27 DIC. 2020 IRITZIA Inuzenteen mendean Alaia Martin Bihar, abenduaren 28an, Inuzente eguna izango da urtero bezala. Euskal Herrian, bihar ez ezik, apirilaren 1ean ere ospatzen da egun hau, Arrainaren eguna izenpean. Txantxak egiteko eguna izaten da, elkarri ziria sartzeko, umorearen eta haserrearen arteko mugen kokapena marrazteko unea. Inuzente izatea errugabea izatea izan liteke adieraren baitan eta baita maliziarik ez izatea ere, besteen aldetik ona baino ez espero izatea. Ez dut bereziki inuzentea den jende asko ezagutzen baina denbora askoan gutxi horiek ia miretsi egin ditut, jendartearen zurrunbilotik hain libre bizitzen asmatzeagatik. Zalantza gehiago dauzkat orain. Marketinak, algoritmoek eta egia sortzeko sinergiek goldatzen duten mundu honetan inuzentziari eutsi dionak luxuzko bizi-baldintzak izan ditu normalean, munduak ez dio behintzat, goizero huts egin. Hori edo aurkako guztia; munduak goizero huts egiten dionak ez du astirik makroegituren estoldetan arrazoi bila ibiltzeko. Inuzenteak giza harremanetan ez dira hain arriskutsuak izaten ingurukoentzat. Gehiagotan apurtzen dira agian edo gutxiagotan jabetzen dira apurtuta egoteko motiboak dituztenean. Normalean ez dute giroa gaiztotzen eta arazorik sortzen arazoa sortu aurretik. Bizikidetza errazeko gizakiak dira. Inuzenteak talde handiagoetan edo handiagoekiko harremanetan irabiatzen ditugunean ondorioak ezberdinak dira. Inuzentziarik batere ez dutenen korronteetan erraz jausten dira, asmo txarrez ari direnen asmo txarra ikusteari uko egin nahi izaten diote eta azalpenik sinpleenak sinesteko joera izaten dute. Egia handi gutxik du azalpen sinple eta gardena, lokatzetan bilatu behar izaten da normalean. Nahiago ditut gertuan inuzentzia handiko pertsonak etengabe mesfidantzan eta haserrean bizi direnak baino, baina inuzentziaren kalteak askotan pentsa genitzakeenak baino handiagoak dira. Inuzentzia handiko talde handiek erabakitzen dute inuzentzia gutxiko nork erabakiko dituen gure bizitzen baldintzak. Inuzenteen bozek ez dute gutxiago balio eta inuzentea nor den erabakitzeko balio dute, bide batez. Esango nuke aurtengo urtea nahasgarria izan dela oro har eta inuzentzia deitu zaiola ardura kolektiboari, ez naiz kasu honetaz ari, ez diot horri inuzentzia deitzen, horri ardura deitzen diot. Eta ardura, batik bat, herritarrek hartu dutena izan da, ez hainbeste interes handiek eta ertainek daten arabera antzeztu edo jokatu dutena. Hori argituz eta gaira itzuliz, inuzentziaren kontzeptua esanahiz hustu edo berriz bete behar genuke, argitasun zerutiarra kendu eta jarrera bezala lehortu. Izan dezala, berriz, adiera garden eta umil hori. Oraingoz, inuzentziak boterea ematen dio boterean dagoenari eta itzalean dagoena ikusten ez duenez ez du horri erantzuteko beharrik ere sentitzen. Inuzentziak ez du ikusi nahi izaten bere aldamenekoak egiten duen mina eta min hori iraunarazten du, estaliz. Min hori estaltzen du gelakide bat zapaltzen dutenenean, bere lagun batek egindako sexu erasoa sinesten ez duenean edo bere nagusiak bere lankideari kontratua berritu behar zion unean lan karga gutxitu dela sinesten eta onartzen duenean. Tamalez, mende honetan behintzat, inuzentzia hautu politiko bat da. Biharko eguna ez da txantxa. Inuzentziarik batere ez dutenen korronteetan erraz jausten dira, asmo txarrez ari direnen asmo txarra ikusteari uko egin nahi izaten diote eta azalpenik sinpleenak sinesteko joera izaten dute.