Gurutze ANDUAGA
IRUDITAN

Denbora

Betitik entzun izan dut etxean, batez ere amona zenaren ahotik, zenbaterainokoa izan den telebistak eta irratiak egiten duten konpainia. Bakardadearen atmosfera hutsa betetzen laguntzen duten gailuen izaera hartu zuten duela urte batzuk; garai bateko kapritxo edo aberatsen tresna zirenak egunerokotasunera jaitsi zirenean, eta bakardadearekin bat bizi zen agureari ondoan paratu ziotenean. Denbora azkarrago pasatzen ei da irrati, telebista edo delakoaren soinua belarri hondoan entzuten duzunean. Eta bai, ni neu banaiz konpainia horren amorratu, amonagandik ikasi nuelako, akaso, huts-hutseko isiltasun horretan baino errazagoa zela soinu banda iraunkor horrekin batera orduak joaten uztea.

Eta hauxe entzun nuen duela ez egun asko telebistaren ahotik: «Iragana mantendu nahi izatea haizearen atzetik joatea bezalakoxea da, ez duzu sekula harrapatuko». Bizitzak baditu aro desberdinak, momentu esanguratsuak, garai ilunago eta argitsuagoak, baina nago bakoitza konpas desberdin batekin mugitzen dela eta dantzarako erritmoa apenas dela berdina batetik bestera. Eta ez azkarregia edo motelegia izan daitekeelako norberarentzat, baizik gu geu garelako konpas horrekin sekula konforme ez gaudenak, beti beste zerbaiten esperantzan bizitzera ohitu baikara, beti egokitu zaiguna ez den beste aire, konpas, etorkizun edo iragan batean bizi nahi izateko, denborari ihes egiten uzteko.