17 ENE. 2021 IRITZIA Zein dator? GALDER PEREZ Hain luze egiten ari den pandemia garai honetan kontzertu nahiko ikusteko aukera izan dut. Gehienetan izugarri gozatu ere. Denetan esango nuke, bakar batean ezik; pandemia bortitza bizitzen ari garela ahaztu zuten ikusleek inguratuta egotea tokatu zaidan horretan, babesgabe sentitu bainintzen. Garai honetako emanaldi guztiak, esan beharrik ez dago, oraindik oso bereziak dira. Bada sentsazio orokorra, artistentzat eta ikusleontzat, azkena izan daitekeen susmo hori, are hauskorrago egiten gaituen espekulazio urduria. Aldez aurretik idatzita ez dagoen istorio eta historia honetan, gure benetako hauskortasunaren lekuko izaten ari gara, gitarra bezala, kontzertuetan sokak galtzen duten gitarra zoro eta eder bat bezala. Emanaldi hauetako batzuetan aurreko lerroan eserita egotea egokitu zait. Azkena izatearen beldur horrek sarrerak hartzeko orduan sekulako ipurtarin bihurtu bainau, eserita egon behar duen ipurdi arina. Badaezpada ere, lehenengo egunean lekua ziurtatzeko antsietatea. Edukiera hain murritzekin kontzertu asko azkar betetzen da eta kanpoan geratzea ez genuke nahi. Ipurdiak gora eta sarrerak behera, halako zenbait emanalditan agertoki parean eserita egonik oso gertu izan ditut musikariak. Haien arteko elkarrizketa intimoak entzuteko bezain hurbil. Atsegin dut ikuskizun publikotik kanpo gertatu eta esaten denaren lekuko izatea. Agertokian askotan errepikatzen da galdera bat: «Zein dator?». Musikari batek besteari ondorengo kantua zein den galdetzen dio. Kantua berez etorriko balitz bezala, zein kantu datorren galdetzen diote elkarri. Trenbidean daudela dirudi, hurrengo geltokiaz galdezka, edo kotxean, umeago ginenean bezala, zenbat falta zen galdetzen genuenean. Galdera horrek kantuak berez datozela irudikatzen du, musikariek joko ez balituzte bezala. Entzuleok ere bidaian galtzea maite dugu, zein datorren jakin gabe, gozamenera belarriak eta gorputzak emanda. Bata bestearen atzetik datozen kantuak bideko sorpresak badira ere, beti dago espero dugun kantua, bidaia horretan hurrengo geltoki bihurtu nahi dugun melodia. Bizitzari ere zer eta nor datorren askotan galdetzen diogu. Baina bizitzak ez digu ezer esaten eta etorri behar duen hori etortzen da, askotan abisurik gabe. Zazpi antxumeek ere nor zetorren galdetu zuten, eta otsoak, bizitzak, gezurra esan zien eta denak irentsi zituen. Horixe dugu guk ere arriskua, zer datorren hainbeste pentsatu eta desiratuz, datorren horrek gu irenstea. Zer datorren hainbeste galdetu beharrean, zulo beltz baterako bidaian goazela sentitu barik, jar dezagun gidoian guk nahi dugun eszena. Gurea da kontzertu hau, eta norberak badu bere kantu zerrenda propioa osatzeko aukera. Etorriko da etorri behar duena, jakina, baina datorrena datorrela, gure gogoko melodia kantatzen harrapatzen bagaitu, errazago egingo diogu iskin. Guk sortutako kontzertuak, garai bateko jaialdi ia klandestino horiek bezala, gure babesa dira, gordeko gaituzten koipez betetako korazak. Horren kontra datozen minek irrist egin dezatela gure oskolean behera, kantatzen ari garen kantua bezala. Los conciertos creados por nosotros, como esos festivales casi clandestinos de antaño, son nuestro apoyo, un cor- Que los dolores que se vengan en contra resbalen por nuestra cáscara como estamos cantando.