Ane Urkiri
Entrevista
IRENE PAREDES

«Championseko finala jokatzeko aukera PSG-ko trena hartu nuelako iritsi da; erabaki ona izan zen»

Erasmusera joatearekin alderatzen du une batez Paris Saint-Germain taldeak fitxatu izana. Kasu horretan beti lehenetsi izan du ikasketak eta futbola uztartzea eta, duela bost urte, hazteko une aproposa zelakoan, Europara jauzi egitea pentsatu zuen Paredesek. Ordutik futbolagatik eta futbolerako bizi da, egun, oraindik ere, pribilegiatua dela jakitun.

Gabon zahar egunaren bezperan etxean aurkitu dugu Irene Paredes, Legazpin. «Ongi etorria» ematearekin batera, kalean amonarekin topo egin duela eta, atzerapenagatik barkamena eskatuz hurbildu da. «Koronabirusa dela-eta, ez dugu berarekin otordurik egin Gabonetan. Nik astero egiten ditut PCR probak, baina hona etorrita hainbat lagun eta pertsonarekin ibili naiz, eta badaezpada».

«Hemen denok ezagutzen dugu elkar eta gustatzen zait; etxean eta herrian beti ondo», esan du tabernaria agurtu berritan. Ia hamabost egun egin ditu herrian; egin duen eguraldiarekin ez du plan askorik egin. «Atzo euritan entrenatu nintzen, ez zait gustatzen, baina Parisen ere euria egiten du; beraz, egoerara moldatu behar». Elurrarekin, bai, gozatzen du eta, lehen elurtearekin batera, Legazpi inguruko mendi magalera ere joan da. «Pila bat gustatzen zait etxera etortzea, familia ikustea, lagunekin egotea».

Mendira joanda indarberritu da, denboraldiaren bigarren zatiari behar bezala aurre egiteko. Furgonetan Pariserako bidea hartu baino hiru egun lehenago 7Krekin mintzatu da egungo Euskal Herriko futbolari onena. Final asko galdu dituenaren arantzarekin, ez du amore ematen. PSGrekin kontratua amaitzen zaio ekainean eta eskaintza batzuk aztertzen ari dela topatu dugu.

Horretaz, bere ibilbideaz, Frantzia eta Espainiako ligen profesionalizaziorik ezaz, Liga espainola distantziatik jarraitzeko zailtasunez, diskriminazioaz eta amaren dilistez hitz egin digu futbolari legazpiarrak, oraindik ere futbolean jokatzeko asko duelakoan.

Kuxkuxeatuz jakin dut amaren dilistak dituzula gogokoen. Dagoeneko jan dituzu?

Orain elikadurarekin nahiko zorrotz nabil eta gutxiago jaten ditut.

Eskasak dira dilistak?

Gauza batzuetarako ez da ona. Pixka bat gutxiago baina, bai, jan ditut. Amaren lentejak amaren lentejak dira.

Bestela, nola doa denboraldia? Ligan sailkapeneko lehenak zarete.

Primeran, esango nuke. Championsen lehenengo kanporaketa pasatu dugu. Ligan lehen sailkatuak gara, Lyoneko Olympiqueri irabazi ostean. Oraindik asko geratzen da, baina Lyoni nola irabazi genion, ze itxura eman genuen eta taldea nola dagoen ikusita, indartsu gabiltza. Orain, urtarrilean, hasi behar genuen Kopa, baina Frantzian bigarren eta hirugarren mailako taldeekin jokatzen denez, eta horiek jokatu ez dutenez, momentuz ez da hasiko.

Aipatu duzu Lyoneko Olympiqueri irabazi zeniotela. Beti izan da zuen aurkari gogorrena txapelketa guztietan.

Lyon mundu mailan talde onenetarikoa da eta, ligan egonda, gauza askotarako ona da, baina beraien aurka jokatzea zaila da, eta beraiei irabaztea, oso zaila. Azkenean irabazi genien eta kontuan hartu behar da ia lau urte zeramatzatela partidarik galdu gabe, 80 partida porrotik gabe. Hori jakinda badakizu zer nolako maila eman behar duzun, ez bakarrik berdinketa lortzeko, baizik eta irabazteko.

Helburu nagusia beti da Lyoni irabaztea? Jakinda Frantziako ligan PSG eta Lyon besteen gainetik daudela.

Helburua liga irabaztea da, eta liga irabazteko ia partida guztiak irabazi behar dituzu eta Lyoni irabazi behar diozu. Bestalde, Lyoni irabazi eta beste partida batzuetan kale egiten baduzu ez du ezertarako balio. Berdindu egin genuen Bordeleko Girondinsen aurka eta bi puntu galdu genituen. Lyoni irabazita sailkapeneko lehenak gara, baina gelditzen zaizkigun partida guztiak irabazi behar ditugu; bestela akabo.

Athletic utzi zenuenean, esan zenuen PSGra zindoazela tituluak irabaztera. Kopa irabazi duzu soilik. Arantza handia daukazu?

Bai. Athleticen ere antzekoa gertatu zitzaidan. Jokatu ditut final pila bat, egon naiz irabazteko zorian eta Athleticen liga bat eta PSGn Kopa bat irabazi dut. Oso gutxi da. Oso zaila da irabaztea, kontziente naiz, baina beti irabazteko ahalmenean nago eta oso zaila da hor egotea ere. Nire helburua hori da, baina ez dago nire esku. Gogor entrenatzen naiz, taldeak ere gogor egiten du lan, ahal dudan guztia egiten dut eta batzuetan iristen dira emaitzak, beste batzuetan ez. Azkenean, gustura nago egiten dudan lanarekin eta horrekin jarraituko dut.

Penalti jaurtiketei amorru berezia izango diezu.

Bai, ze azkenean garaikur dezente galdu ditut penaltietan. Oso gogorra da, baina aurrera jarraitzea besterik ez da geratzen.

PSGrekin kontratua bukatzen zaizu. Zer asmo duzu?

Pentsatzen dut irtengo direla aukera ezberdinak. Oraindik ez dakit ziur zer nahi dudan, zer egin behar dudan… Oraindik ere denboraldia luzea da, ea zer gertatzen den eta ikusiko dugu.

Badituzu eskaintzak?

Batzuk badaude (barrez). Nik sentitzen dudanaren arabera izango da. Hobetzeko nahi horrek mugitzen nau eta horrela izango da.

25 urterekin heldu zinen PSGra. Bosgarren denboraldia duzu bertan. Nola gogoratzen duzu ibilbidea?

Polita izan da bidaia. Heldu nintzenean izarrez beteriko talde batean sartu nintzen.

Lehen orain baino izar gehiago zeuden.

Bai, Veronica Boquete, Cristiane, Erika brasildarra, Shirley Cruz… Ez dakizu deialdian sartzeko aukerarik izango duzun ere. Aldaketak dakartzan gauza ezberdin guztiekin zaila da egokitzea, baina nahiko azkar egin nuen. Azkar hasi nintzen jokatzen eta nahiko ondo joan da. Titulu gehiago nahiko nituzkeela? Ba, noski. Baina ez naiz damutzen egindako lanarekin, egindako bidearekin eta orain egiten ari naizen bidearekin.

Esan daiteke lesioek errespetatu zaituztela. Belauneko arazoren bat izan zenuen, baina bestela nahiko ibilbide jarraia izan duzu.

Duela bi urte egon nintzen geldirik hilabete batzuetan; ez zen kontu larriegia izan, baina ez genuen aurkitzen konponbiderik. Eduki nituen hilabete batzuk zailak, sufritutakoak, baina pasatu dira. Prebentzio lan handia egiten dut ere eta, alde horretatik, oso pozik nago.

Beharrezkoa ikusten zenuen atzerrira joatea?

Ez dakit “beharrezkoa” den hitza. Baina aukera hori etorrita… Athleticekin liga irabazi genuen eta agian garai ona zen, hurrengo denboraldian Championsa jokatu behar genuen… Baina azkenean Championsa irabaz dezakeen talde batek deituta, nik uste dut momentu horretan jauzi bat emateko aukera zela. Ikasle garaian ez nintzen Erasmusera joan, nire lehentasuna futbola zelako. Honekin, kanpora joateko aukera, futbolean hobetzeko aukera, beste liga bat ikusteko aukera izatea… Championseko finala jokatzeko aukera hortik dator, tren hori hartu nuelako. Uste dut erabaki ona izan zela.

Momentua zen egokia?

Bai, eta nik uste dut oraindik ere egokia dela bertan egotea. Teknikoki eta taktikoki ez da horrenbeste lantzen, baina fisikoki beste puntu bat ematen dit horrek eta ikusten dut nire onerako dela. Zaila izan zen egokitzapena; entrenatzeko beste erritmo bat zegoen, frantsesa ez nekien… Baina hizkuntzak gustatzen zaizkit eta hiru-lau hilabetean ja zerbait moldatzen nintzen.

Taldekide guztiekin egiten duzu frantsesez?

Ez. Gehienek eta staff-ak ere frantsesez egiten dute, baina beste batzuekin ingelesez aritzen naiz. Nahaste polita daukagu, baina nik uste dut norabait joaten zarenean bertara egokitzeko bertako hizkuntza ikasi behar duzula. Eta niri gustatzen zait jendea ezagutzea, gauzak ulertzea. Nahiko erraz ikasi nuen.

Athleticen liga irabazi ostean joan zinen PSGra. Zerbait irabazita utzi nahi zenuen taldea edo aurretik ez zenuen eskaintzarik izan?

Zenbait eskaintza izan nituen, baina momentu horretan ikasketak bukatu nahi nituen. Eta toki batetik bestera mugitu naizenean beti hobetzeko izan da. Aurretik izan nituen aukerak, baina ez nuen momentua ikusten. Momentu hartan Espainiako liga irabazteko aukerak nituen, hori ere balioan jarri behar da. Itxarotea erabaki nuen; noski irabazi nahi nuela liga Athleticekin, lehenengo urtetik nahi nuen garaikur hura. Han ere bost urte egon nintzen eta azken urtera arte ez nuen irabazi, eta tartean finalak galdu nituen edo azken jardunaldian pare bat puntu galdu eta liga galdu… Nahiko gogorra izan zen, baina irabazteko helburu hori beti zegoen hor.

Irabazi zenutenean, gainera, Bartzelona eta Atleticoren arteko binomioa nagusitzen hasita zegoen.

Bai, sinestezina izan zen. Zeren garai hartan hasi ziren atzerriko jokalariak fitxatzen eta apustua egiten. Azkenean, Athleticek daukan filosofiagatik muga handiak dituzu. Taldean oraindik ez zen orain gertatzen ari den aldaketa hasi; Iraia [Iturregi, egun Athleticeko entrenatzailea], Ainhoa [Tirapu], Ibarra zeuden taldean eta nik uste dut binomio perfektua gauzatu zela; gazteenen freskotasuna, helduenen eskarmentuarekin. Denboraldi izugarria egin genuen, txapeldunen zorte pittin horrekin. Oso zaila izango da hori errepikatzea.

Orain bertan nola ikusten duzu Athletic?

Gabonetara nahiko larri iritsi dira. Ondo hasi ziren. Ez ditut partida guztiak ikusi, baina saiatzen naiz liga jarraitzen. Trantsizio horretan daude. Aldaketa hori gauzatu egin behar da eta gazteek denbora behar dute.

Denbora, eta aukerak.

Bai, aukerak eman eta denbora, kategoriara egokitzeko. Denok pasatu gara momentu horretatik, baina jende asko batera iristen denean une horretara taldearentzat zaila da. Athleticek daukan mentalitatearekin aurrera aterako da.

2011n joan zinen Athleticera. Realetik Athleticera jauzi egitea beharrezko ikusten zenuen futbolari gisa hazteko?

Bai, momentu horretan Realarekin 7. edo 8. geratzen ginen, Koparako borrokan, eta orduan Athletic ligarako borrokan zebilen. Gogorra izan zen. Legazpikoa izanda, Gipuzkoakoa izanda, kostatu zitzaidan erabakia hartzea.

Hain justu, jada Realean, zentral moduan, zure lekua topatu zenuenean joan zinen.

Bai, zeren hasieran lateral ibiltzen nintzen…

Hegaleko aurrelari gisa ere bai.

Baita ere, galduta (barrez). Baina, bai, azken urtean hasi nintzen zentral gisa jokatzen.

Realarentzat funtsezko jokalari bilakatu zinen urte hartan.

Gaztea nintzen, denbora behar nuen eta ez nengoen ohituta kategoria horretan jokatzera. Dena handia zen niretzat. Konfiantza hori eman zidaten, nire lekua egin nuen eta badakit Realarentzat gogorra izan zela. Realak ere topatu du bere bidea.

Gogorra izan zela aipatu duzu. Gogoratzen dut Las Rozasen Realak lehen aldiz Kopako finalerdiak jokatu zituela, Bartzelonaren aurka. Zuk negar batean bukatu zenuen neurketa. Hartuta zeneukan erabakia.

Bai, hartua neukan erabakia. Oso gogorra izan zen. Gipuzkoarra izanda, Realean jokatzea onena da. Gogorra da etxea uztea arerioarenera joateko.

Athletic arerioa zen?

Bai, eta txikitatik hori erakutsi digute. Hobetzeko nahiarekin joan nintzen eta ez naiz damutzen. Partida garrantzitsuak jokatzeko aukera eman dit eta orain nagoen tokira heltzeko tranpolin antzeko bat izan da.

Futboletik bizi zara. Helburu moduko bat izan da?

Lehen ez nuen horrela pentsatzen. Orain ere, disfrutatuko ez banu, utzi egingo nuke. Ez naiz diruagatik mugitzen, baina egia da futbolagatik eta futbolerako bizi naizela. Parisen horretarako nago, ez nago beste ezertarako. Norberaren zaletasunetik bizitzeko aukera izatea uste dut pribilegioa dela eta gutxi batzuok daukagula. Orain, gainera, ikusten da profesionalizaziorako momentu horretan gaudela, hor ere bidea egin nahi dut eta uste dut lortu dudala.

Estatu frantsesean nola dago egoera?

Kluba profesionala da, baina liga bera amateurra da. Azkenaldi honetan, birusarekin, profesional gisa tratatu gaituzte (astero egiten diete PCR testa), baina berez amateurra da eta borroka horretan mugitzen ari dira hango sindikatuak. Pena da. Partida guztiak telebistaz ematen dituzte, baina ematen den maila ezin da ona izan zure lanean zortzi ordu pasatu ondoren entrenatzera bazoaz. Ni badakit toki pribilegiatu batean nagoela, baina nire egoera ez da guztien egoera.

Han badaukazue hitzarmenik?

Ez dago, mugitzen ari dira. Hitzarmena sinatu nahi dute. Uste dut hemengoa (Espainiako ligakoa) oso garrantzitsua izan zela han arrazoi gehiago emateko. Gauza batzuetarako aurretik goaz, baina kasu honetan ez daukagu hitzarmenik.

Koronabirusaren egoera aipatu duzu. Zu profesionala izanda, ekonomikoki nabaritu duzu?

Lehenengo konfinamenduan kluba sartu zen enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente antzeko batean, soldata jaitsi ziguten. Hortik aurrera, hasi ginenetik, ondo joan da eta mutilen ligarekin batera jarraitu dugu aurrera. Beste kirol batzuk, kategoria batzuk, gelditu egin dira. Gu burbuila antzeko batean gaude.

Mutilak bezala tratatzen zaituztetela aipatuta, udan oihartzun handiko adierazpen batzuk egin zenituen Championsen VARa ez erabiltzeko erabakiaren inguruan.

Kasu honetan hitz egin nuen, zeren askotan pasa izan da eta uste dut norbaitek hitz egin behar zuela. Agian ez zen momentu egokia izan, zeren jendeak pentsa dezake horregatik galdu genuela eta ez zen hala izan. Baina gauza horiek esan egin behar dira. Nik uste dut momentu horretan ez zegoela aitzakiarik VAR sistema ez edukitzeko. Sistema instalatua dagoen estadio batean zaude eta detaile horiek epailea lagundu dezakete eta zure lana errespetatu. Horrelako txapelketa batean laguntza horiek egon behar dira eta denontzat izan behar da.

Diskriminazioa da?

Bai, ez dago aitzakiarik ez erabiltzeko. Eta zergatik ez zen jarri? Neskak garelako, argi eta garbi. Eta esan egin behar da.

San Mamesen eta Anoetan jokatu zenuen. Publikorik gabe.

Bai, egia da berezia izan zela, baina arraroa, zaila… Familia ikusi nuen urrutitik, kontakturik izan gabe… Banekien gertu zeudela. Anoeta eta San Mames zaharretan jokatuta nago. Etxeko estadioetan jokatzea ikaragarria da.

Anoetan irabazi eta San Mamesen galdu egin zenuen. Orain Championsen aurrera egin duzue Gornik Leczna-ren aurka (8-1). Beste final batera iristeko bezala zaudete?

Hori da helburua, beti; baina talde guztiek hori nahi dute, horretarako fitxatzen dute. Egia da taldea ondo dagoela eta ondo egin dugula lan. Oraindik denboraldi erdi geratzen da eta zorte puntu hori ere behar da, edo bilatu egin behar da.

PSGk aldaketa asko egin ditu, gazte gehiago dago taldean. Lyonek baino gehiago begiratzen du harrobira?

(Momentu batez pentsakor geratu da) Antzera. Batzuk igotzen dira, baina fitxaketa asko daude.

Dena den, Formigak (43 urte) oraindik ere jarraitzen du. Martxa honetan guztiak erretiratuko ditu.

Bai, baietz uste dut. Urtero esaten du utziko duela baina… eta onena da.

Zure ametsetako hamaikakoan egongo litzateke.

Bai, izugarrizko garbiketa zelai erdian. Niregana baloi erdiak iristen dira berak dena garbitzen duelako.

Uste duzu egunen batean Espainiako liga profesionala izango dela?

Irene Lozano ministroak esan zuen hurrengo urtean profesionalizatu egingo dela, baina ez da izena eramatea, horrek dakarren guztia bultzatzea baizik. Zeren oraindik ere dauden zelai txarretan jokatzen jarraitzen badute, alferrikakoa da. Bultzada bat eman behar zaio, jendeak sinistu egin behar du. Legea aspaldi zaharkituta dago eta hau aldatuta ez da bat-batean beste guztia aldatuko, baina baldintza minimo batzuk egongo dira eta horrek guztiak gorakada ekarriko du.

Frantzian partida guztiak ematen dituzte telebistaz. Horrelako kontratu bat ere berme bat da hobekuntzarako. Espainiako ligan guztia airean dago.

Izugarrizko nahastea da. Ez ditut gauza horiek kontrolatzen, baina egia da jende askok ikusten dituela partidak. Askotan nahi gabe, zapping egiten ari zara eta ateak irekitzen ditu. Garrantzitsua da. Orain, adibidez, nik Espainiako liga jarraitu nahi badut Twitter bidez jarraitu behar dut eta hori ez da normala Lehen Mailan egonda.

Bestalde, zer iruditzen zaizu Konpentsazio Zerrenda klausula?

Uste dut klubak babestu egin behar direla, baina ez zait normala iruditzen Damarisek [Egurrola] edo Onak [Batlle] kanpora joan behar izatea. Formatu zaituen kluba babestu egin behar da, baina horrelako dirutza ez da proportzionala daukaten soldatekin. Jokalaria ezin daiteke objektu gisa tratatu; kanpora joatera behartu. Jokalaria da inportanteena eta lagundu egin behar zaio. Ez da ona ez jokalariarentzat ez ligarentzat.