7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Biharko eskerrak


Biharko egunaren bezpera-begiradatik, eskerrak emateko urratu nahi dut orrialde hau. Feminismoak nire bizitza nola irauli duen gero eta kontzienteago naizen une honetan, esker ona ateratzen zait gorputz-atal guztietatik. Feminismoak lagundu dit nire bizitza berrirakurtzen. Feminismoak nire amaren eta amonen bizitzak berrirakurtzen; feminismoak, bidea zabaldu diguten emakumeei aitortza mental eta erraietarikoa egiten. Feminismoak elikatu dit iragana eta etorkizuna berrirakurtzeko ardura eta interesa, interes bitala. Nire hutsune askoren egiturazko sustraia ezagutu dut, nire beldur askoren ereite esparruetara bisita egin dut, nire amorruari abizenak jartzen ikasi dut eta nire pozak gutxiagotan eskatzen du orain agertzeko baimena. Esker on infinitua sentitzen dut bidelagun ditudan konplizeekiko, epaitu gabe ondoan egoten asmatzen duten horiekiko bereziki, galdetzeko unea denean galdetzen asmatzen dutenekikoa, oraindik erantzun ezin ditudanak galdetzen ez dizkidatenekikoa.

Ahots gozoz esana aintzat hartzen ez den esparruetan ahotsa konplexurik gabe zurruntzen ikasi dut, esertzean aulki osoa erabiltzen, existitzeagatik barkamena gutxiagotan eskatzen eta oniritziari balio txikiagoa ematen. Senarekin berradiskidetzen, pixkana. Gehiago miresten ditut lehendik miresten nituen zenbait pertsona. Urrunago edo erabat urrun sentitzen ditut miresten eta maite nituen beste hainbat eta susmoa daukat lehenago urrundu behar nituela, baina berandu denean ere ez da beranduegi, kasu hauetan. Galdu ditut lagunak bidean, baina konbikzioak mina leundu dit. Lagun berriak eman dizkidan ez dakit, baina badakit neuzkanekiko lotura askatu, egurastu eta hobetu didala. Ahulago egin nauen eskala berean egin nau kementsuago. Seguruagoa bezain autokritikoagoa naiz orain.

Pertsonala politikoa delako eta bizitzak zentzua kolektiboan hartzen duelako, eskertu egiten dut feminismoak kokatzen nauen lekuan egotea eta leku horretatik etengabe kokatzeko ahalegina egiteko eskatzea. Ez erraza edo atsegina delako, ez nire buruarekin hobeto sentiarazten nauelako, nire buruarekin eta gorputzarekin adosago egoten laguntzen didalako baizik. Nire gorputza kabitzen den eremuetan gorputz guztiak kabi daitezen borroka egiten duelako, borroka egin nahi dudalako. Borroka egin eta borroka moduak zaindu.

Feminismoari eskertzeko asko daukadala sentitzen dut, nire bizitzaren jabeago izaten lagundu baitit, nire eta besteen erabakimenean sinesten, nire lanari balioa ematen, besteenari balio handiagoa ikusten; lehiatu gabe gozatzen. Esgintze mentalak bizitzen laguntzen dit eta bihurritu horietatik sendatzen ikasi behar izaten dut. Gustuko dut hor egon behar izatea, zalantzan; zalantzan egotea denbora galtzea ez dela gogoratzeko gai naizen leku horretan. Nekeak neke, gustatu egiten zait. Gurasotasuna begiratzeko talaiarik ez ematea ere eskertzen diot feminismoari. Lur lau eta zabal bat eskaintzea, non, zer, zenbat eta nola erein hautatzeko lautada bat eskura jartzea. Nire modura ere posible dela sentiaraztea. Ezinari, amorruari, erruduntasunari eta lotsari eusteko itzal-kideak izatea eskertzen diot. Eta tarteka, zorionez, ez hori bakarrik, poza ere eskertzen diot, indar partekatu horren kontzientziaren patxadak ematen didan poza eta arnasa.