Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Iritzia

Ahoskerak

Belarra biltzen gustura ikusiko lukeela esan zion, ironia burlatiz. Arreba txikiak erantzun, berak ere gustura ikusiko lukeela arropa zabaltzen. Eta hortik etorri zen apustua. Hori izan zen «matxista» esan zioten lehen aldia. Eta, berak, herraz, bera feminista zela erantzun omen zion. Orduan, duela lau bat hamarkada, askoren buruan matxista eta feminista maila berekoak ziren, «batzuek gizonen nagusitasuna nahi dute eta, besteek, emakumeena». Zeinek zein zapalduko. Tamalez, oraindik ere astean zazpi egunetan feminismoak zer diren esplikatzen aritu behar izaten dugu. Zein harro kontatzen duen apustua berak irabazi zuela, nahiz eta geroztik ez duen sekula santan arroparik zabaldu.

Umetan askotan entzun dudan pasadizoa da, familia bazkari zaratatsu eta jendetsuetan. Betidanik arreta ematen zidan gizon hark «matxista» eta «feminista» hitzak nola ahoskatzen zituen. Diferente. Bata gozo samar, bestea amorratuta. Zergatik oso garbi jakin gabe, estutasuna sortzen zidaten gizon haren iritzi ozenek. «Patxaran gehiegi edan du», esaten zuen amonak.

Gogoan daukat begiko marra beltza lehenengoz margotu nuen eguna. Hamabost-hamasei urte izango nituen. Kuadrillarengana iritsi eta lagun batek –gizonezkoa eta nire adin berekoa– «gehiegi» margotu nintzela esan zidan. Zartakoa sentitu nuen, batez ere nik ez niolako inori iritzirik eskatu. Umetako familia bazkaritara etortzen zen gizon haren ahots tonu bera sumatu nion, nagusitasun mingarri hori. «Matxista bat zara», esan nion. Lehendabiziko aldia zen lagun bati halakorik esaten niona. Larri samar esan nion, baina esan orduko arnasa baretu eta gogorrago sentitu nintzen, ez hain hauskor sikiera. Ika-mika txiki bat izan genuen, baina konpondu ginen. Biok ikasi genuen zerbait eztabaida hartatik.

Emakume gehienok badugu asko garatutako radar bat: matxista bat urrutira usaintzeko zorroztasuna. «Oso azkar ustekoa zara, neskato» esaten duen lankidea; «gona horrekin hotza hartuko duzu» esaten duen laguna; «a zer piurak dituen, emazteak uztea ere» esaten duen izeba; «non dago ume horien ama?» esaten duen amona. Bai, emakumeak ere bagara matxistak, nahi baino gehiago eta mingarriago.

Baina gauzak zer diren, «feminismoak» –tira, feminismo klase batek– izen txarra galdu duela iruditzen zait. Orain, denak feminista, ez emakume bibotedun, itsusi, zakar, gizonen aurkariak bakarrik. Eta «matxista» etiketak zama hartu du.

Pentsa, aurrekoan topatu nintzen patxaranak kalte egiten dion familiako gizonezko harekin. Zahartu egin da. Kafe baten bueltan, telebista saio batez ari ginela, «hori matxista hutsa da» esan zidan. Eta ahoskatzeko modua aldatu duela konturatu nintzen.