Denborak
Egunak zehazteko nahiaz ari garen denbora honetan, urteurrenaz ari gara komunikabideetan. Urtebete daramagu ezagutu dugun lehenengo pandemia pairatzen. Urtea diogu, momentuz, jakin ez baitakigu zenbat denborarako etorri den. Askok, hain zuzen ere, horixe galdetzen dute, zenbat denborarako izango den, egunak eta orduak minak neurtzeko termometroa balira bezala. Denborak zauriak sendatuko dituela esaten digute. Denborak, berriz, ez du inoren hutsunea beteko, pertsona, denbora bera bezala, ordezkaezina baita. Urtebete esaten digute eta bizitza osoa dirudi. Denboraren efektua nolakoa den, hain luze eta horren azkar sentitzeko. Zein ezberdina den han edo hemen, niretzat, zuretzat ala bazterreko beste harentzat. Zahar-etxean dagoenarentzat, etxean zain denarentzat, ospitalean lanean edota edozein lanen beharra duenarentzat. Eta jarraitzen dugu denbora neurtzeko obsesioarekin, edonon agertzen zaizkigu erlojuak eta egutegiak, denak berdina markatzen, eta denontzat ezberdin. Denbora bateratzeko irizpidea behar dugu, denborak ere nolabaiteko hizkuntza baitirudi, baina elkar ulertu ezinik gabiltza, denborak eta denborek janda.
Askotan gelditu nahi den zerbait ere bada denbora. Tira, askotan baina gutxitan: ezin hobeto gauden denbora horretan geratu nahiko genuke denbora. Baina handiegia egiten dugu denbora eta lar magnifikatzen dugu. Horrek ere logikatik kanpoko desio handia izatera garamatza, zer eta zientzia fikzioan bezala, denboran atzera egiteko ametsa. Eta horrela, asmakeriatan joaten zaigun denbora. Oso erraz galdu eta ez hain erraz aprobetxatzen den hori ere bada gure denbora. Gure. Jabetzaz diogu “gure”, halaxe delako, bakoitzak badituelako bereak diren denborak. Zer da gure denbora ez bada lanari eta kapitalari gaizki saltzen diegun hori ere. Denborak, batzuetan, bidea ere badirudi. Bideek, ordea, joan-etorriak dituzte, eta denborak ez du atzera bueltarik. Urte hau pasata, denbora ez da sekula izandakoa izango, eta bizitako bidea ez da berriz lehengo bera izango.
Urte madarikatu honen ostean ezer ez da berdina izango. Denbora bera ere beste modu batera bizi beharko dugu. Agian, hortxe dago denboraz gozatzeko aukera: denborari neurria hartzeari utzi, denbora bizitzen hasi eta desikasi. Izan ere, geratzen zaigun gauza bakarra da denbora. Egia bakarra da gure denbora. Bideekin egin bezala, bizi daiteke aldapan gora edo maldan behera; gure bizitzako denbora erortzen utzi edota, bestela, denboran geure bizitzari eutsi. Gora zein behera joan, eutsi, nahi eta nahi ez aurrera joango delako denbora, badoazelako denborak.