7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Asaldatzeko gaitasuna


Mendira joan zen lanera. Erlauntz bat topatu zuen eta, konturatzerako, gogor eraso zioten erleek. Hamar egun eman zituen ohean, larri. Ba omen zuen ukuiluan bera bezain kaskagogorra zen astoa. Goitik behera bere burua babestu eta astoarekin bueltatu zen erlauntza zegoen ingurura, erleek eraso ziezaioten. Estrategia horixe okurritu zitzaion astoa otzantzeko. Baina astoak azala dezente gogorragoa izan eta ez zen mugitu ere egiten erleen ziztadekin. Horixe kontatzen zien beti bilobei, bere astoaren antzera badela azal gogorreko jende ugari munduan.

“Non dago Mikel” dokumentala ikustetik atera gara. Isiltasuna. Mikel Zabalzaren kasua hain da mingarria. «Hori euskal herritar askori gertatu zaio».

Dokumentaleko ertz asko iltzatu zaizkit sabelean; Mikelen ama Garbiñe Garateren hitzen argitasuna, Idoia Aierberen –Mikelen bidelaguna– irmotasuna eta tristura, injustiziaren aurrean herriaren altxatzeko kemena eta beharra. Atentzioa eman dit, era berean, adin ertaineko zenbat emakume agertzen diren manifestazioen lehen lerroan, poliziari gizatasuna exijitzen, beren gona eta andre zapatekin. Duintasuna.

Asteburu berean ikusi dut beste dokumental bat, Nevenka Fernandezen kasua jasotzen duena. Duela 20 urte, Ponferradako zinegotzi zela, bere alderdikoa zen alkateak modu nazkagarrian jazarri zuen. Estatu espainolean jazarpen sexualagatik epaitegietan zigortutako lehen politikaria izan zen Ismael Alvarez. «Hori emakume askori gertatu zaio».

Tristea da, baina salbuespena ez dena normaltzeko joera daukagu, minari izen-abizenak kentzekoa, min guztiak pila batean jarri eta pixka bat urrutiraxeago begiratzekoa.

Milaka euskal herritar torturatu dituztenez, milakatan hitz egiten dugu, ñabardurarik gabe, minari koskak limatzen. Bestela jasanezina litzateke, ezingo genuke arnasa hartu.

Milaka emakumeri eraso egin eta bortxatu dituztenez, milakatan hitz egiten dugu, baten orbana bestearen orbanarekin tapatuz, detailerik gabe, mordoxkan jarri eta gainetik brotxa morearekin margotuz. Bestela jasanezina litzateke, ezingo genuke arnasa hartu.

Bere astoa bezain kaskagogorra zen aitona hari esango nioke izango dela jaiotzez azala gogorra duenik, astoa bezala. Baina badela bizitzaren joan-etorrian azala gogortu zaionik, ziztadaz ziztada. Batzuetan beharrezkoa da azala gogortzea, bestela bizitzeak berak min gehiegi egiten du. Baina jendarte bezala ez genuke azala gehiegi gogortu behar, ez genuke asaldatzeko gaitasuna galdu behar, injustiziak milaka izan arren, sumindu eta zutitu egin beharko genuke. Eta ez dakit ez ote garen gero eta gutxiago asaldatzen...