Maitasuna baino gehiago da
LGTBIQ eskubideez hitz egiten denean, beren burua progretzat duten askok maitatzeko moduen gaineko arrazoiak direla diote, goxoki eta dirdiratsu pentsatzen dutelakoan. Horrela defendatu zuten Europako Parlamentuan kontinente zahar komertzialean LGTBIQ pertsonentzako eremu askea izateko proposamena. Duela aste pare bat, 2021eko neguan, gertatu da, kontrako botoak tarteko, eta ez gutxi, gainera. XXI. mendean zer eta oinarrizko eskubideak horrela planteatzea luma erori eta edonori iltzatzeko moduko kontua da, Mari. Hau ikara. Ikusi besterik ez dago Polonia eta Hungaria bezalako tokietan jasaten ari direna. Gure artean ere, askok ikusi nahi ez badu ere, ez da makala LTGBIfobia. 2021ean halako erabakiak hartzen ibiltzeak benetako distopia dirudi. Baina erreala da. Eta okerrena da erabaki hau ez dela legislatiboa, ez dela juridikoa. Gomendio buenrrolleroa da, ez bolleroa. Pertsonak aske izatea bete beharreko araua izan beharrean, gomendio bihurtu dute. Berezko defentsarik beharko ez lukeen ebidentzia aurrera ateratzeko argudio bila, zenbait politikarik topikoa errepikatzen dute behin eta berriz oraindik ere: pertsonok nahi bezala maitatzeko eskubidea dugula. Errepikakorra bezain atzerakoia da maitasunaren motibazio ponpoxoa. Maitasuna izan izan daiteke, nola ez, baina askoz gehiago da. Maitasuna izatekotan, norbere buruaren gaineko maitasuna izango da, lehenik eta behin. Pertsona horrek ikusiko du, edo sentituko, beste norbait edo beste asko maitatzeko nahirik, gogorik edo beharrik duen. Maitasunari ezinbesteko duen baliorik ez diot kendu nahi, baina iruditzen zait batzuetan, maitasuna aitzakia edo arrazoi gisa hartuta, eskubideak fribolizatu egiten direla, edo beharbada, infantilizatu.
Espainian trans legearekin bueltaka dabiltza. Izatea ukatzen da: zer-nor-nola izateko askatasunari beldurra diote. Funtsean, trans pertsonek eskatzen dutena hori besterik ez baita, nor, zer eta nola diren erabakitzeko eskubidea, hori bezain sinplea. Hori bezain zaila gaur egungo giza moldeetan. Ez dut uste trans ume bat maitasun kontu edo harreman afektiboetan pentsatzen ari denik, bere buruarekiko maitasunean ez bada, pertsonaren duintasunean, izaeran eta sentitzen duen identitatean.
Duela gutxi gaian aditu diren bi kiderekin honen guztiaren gaineko solasaldia izan nuen. Galdetu nien ea jendarte honek, gureak, gizarte ez binarista bat onartzeko gaitasunik ote duen, horretarako heldutasuna lortu ote dugun. Biek irmo ezetz, asko falta dela, oso urrun gaudela. Eta, zoritxarrez, behin eta berriz ikusten dugu hori. Izan ere, Europako Parlamentuan hartutako erabaki horretan ustezko errespetuzko hitzekin ari diren bitartean, zenbait kazetari, politikari edota kaleko edonori, buelta eman, eta ze erraz ateratzen zaizkien keinu transfobo eta homofoboak. Zein onartuak diren horiek guztiak, gainera. Oso ohikoak dira egunero, edonon. Aurre egin nahi bazaie, gauzak estuegi hartzen dituzula entzun beharra, edo bestela, sentsibleegia zarela zu, jakina. Sentsiblea, noski, hainbeste maitatzeagatik izango da, haien ustetan. Baina amorrua eta gorrotoa ere sakon errotuta ditu bere eskubideak irainduta sentitzen dituenak.
Askori komeni zaio oraindik ere, mende honetan, dena ipuinetara mugatzea. LGTBIQ pertsonen eskubideak maitasun kontua dira, ipuinetako kontua; ez dira legea, ez dira eskubide. Beharbada, printze arrosen arteko amodioaz, printzesa urdinen afektuaz eta generobako apoen arteko kontuak maitasunera mugatzea hobeto datorkie. Ipuin hutsaletan galduko gara horrela denak. Edo bestela telebistako kulebroi gisa aurkezten dira, familia ez tradizionalak, benetakoak eta errealak beharrean.