Transexualitatea: gorputzen gaindiko identitateak
Transexualitate lege berria Espainiako Kongresuan ari da eztabaidatzen, egoera berean dauden Estatu osoko pertsonen eskubideak bermatze aldera. Gizarteak, ordea, ibilbide luzea du jorratzeko aurretik kolektibo honekiko trataera, dialektika eta egunerokoa oztopoz jositako bidea izan ez dadin. Zer da, baina, beraiek pentsatzen dutena? Nolakoa da haien bizitza? Legezko ikuskeraz harago, bizipen pertsonalak haztatzera ere badator erreportaje hau, gizarteak behar lukeen norabidea argitzeko asmoarekin.
Aitzole Araneta, Donostia, 1982. Beñat Larzabal, Hondarribia, 2005. Zer esango zenuke, irakurle, bi izenok irakurrita? Nahigabean, inkontzienteak hala lagunduta, analisi automatikoari helduko zenioke, nahigabean, hots, izen-abizenez soilik gidatuta, emakume eta gizonezko bati buruz ari garela baieztatzeko. Baieztapen hutsala, ordea, aurreko orrialdera jo eta erreportaje hau zabaltzen duen irudian bi emakume (puska) ikusten dituzula jabetzen zarenean.
Gizarte baten parte izanagatik, gizarte horrek zurrunki aurreezarritako arau eta idatzi gabeko legeetara mugatzen gara. Baita lerrook sinatzen ditugun bi kazetariok ere, besteok bezalatsu, gizartearen parte izanagatik, geure begien errorearen jabe egin bagaitu Aitzole eta Beñatekin izandako elkarrizketak, gure begion aurrean bi emakume ikusi arren, zenbatezinak direlako dialektika ustez ohiko baina benetan ez hain zuzenak sortzen dituen arrakalak. Aldez aurretik gaizki esanak barkatu eta ondo esanak kontuan hartu. Jar gaitezen, hortaz, haien identitatea defendatzeko gainontzekoon begirada aldarazten duten bi pertsonon aurrean.
Aitzole Aranetak badu izenik euskal gizartean. Ahal Dugu alderdiko politikari izateaz gain, sexologiaren alorrean eta berdintasun teknikari gisa egindako lanak eman du ezagutzera jendaurrera. Beñat Larzabalen kasuak ez du zerikusirik. Hamasei urteko nerabea da, bizitzaren lehen pausoetan bidea jorratzen hasi den emakumea. Bai, Beñat du izena eta emakumea da. Transexualitatearen eremura gerturatu gara, Espainiako Kongresuan eztabaidatzen ari den lege berria aitzakia hartuta. Orrialde batzuk geroago aztertuko dira xehetasun tekniko eta akademikoak. Baina hemen, mamira, harira, legeen aurretik, legeen gainetik baitaude beren identitateak aldarrikatzen dituztenen bizitzak, pertsonen izateak.
Belaunaldi desberdinetako gizabanakoak dira Aitzole eta Beñat, baina oinarrizko ideietan ez da aldaketa nabarmenik antzematen. Eta NAIZek Kursaalen duen egoitzan egindako elkarrizketan zehar formulatutako galderekin kritiko agertzeko aitzakiak itsasora jaurti dituzte aurretiaz egindako argazki saioan. Gauzak ongi esan behar dira, eta horretarako pedagogia garrantzitsua da. Haiek, gaur, gure irakasle. Sexu aldaketa? Ez. Terminologia da aldatu beharrekoa, baita gainontzekoon mundu ikuskera bera ere. «Nik esango nuke ez dugula aldaketarik egiten. Aldaketa besteek egiten dute. Ez dakit ados egongo zaren, Beñat? Gu beti izan gara izan garenak, gertatzen dena da gure bizitzan momentu batera arte gainontzekoek ez gaituztela ikusi jada ginen horiek bezala», dio Aranetak.
Narratibaren okertasunean egin du geldialdia, gizarteak transexualitate egoeran daudenekiko erabiltzen duen hitzen metodologian, generoen dikotomia ohikotik aldentzen den ororengana zuzentzeko erabiltzen den dialektikan. Beraiek emakumeak dira, baina betidanik da hura haien identitatea, eta besteok ukatu izan genien izan nahi zutena, kanon batzuetara egokitzeko beharraren aitzakiapean. «Nola gu ez garen dikotomia horretan sartzen, jendeak behar du esan sexu aldaketa bat dagoela, ez dagoenean. Zeren gu beti izan gara garen sexu horretakoak, gainera hori aldarrikatzen dugu denbora guztian. Tokatzen zaigu beste pertsona batzuek pasatzen ez dituzten zailtasunak pasatzea, baina hori hala izanik ere, beti esaten dugu garen hori dagoeneko bagarela eta ez dugula gehiago egin behar garen hori izateko».
Ukazioaren aztarna. Aitzole Aranetak dio hitz egiten ikasi zuen momentutik aldarrikatu izan duela beti bere emakume identitatea. Aitzol izenarekin eta gizartearen gainontzeko ororentzat mutil gisa jaio zen, Donostian. Hasieratik, ukazioa jaso zuen, ordea. «Mutila nintzela esaten zidaten, pitilina nuelako». Eta bere hitz egiteko era aldatzen hasi zen orduan. «Ez nuen esaten neska bat nintzela, baina pentsatzen nuen, neskak baldin badira alua dutenak, orduan neska nahi dut izan. Baina ez alua izan nahi nuelako, neska izan nahi nuelako baizik». Harreman sozialetan, gizartearekiko erlazioetan, benetako emakume bat ikusten ez zuten begirada horien aurrean sortzen zitzaizkion zauriak Aranetari. Bereziki nerabezaroan. «Esango nuke momentu batzuetan gaizki egon banaiz, adibidez nerabezaroan, izan dela besteek ez nautelako ikusi ni naizen bezala. Azkenean zu garatzeak, zure bizitzan aurrera joateak eta denbora guztian zu zaren hori ukatua izateak, suposatzen du gizartean dauden gainontzeko pertsonek ez dutela horretan pentsatu ere egin behar eta oso oinarrizko gauza batekin eta gure bizitzako arlo guztietan eragina daukan zerbaitekin borrokan ari garela. Baina borroka hori ez da gurea. Borroka hori gertatzen da besteek ez gaituztelako garen bezala ikusten».
Nerabezaro betean dago Beñat. Ikaslea. Hondarribiarra. Baina bere haurtzaroaz mintzatu da lehenengo. «Txikia nintzenean pentsatzen nuen neskak jaiotzen zirenean mutil bihurtzen zirela etorkizun batean eta alderantziz. Eta amari esaten nion 4-5 urte nituenean: ‘Ama, handitzen naizenean neska izango naiz’. Azkenean hor geratu zen gaia. Baina gero ez nintzen ondo sentitzen, ez nekien zer gertatzen zen. Nerabezaroan, aldatzen hasi nintzenean, hamabi bat urterekin, orduan jabetu nintzen definitiboki». Ahalduntze momentu hartatik familiaren, lagunen eta hezkuntza alorraren babesa izan duela onartu du Beñatek, baina hezkuntza sistemaren hutsuneak agerian geratzen dira maiz halako kasuetan. «Nerabea zaren arte ez dute sexu hezkuntzarik eskaintzen. Ez dute esaten aukera hau badagoela. Niri behintzat ez zidaten esan. Uste dut egoera hauek gehiago erakutsi beharko lituzketela eta pixka bat gehiago zabaldu».
Aitzolek egin du itauna: Zure kasuan, eskolan jakin dutenean, nola landu dute gaia? Behin fisikoki norbait badutela, nola izan da?
Beñatek, erantzuna: Jendeak bazekien zerbait gai honi buruz. Esan nuenean, nire tutorea eta beste irakasle batzuk hasi ziren hitz egiten gaiari buruz. Naizen elkartera deitu zuten informazio eske eta formakuntza jaso zuten, ez zeukatelako formakuntzarik gai honen inguruan. Sexu hezkuntza eskaintzen dute, baina gai honi buruz ez dute hitz egiten.
Aitzole: Eta zein motatako sexu hezkuntza eman dizuete?
Beñat: Bada, betikoa. Dauden generoak…
Aitzole: Platanoa, kondoia, antisorgailuak, haurdunaldia eta genitalen bidezko gaixotasunak?
Beñat: Bai.
Aitzole: Nik esango nuke hori dela genitalen hezkuntza edo genitalei loturiko praktiken beldurren aurkako hezkuntza. Sexuen hezkuntza ez behintzat. Haur txiki bati azaldu ahal zaizkio neska eta mutil izateko era desberdin pila bat, eta horretarako ez da behar kondoi bat edo platano bat.
Zergatik zara neska? Gizartean aurrez ezarritako arauak, arau tradizionalak, oraintsu arte zurrunak izan dira. Neska da alua duena; mutila da hankartean zakila daukana. Sexu identitateak kartzelatzen dituzten genero estereotipoen dikotomiak, genitalen ezaugarriak soilik kontuan hartzen dituzten lege mugatuak, identitatearen, izanaren ukaziorako diseinatuak. Edo bat, edo bestea, eta, bestela, egurra. Egurra, aldatu nahi duzun arau horren kontra egiten baduzu, paperetan, dokumentazio administratiboetan, sozializazioan ematen den gizarte lege horren aurka. Eta iturri beraren jariotik dator atzetik pedagogia faltak sortzen duen ezjakintasuna. «‘Zergatik zara neska?’ askotan egin izan didaten galdera bat da. Baina pentsatzen dut: Norbaitek pertsona horri galdetu dio noizbait zergatik den neska edo zergatik den mutila? Segur aski ez, baina ez du justifikatu behar. Baina gure kasuan bai. Nire kasuan egon behar izan naiz nire bizitzako denbora luze batean justifikatzen nor naizen. Ez aktore edo abokatu nahi dudan izan, baizik nor naizen. Oso oinarrizko gauza bat. Gainontzekoek ez dute hori ulertzen eta agian zaila da enpatizatzea, zeren niri galdetzen badidate zergatik naizen neska, ba ez dakit, badakit neska naizela. Mutila ezin izan dudalako inoiz izan. Ezarri didate mutila izateko programa oso indartsuki eta ezin izan dut izan. Ez dakit zergatik naizen neska, baina oso argi daukat mutila ez naizela».
Erreferentziak eta gorputzak. Egin atzera 90eko hamarkadara. Estatuko telebista kateetara. Gaueko saioetara. Egin atzera garai bertsuetara, edo atzeragora. Gogora ekarri herrian, auzoan, inguruan ikusi, ezagutu izan zenuten transexualik. Aitzole Aranetak txikitan telebistaren bestaldean ikusten zituen bi erreferentzia aipatu ditu. Bibi Andersen eta La Veneno. Zoriak txarki jota, transexualitateak konnotazio erabat negatiboa izan zuen ez hain aspaldiko garaietan, ikus-entzunezko merkeenekin, drogarekin, prostituzioarekin eta bizitza galtzera bideratutako pertsonen zaku berean. Haiek, ordea, ez zituzten haien izateak amildegitik behera erortzen utzi. Kasu hartan ere, gaur gertatzen den bezala, gizarteak ez zien ziren hura naturalki, normalki, izaten utzi. «Erreferente bakarra ziren, baina ez nuen haiek bezala bukatu nahi. Gaur egun diot ‘aupa beraiek’, horrela pentsatzen dut, baina ez nuen hori izan nahi, eta hori zen agertzen zen bakarra. Zaila zen beste zerbait izatea».
Zakildun emakumeak eta bulbadun gizonezkoak. Gorputzarekin borroka etengabean behar luketela izan pentsa daiteke, baina nork bere buruarekin, bere gorputzarekin izan dezakeen errespetuzko harremanean sakondu du Aranetak. «Jende askok esaten du: Bere gorputzarekin gaizki sentitzen da, edo operazio bat egin beharko du, edo hormonak hartu… Horiek dira aukera batzuk, jende batek hartzen dituenak, eta beste batzuek ez. Ez da mundu guztia sentitzen genitalekin gaizki. Eta uste dut oso garrantzitsua dela gure gorputzak maitatzen hasteko narratibak edo hizkuntzak erabiltzea».
Aitzole: Asko ematen dizute txapa horrekin?
Beñat: Egia esan bai, baina ez zait axola.